—1886 Urnieta—

 

Menditar baten kantua

 

Karmelo Etxegarai

 

              1

Urruti nere menditik

Joan nintzan dirutu nairik;

Urrutiyetan laster biotza

Naigabez erdibiturik,

Gelditu nintzan tristerik,

Pake santua galdurik.

 

              2

Nere biotza zegoen

Euskal-Erriyan pensatzen

Egun guztiyan, gaubaz oro-bat

Beti zitzaidan oroitzen,

Zer gozo nintzan bizitzen

Aurtxo nintzanean emen.

 

              3

Gogoan nuen etxea,

Gaztain artean gordea:

Mendiska baten agertutzen zan

Eleiza txukun maitea,

Bertako ezkil-dorrea,

Ainbat oroitzez betea.

 

              4

Arkitzen nuen guztiya,

Zan neretzat mingarriya,

Denak gogora ekartzen zidan

Mendiyan nuen biziya,

Ango pake naigarriya,

Ango zorion eztiya.

 

              5

O mendi biyotzekoa!

O nere kabitxuloa!

Zugan neretzat diz-diz eginik

Dago izate gozoa,

Ala nola intz-tantoa,

Apaindurikan ostoa.

 

              6

Txori bat bere kabiyan,

Dago pozez lertu naiyan,

Ala ni ere akitutzen naiz

Nagoenean mendiyan,

Gaztaina zarren azpiyan,

Aitonen jaio-tokiyan.

 

              7

Emen igande goizean,

Mezara ezkilak deitzean,

Zenbat oroitza gozagarrizko

Senti ditut biotzean!

A zer poza barrenean

Eleizarako bidean!

 

              8

Orduan egun-sentiyak

Argi zituen mendiyak,

Ezkil-soinuaz batera zuten

Gogoz kantatzen txoriyak,

Loreak, intzez bustiyak,

Zabaltzen zeuden orriyak.

 

              9

Dena zegoen ederrik,

Guztiya pozez beterik,

Intza, loreak, txoriyak, dena

Zoriona kantaturik,

Baina guztiyen gainetik,

Ni negoen atseginik.

 

              10

Ez naiz, ez, Jauna geiago,

Nere menditik joango,

Aitzurrak nere lagun dirala

Baserriyan naiz biziko,

Zuri eskerrak emango,

Pakez bete nazulako.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus