—1885 Sara—

 

Mendigaineko Mariaren kofesioa Baigorriko xantreari

 

Piarres Ibarrart

 

Airea: Ikusten duzu goizean...

 

                1

Eskual-Herri ederrean,

Ait-Ama onen artean,

Haur bakharra naiz etxean.

Giristinoki naute altxatu

Artharik handienean,

Atxikiz bere menean,

Bethi erakuspenean,

Zuhurtziaren gainean.

 

                2

Haur xumea nintzelarik,

Ez omen nuen parerik,

Maithagarriago zenik.

Bainan urguilu ondikozkoan

Nere gogoa emanik,

Ez ginuen zorionik;

Ez bainuen maite lanik,

Ez burhasoen erranik.

 

                3

Jarri nintzan hanpatua,

Soinekoz aberastua,

Nere buruaz hartua.

Altxa-lilia udan bezala

Nora nahi airatua,

Maite nuen deskantsua,

Bestak eta merkatua,

Hori zen ene gostua.

 

                4

Lore bat nintzan bixtako,

Eder jauregi bateko.

Aberatsen herrunkako,

Iphurdi faltsu zaia bilduan,

Sorthua nintzan orduko,

Ezin phara belhauniko,

Gutiago kokoriko,

Gisa nindagon mendiko.

 

                5

Aberats bat zen ohartu,

Niri begira gelditu.

Eta lagunei mintzatu:

"Mendigaineko Maria zauku

Gu bezalaxe beztitu,

Nork ezaguturen gaitu,

Aberats garela sorthu,

Zer behar dugu phentsatu!"

 

                6

Bestetan nintzan ernia,

Lan egunetan nagia,

Ohatzean egoilia.

Amattok oihu egina gatik:

"Hots! jeiki hadi, Maria".

Lo nindagon alegia,

Ezin argituz begia,

Zer etxe altxagarria!

 

                7

Jeiki ondoan deskantsuz,

Bethi mirail bati buruz.

Bilhoak ezin aphainduz.

Gero urhatsa nuen ikhasten

Gibela firurikatuz,

Gerria mehe trinkatuz,

Hatsik ere ezin hartuz,

Bethi nindohan mendratuz.

 

                8

Zentzuz erromes bainintzen,

Guti nuen ezagutzen

Ongia nondik heldu zen,

Uste bainuen lumaren gatik

Zutela xoria hartzen.

Hortaz nintzen enganatzen,

Nehork etzautan behatzen,

Ni idurikoek baizen.

 

                9

Noizbait ama abiatu,

Behar nintzala sanjatu,

Nik ongia gaizki hartu.

Ba, bainan aita hasten denean,

Galtzak soinean baititu,

Harek ninduen izitu,

Bortxaz nuen obeditu,

Gero ez zaut urrikitu.

 

                10

Ordutik naiz kanbiatu,

Bizitze berri bat hartu

Maithagarri bilhakatu.

Lohirat zohan lili ederra,

Aldaxketan da gelditu,

Niri hala zaut gerthatu,

Ait'amek naute salbatu,

Eskerrak deiztet bihurtu.

 

                11

Mendietara zelhaitik,

Garazir'Amikuzetik,

Zuberora Laphurditik,

Urguiluaren arbola zauku

Hedatu denen gainetik.

Aski handi da ingoitik,

Pika dezagun errotik,

Bethikotz Eskual-Herritik.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus