—1883 Markina—

 

Euskerazko ipui jator berriak

 

Bonifazio Etxegarai

 

 

1

AZERIA ETA ZAKURRA

 

Biak zijoazela

Bein bide batean,

Ikusi zuten gizon

Bat bere lanean.

Au zan arakina ta

Aragiya austen,

Puskak zer nai modutan

Zituela uzten.

Azari zarrak zion

Esan zakurrari,

Ostu zaiogun puska

Aundi bana orri,

Kontatuko dizkiat

Nik bat, bi, iru, lau,

Eta lau esatean

Sartuko gaituk rrau.

Esan ta egin biyak

Asirik batean,

Azeriya tranpaz zan

Erori bidean.

Eta zakurra joanik

Gaitz pentsatu gabe,

Egin zan an lau puska

Aundiaren jabe.

Bainan jabeak zuben

Lapurtzen ikusi,

Eta segitu zion

Labana ta guzi.

Zakurrak nabaiturik

Trantze ain larriya,

Bota zuben abotik

Bere aragiya.

Gizonak berriz kaso

Egin gabe oni,

Oraindikan segitzen

Zion zakurrari.

Nai zuben kolpatzeko

Bera arrapatu,

Geiago aragirik

Etzion lapurtu.

Eta... da arrapatu

Zubela egiya?

Bai... bestek... an lurrean

Zegoan aragiya.

Azeriya eginik

Puska arren jabe,

Jabea gelditu zan

Aragirik gabe.

Baita zakurra ere

Ederrak artuta,

Berriz lapurtutzeko

Gogoak kenduta.

      * * *

Onek erakusten du

Bear dala jakin,

Kontu aundiz ibiltzen

Pilo zamarrakin

Geitxo fiatzen dana,

Beren esanetan,

Gaizki irtengo dela

Lautatik irutan.

 

 

II

ASTO ALPERRA MINEZ

 

Asto bat biziro maiz

Gelditzen zan minez,

Oso puztuturikan

Mugitu ezinez.

Okuiluan zeguala

Bein txit aundituba,

Beste asto bat deitu

Zuten medikuba.

Eta onek lenengo

Pultsuba arturik,

Galdetu zion zeukan

Jateko gogorik.

Erantzun zion baietz

Ederra zeukala,

Apetituen paltaz

Ala etzeguala.

Ezin ezaguturik

Medikubak mina,

Esan zion atera

Zezala mingaina.

Ain ere gaitz arrazik

Etzion ikusi

Bainan sendatu nairik

Alaz eta guzi,

Asi zitzaion sangri

Aundi bat egiten,

Odol txarrik bazeukan

Andik zedin irten.

Oh! asto kottaruba!

Tranpak eta penak,

Orduban argitara

Irten ziran denak.

Odolaren tokiyan

Aizea zan asi,

Zulotik txistu joaz

Zijoan igasi.

Beste asto larruban

Egonik sartuba,

Ura zan zekarrena

Aizez puztutuba.

Min paper ura zuben

Egiten ikasi,

Nai zubelako lanik

Egin gabe bizi.

Bainan ziotenean

Gaitza ezagutu,

Ostikoka zioten

Altxatzen lagundu.

Ala andik aurrera

Astean sei makil

Bizkarrean puskatzen

Zizkatela zan il.

      * * *

Emen ikusitzen da

Dabilena tranpan

Nekeztxo beren, bera

Erortzen dala an.

Inor engainatubaz

Nai dubenak bizi,

Ez dezakela azken

Onikan ikusi.

 

 

III

ZAKURRA ETA EULIYA

 

Zakur gaizto gaizto bat

Urguiloz jantziya,

Zan animali txiki

Guzien nausiya.

Igual zan non pistiyak

Ala egaztiyak

Porrokatzen zituben

Mendeko guziyak.

Bein kejaz oek denak

Bildurik batera,

Euli zar bat zan denen

Erdira atera.

Esanaz inork ere

Artu gabe minik,

Denon partetikan gaitz

Egingo diot nik.

Nerekin daukat ongi

Zorroztuba lantza

Seguru du gaurdandik

Izango mengantza.

Ala segiran joanik

Zakur txarragana,

Arkitu zuben lotan

Lurrean etzana.

Eta zulaturikan

Gogor ezpainean

Jatsi arazo zuben

Lau anken gainean,

Andikan joan zitzaion

Gero bizkarrera

Eta zakurrak ezin

Zubela atera,

Ixilik zion onek

Esan mutil bati,

"Kendu nazak euli txar

Ori bizkarretik,

Bainan ez, ez, ez kendu

Bizkar gain orretan

Makilarekin jota

Akabazak bertan".

Ixilik esan arren

Aiturik euliyak

Prest paratu zituben

Bero ego biyak.

Eta jotzeko altxa

Zanean makila,

Euliya joan zan andik

Leku obe bila.

Orduban azpikoak:

—"Ez jo", zion esan,

Bainan makilazoa

Ordurakoz an zan,

Ala eginikan bi

Puska an egurra,

Gelditu zan kostilak

Ausita zakurra.

      * * *

Onek erakusten du

Gaiztoa danari,

Gaitz eginaia sortzen

Zaiola denari

Eta indarrez inor

Ez naiz izan gauza,

Txikiyak diotela

Egingo mengantza.

 

 

IV

ASTOA ETA TXIMUBA

 

Biyak zuten nagusi

Bat merkatariya,

Ibiltzen zana beti

Peririk periya.

Eltzez kargaturikan

Joaten zan astoa,

Janaz belarra eta

Noizik bein lastoa.

Tximubak komediyak

Zituben egiten,

Jendeari par asko

Zion eragiten.

Gazta eta gaztainak

Baitzituben jaten,

Eta bide guztiyan

Fumatzen zan joaten.

Ala zijoazela

Bein bide batean,

Zutela nagusiya

Zerbait apartean

Tximur txar petralari

Zitzaion burura

Tentatzen asitzea

Asto umil ura.

Eta galdetu zion,

Astua, zertan zan

Ura bezela tximu

Zertan jaio etzan.

Erantzuera eman

Zion segiduban,

Astoak ere bear

Zirala munduban.

Berak zekala bada

Berak sobra pena,

Astoaren partez ez

Tximuba izana.

Gero galdetu zion

Dantzatu nai zuben,

Dantzatuko zirala

Biyak nai bazuben.

Esaten baziozkan

Itz bi belarriyan

Dantzan asiko zala

Gatzontzi aundiyan.

Oni erantzun zion

Jolas ona bazan,

Adituko ziola

Zer nai zion esan.

Ontan tximuba joanik

Belarri batera,

Zigarro punta zion

Bota barrenera.

Eta jarri zanean

Tximiniya ketan,

Astoa arrantzaz zan

Dantzan asi bertan.

Lau ankak altxatutzen

Zituben batean,

Bazirudiyen joan nai

Zubela aidean.

Bera zan tronpetero

Ta bera dantzari,

Gabriolak egiten

Zituben ugari;

Bainan alako batez

Ler eginik oso,

Anka batekin zuben

Egin estropozo.

Eta eroririkan

Kargazoi ta guzi

An zituben gaineko

Eltze denak ausi.

      * * *

Onek erakusten du

Jostailuk diranak,

Laguntzat kontatzeko

Ez dirala onak.

Eraginazo nairik

Txorakeri parrak

Ekartzen dituztela

Askotan negarrak.

 

 

V

AZERIYA ZAKUR JANTZIYAN

 

Azariyak mozturik

Atzeko isatsa,

Nai izan zuben artu

Zakurraren antza.

Ala onen larrubaz

Tapaturik ongi,

Oilo usaian joan zan

Basarriz basarri.

Sarri usandurikan

Bat biziro ona,

Itzegiteko zuben

Bilatu gizona,

Zeinari esan zion

Minez egon zala,

Eta lur mudatzera

Zijoala aara.

Bada baldin bazuben

Ark gustoa ala,

Bertatik zerbitzari

Geldituko zala.

Gizona arkiturik

Eraro itz artan

Geldi zedila bada

Esan zion bertan.

Etziran zortzi egun

Pasa geldituta

Non asi zan nabaitzen

Egaztien palta.

Geroz etzan egunik

Etzanik bat galtzen

Da esatea andik

Oilorik paltatzen.

Ontaz kejaturikan

Zegoala gizona,

Zakurrari otsegin

Zion beregana,

Esanaz. —"Zertan eztek

Egiten zaunkikan?

Ire zaunkik eztiat

Aitu oraindikan.

—Jauna, erantzun zion,

Ez nezake egin,

Zeren detan oraindik

Artzen aboan min.

—Egin zak, esan zion,

Bigarrengo txandan,

Zer zaunka modu dekan

Nik aitu dezatan.

Orduban zan zaunkaka

Zakur ura asi,

Bainan zaunkatzat zuben

Egiten kikiki,

Onetan igarririk

Etzala zakurra,

Ezpada azeriya

Eta bera zarra,

Gizona mugitu zan

Eskopeta bila,

Bainan azari zarra

Nolan zan abila,

Ankartetik pasa ta

Asirik igasi

Geiago etzan airea

Pintik an ikusi.

      * * *

Onek erakusten du

Zerbitzari txarrak,

Dirala ondatzeko

Askotan baztarrak.

Nor dan begiratzeko

Ongi aurrenean,

Penaz arkitu gabe

Denbora joanean.

 

 

VI

ZALDIYA, GIZONA ETA ASTOA

 

Zaldi bat maite zuben

Bere nagusiyak,

Zeren osatzen zizkan

Nai era guziyak.

Ongi jaten zuben ta

Etzuben nekerik,

Nagusiyaren karga

Ezpazan besterik.

Bein onek joan bearrik

Erbeste batera,

Kaja diru bat zion

Eman bizkarrera,

Esanaz: —eraman zak

Au nere tokiyan,

Ni oinez bakarrikan

Juango nauk mendiyan.

Segiduban asi zan

Zaldiya kejatzen,

Zeren zuben karga ark

Ondotxo nekatzen.

Iritxi ziranean

Lenengo errira,

Zaldiyak gizonari

Jarririk begira,

Esan zion: —ez det nai

Aurrera segitu,

Onla joatekoz nai det

Bertan nik gelditu.

Gu ezkera jaioak

Kajaz kargatzeko,

Ezpada nagusiya

Gainean artzeko.

Ontatik asirikan

Gogor ez bai etan,

Aspertu ziranean

Biak errietan,

Justizi bila ziran

Juan juezagana,

Zeinen zan astozar bat

An juez zeguana.

Eta onek lenengo

Aiturik biari,

Kopeta beltzez zion

Esan gizonari.

Etzala karga ura,

Zaldiyarentzako,

Eta ez kajaz berriz

Ura kargatzeko.

Aurrera joan etzedin

Zaldiya nekean

Berak artu zezala

Kaja bizkarrean,

Eta arrekin igo

Zedila zaldira

Segitu zezan joan nai

Zuben alderdira.

      * * *

Onek erakusten du

Tontoen gandikan

Ez ditekela artu

Lezio onikan;

Oek jartzearekin

Juez ta alkate

Izango dala bere

Erriyaren kalte.

 

 

VII

GABIRABAREN EIZA

 

Begi zorrotzarekin

Egonik zalantzan,

Zozo baten ondoren

Gabiraba joan zan,

Eta arrapaturik

Jan kai eder ura,

Mokazo batez zion

Puskatu buruba.

Au zeramala gero

Jateko aidean,

Txori txiki bat zuben

Topoz jo bidean.

Eta berriro kolpe

Tirarik berari,

Utsegin ta zozoa

Zitzaion erori.

Segiduban jatxi zan

Sasiyan gelditu zan

Zozoa artzera.

Bainan trabaturikan

Bera sasi artan,

Irten ezinik preso

Arkitu zan bertan.

Len zana libre eta

Zozoaren jabe,

Gelditu zan preso ta

Zozorikan gabe.

Ala zegoala trantze

Estu artan umil

Eiztari batek bera

Zuben tiroz an il.

      * * *

Maiz da gure artean

Gertatzen au bera,

Gooragi igo nairik

Erortzea beera.

Nai dubenak beretzat

Bakarrik guziya,

Galtzen aitu dena ta

Askotan biziya.

 

 

VIII

AZARIYA ETA AZARIZAKURRA

 

Oilo bat jaten zala

Azariya ari,

Zakurrak eldu zion

Lepotik berari,

Esanaz: —zer ari aiz?

Nondik ostu dek au?

Zeinen erantzun zion,

—Jabeak eman nau.

—Ez jabeak oilorik

Ez dik eman iri,

Gure etxetikan dek

Ostu oilo ori.

—Egiya da au zuen

Etxekoa dala,

Bainan bai eta ere

Ostuba ez dala.

Nagusiyak berak dit

Ageriyan eman,

Ez ditzatan ixilik

Geiago eraman.

Oraindikan esanaz

Ilero ilero,

Emango ditala bat

Au seguru gero.

Bada ez ostutzeko

Arri oilorikan,

Ezpaldin badet artu

Nai balazorikan.

Itz eman diot ezetz

Eta au zan dena,

Lapurtzat egitea

Da nik detan pena.

Goazen, goazen, biok gu

Orain beragana,

Galdetzera dan edo

Ez au ark emana.

Ontan erdi sinistu

Eginik zakurrak,

Kendu zizkan gainetik

Bere atzaparrak,

Eta zijoazela

Galdetzera biyak,

Bidean eskapatu

Zuben azariyak.

      * * *

Onek erakusten du

Bizitzeko ernai,

Ez sinistatutzeko

Edozeini zer nai.

Begiratzeko len zer

Izana dan bera,

Ez deikiyon tiroa

Erpotik atera.

 

 

IX

OILOAK ETA ARRAUTZAK

 

Lau oilo alkarrekin

Ziranak bizitzen

Arrautzak egiten maiz

Ziran ikusitzen.

Egunero egiten

Zuten laubak bana,

Au zan beren lanbide

Edo zuten lana.

Egun batez joanikan

Arrautz aien bila,

Neskatxaren tokiyan

Etxeko mutila,

Onek esan zioten

Oilo on aieri,

Emango ziotela

Nai anbat janari,

Nai bazituzten egin

Arrautzak gordean,

Ark beste etzekiyen

Paraje batean.

Lau oiloetako bik

Arturik au ontzat,

Asi ziran egiten

Arrautzak arentzat,

Batek egunero bat

Egiten baitziyon,

Asi zan egunetik

Paltatzen etziyon.

Besteak etzeikiyon

Jabeak igarri,

Uzten ziyon bat oni

Ta bestea arri.

Ontan ailegatu zan

Goiz bat txit alaia,

Au zan nagusiyaren

Eguna ta jaia.

Eta nola bear zan

Eltze on bat egin

Kontatu zuten oilo

Aietan batekin

Bada juanikan lauak

Zeuden parajera

Zein il sententziya an

Baitzuten atera.

Esanaz arrautz gile

Izandu ez dana,

Orain izan dedila

Il bear dubena,

Eta eramanikan

Ura sukaldera,

An il ta sartu zuten

Jateko eltzera.

Au ikusteaz oilo

Kulpaz kutsutuba,

Ikaraz larriturik

Izan zan justuba.

Urrengo txandan arri

Eldu etzioten,

Zuzen segitu zuben

Arrautzak egiten.

      * * *

Ona leziotxo bat

Au bera guretzat,

Orra zer etortzen da

Traidorearentzat.

Bi aborekin jaten

Diranak aritzen,

Desgraziyen denboran

Dira eroritzen.

 

 

X

ARDIYAK ETA LEGOIA

 

Ardiyak kejaz ziran

Joan legoiagana

Esanaz justiziya

Nai genduke Jauna.

Otsoak iya gure

Artalde guziya,

Jan dute eta egin

Beza justiziya.

Ordena bereala

Onek eman zuben,

Berriz ardirik inork

Lapurtzen bazuben,

Izango zubela txit

Kastigu gogorra,

Bere biziz zubela

Pagatuko zorra.

Andikan laster bera

Eroririk minez

Aitz zuloan gelditu

Zan irten ezinez,

Eta luzarotxoan

Egonikan ala

Zulotikan jan bila

Irteten etzala,

Arkitzen zan goseak

Eta zer jan gabe

Ezin eginik ezer

Jatekoren jabe.

Onela zala ardi

Bi zitzaiozkan juan,

Kejaz beren umeak

Ziozkatela jan.

Aiek jan zitubena

Otso zar bat zala,

Eta arren da arren

Kastiga zezala,

—Ondo da, esan zien,

Kastigatuko da,

Bainan orain zat beste

Gauza bat gogora.

Nik ura kastigatu

Edo naiz il arren,

Nola beste urtea

Ondoren datorren,

Orduban ere ezta

Otsorik paltako,

Zuen ume berriyak

Ostu ta jateko.

Eta onen onena

Izango da emen

Nik esaten detana

Egitea amen.

Berriz onelakorik

Ez dedin gertatu,

Obeko zaituztet gaur

Sabelean sartu.

Ala zuen umerik

Eztu inork jango

Eta ni naiz gilborra

Beteta egongo.

Au esatearekin

Ilik bi ardiyak

Ezurrik utzi gabe

Jan zituben biyak.

      * * *

Ispilu ontan degu

Ikusten argiro,

Nola dan justiziya

Egiten garbiro.

Ez dala basta zuzen

Hartzea legeak,

Oker eramatekoz

Beren egileak.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus