—1883 Markina—

 

Eskuara eta eskual herria maitha

 

Martin Hazpandarra

 

                        1

Eskualdun espainoler frantses eskualdunak

Gaude oihuz erranez: egun-on, lagunak!

Gare oro anaiak eta bihotzdunak,

Izana gatik atze edo ezagunak,

Elgar ongi maithatu nahiko dugunak.

Entzun guk erraiteko hemen ditugunak.

 

                        2

Nabarrak, Gizpuzkoak, Bizkaiak heiekin

Hirur populu eder bethi dute egin.

Hirur kondatzen ere gare elgarrekin,

Laphurdi, Zuberoa, Baxenabarrekin,

Zuen idurikoak, berthute berekin,

Seiak guazen aitzina gure lenguaiekin!

 

                        3

Alaba galdu dugu arreba maitena,

Oro ez bada ere, segur gehiena!

Eskualdun bihotzentzat, ai! hori da pena!

Gutarik urrunduko sekulan ez dena!

Dugun egin entseiu bainan handiena

Berriz zorigaitz berak ez gaitzan engana.

 

                        4

Eskualdunen lenguaia, lenguaia ederra,

Izan dadin bizkaitar edo nafartarra,

Gipuzkoar, laphurtar, bai zuberotarra,

Heiekin seigarrena baxenabartarra.

Eskuarak garhaitzen du edozein erdara,

Zeren den ezti, gozo, oroz gain zaharra.

 

                        5

Mintza gaiten eskuaraz bethi eskualduner,

Lenguaia eder hori dakiten guzier,

Zaharrer, artekoer, bereziki haurrer.

Erakuts artharekin eskuara haukier,

Hizkuntza bera dute gero ondokoer.

Gazte hauiek utziko mende guzikoer.

 

                        6

Eskualdun liburua gure eskuetan

Dezagun maiz erabil etxe barne hetan,

Edo itzal azpian pausa denboretan,

Goizetan, arratsetan, arte libroetan,

Bainan oroz gainetik meza-bezperetan,

Hitz batez, ahal dugun aldi guzietan.

 

                        7

Liburu hetan bada bat ongi egina,

Eskuara katixima, bertzenaz dotrina,

Gauza onez bethea, hobeki ezina,

Haurrer ikasaraz hau hastetikan fina,

Heier saria eman dohakoten dina.

Izanik ere gastu, juan gaiten aitzina!

 

                        8

O, zein Herri maitea den Eskual-Herria!

Airea da sanhoa, osoki garbia,

Ausarki alhorretan arthoa, ogia,

Bai eta arboletan fruitu on, eztia,

O, zer lakhet-lekhua, gutaz onhetsia!

Han dugu eremaiten bakean bizia.

 

                        9

Ene amak bulharraz hemen nau ni hazi,

Sorthu naizen lekhuan nahiko naiz bizi,

Hemen ene ogia lanaz irabazi.

Nahi naute zenbeitek lurrez aldarazi.

Zeru berriak niri ezagutarazi.

Jende enganatzaile hoikiek begotzi!

 

                        10

Nola, zutarik urrun, o! ene etxea,

Sor-lekhuko Eliza, ezkila-dorrea!

Nola zu utzi ahal xara, baratzea,

Ene etxeko landak, oihana, phentzea!

Etzaitut galdu nahi sor-herri maitea!

Bai, bai! izanen zare osoki enea!

 

                        11

Orkhaitz egarrituak lehia urera,

Bidean akhituak, oi! bere etxera!

Desterruan dagonak sor-lekhu maitera!

Zertako gu kondena dolu-min berera!

Ez gaiten ez beraz, juan nunbeiko lurrera

Ahaidetarik urrun nigar egitera!

 

                        12

Hola eginez ez da Eskuara galduko,

Arbasoen lenguaia ez da ahantziko,

Ondokoek gaituzte bethi laudatuko,

Gure Eskual Herrian zaiku lakhetuko,

Gero ta gehiago guk hau maithatuko.

Horra zer zen, anaiak, zuer erraiteko.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus