—1885 Sara—

 

Bizio bat herrietan da

 

An.

 

Airea: Aussitôt que la lumière, etc.

 

                    1

Bizio bat herrietan da zoriz hedatua,

Familen zorigaitzetan Satanek asmatua,

Lehen emaztea zuen sagar batez beretu,

Oraikoak llilluratzen edari onez ditu.

 

                    2

Iguzkiaren azpian zer gauza itsusia,

Balentzan nekhez dabilan emakume hordia,

Begia harro leki, biloa hartzitua,

Zaiak abian behiti, mihia loditua.

 

                    3

Halako amaren haurrak zer bilhaka ditezke?

Ahalke gabe neskatxak, mutikoak arlote,

Non ez diren muga dela ama ganik haztantzen,

Izurripetik bezala, sor-lekhutik urrutzen.

 

                    4

Zoin den kaltekor, otsoa ardi-bordan sarthua,

Bai-ta azeri gaiztoa oilotegiratua,

Areago da emazte edailea etxean,

Jauna bera sal lezake hark egarri denean.

 

                    5

Oi! Zenbat pipota husten den gure herrietan,

Emazteak dire omen bi herenentzat hetan,

Izari hori heientzat soberaxe da naski,

Hargatik ordiarentzat badohazke ausarki.

 

                    6

Hoinbertze emakumeak nondik duke egartsu?

Emasabel baforeak dakartza estakuru:

Ahiduraz itzaltzerat barnea dioako,

Agorient hurrupa bat zaio baitezpadako.

 

                    7

Askotan gizonak badu berak oben handia,

Emazteak balin badu edatera pendia,

Itzultzen zaio hordia, phesta merkatutarik,

Asteko artho-saria ostatuan utzirik.

 

                    8

Dohatsu gizona laite, andrea eta haurrak,

Arrosorioz balire xoilki hazi beharrak:

Nahi bezain diren tinki bateginak ezkontzaz,

Biak ez daitazke haz, batek iresten duenaz.

 

                    9

Jan eskasaz ilhundua emazteak zer egin?

Konkuilu maithe hura hartuko du berekin,

Ikhusten badu andrea nahasia edanak,

Askiko du egitea mea culpa gizonak.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus