—1884 Sara—

 

Gizon buriophetsu eta sineste gabe baten bizia eta heriotzea

 

Haramboure, Ziburukoa

 

                      1

Munduak badu egun espantua franko,

Xitxipitxi enetzat gaizki mintzatzeko;

Hitz bat erran behar dut ene garbitzeko,

Zauri txarrak ditudan denek jujatzeko.

 

                      2

Asmu handiak ditut gaindiz duazenak,

Alaber hitz guziak xuri xurienak,

Urratsak ere segur bethi zuzenenak,

Notarik gabekoak ene obra denak.

 

                      3

Tronu bathean nago gora altxatua,

Ez naute ikusiko nihoiz aphaldua,

Ene botherea da urrun hedatua,

Bakotxak kentzen deraut bere gaphelua.

 

                      4

Belauniko lurrean ez naiz ni ematen,

Ni baino goragorik ez dut adoratzen,

Erran zahar guziez aise naiz trufatzen,

Ni naiz eta ni baizik ez dut ezagutzen.

 

                      5

Beltzak eta xuriak dauzkat ikaretan,

Bengantza, gastiguak ditut eskuetan,

Handi edo ttikiek ene aldaketan,

Aphal kurritzen dute oren guzietan.

 

                      6

Erromesaren ona hitzez dut bilatzen,

Ematen dudan baino gehiago agintzen;

Zenbat gizon ez dut nik hola enganatzen,

Ene alderat nihoiz ez naiz ni trunpatzen.

 

                      7

Abilenetarik naiz hartzekoen biltzeko,

Axolarik gabea zorren pagatzeko,

Gastosa konpanian alferra laneko,

Zer nahi egiten dut aise bizitzeko.

 

                      8

Ungi jan hobeki lo daramat bizia

Nahiz iresten dudan ebatsi ogia,

Hemen erran behar dut garbiki egia,

Hauzoko erroak du ene jelosia.

 

                      9

Arrosa hixtuenak naute inguratzen,

Julufrai argailenak nik ditut maitatzen,

Horrela bizitzea ez naiz ahalkatzen,

Munduthiarrek naute goraki laudatzen.

 

                      10

Atsein likitsak dire ene berthuteak,

Hola pasatzen ditut aiseki urtheak,

Orai hanitzak gare sineste gabeak,

Tzarrak izanen dire gure haur gazteak.

 

                      11

Ehun urthe bainitu hemen bizitzeko,

Har nezake oraino atsein tzarra franko,

Bainan herioa zait lasther ethorriko,

Sortzeari hiltzeaz zorra pagatzeko.

 

                      12

Lahar hori bakotxak dakarke ondotik,

Orhoitzapen latzena ezin ken burutik,

Espantuka haiturik bainua mundutik,

Nere buriopeak arras itsuturik.

 

                      13

Nola bizi hala hil da errankizuna,

Zorigaitzean ez da segur zoriona,

Bide makurrenetan maiz dabil gizona,

Besarkaturik tzarra ustez duen ona.

 

                      14

Ethorkizun bat baden nahi nuke jakin,

Norbeit heldu balitzait berri segurekin,

Bainan nik zer bildu dut egin gaizkiekin,

Bestiaki hiltzen naiz sineste tzarrekin.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus