—1879 Elizondo—

 

Adios Amerikari

 

Martin Arrupe

 

Airea: Hau omorearen gozoa

 

                    1

        Adios Amerikari,

        Eta agur Eropari!

Zenbatak othe gaur lur huntan ezin eta egin nahi?

Etzaiku goaten eta ez goanen bizian lehia hori.

 

                    2

        Aski othe da dirua

        Satifatzeko gogua?

Bihotzetik ez da aldaratzen herriko amodioa,

Lantza bat bezala han sartua dago azken adioa.

 

                    3

        Zoin gutiak garen segur

        Adio bezala agur.

Sekulan eginen othe dugun! esperantza, bainan beldur

Bortxaz egin beharko dugula atsegin hortarik barur.

 

                    4

        Bortxazko penitentzia!...

        Ez duke hanbat grazia.

Mundu huntakotz bederen balu nahi ginduken saria,

Bethikotz Amerikak utzirik, laster gintezke abia.

 

                    5

        Behin ethorriz geroztik,

        Ezin goan eskuak hutsik!

Lana denean badugu hemen irabazi onik;

Bainan halere zer probetxu da, erdiek ez dugu sosik.

 

                    6

        Gure penen ahanzgarri

        Galdez gaude edanari.

Hau ez da hobea! erdietan ez gare lanean hari;

Horra Ameriketan zer zaikun gertatzen gehieneri.

 

                    7

        Amerikak! Amerikak!

        Ez dire usu karrikak,

Ez eta urhe eta zilharrez palaz bethetzen barrikak.

Non-nahi lanaz, zuhurki biziz, aldara daizte arditak.

 

                    8

        Egia da bai, izitzen,

        Bainan ez dugu etsitzen.

Lagun tzar guziak utzirik hasten gare ganbiatzen.

Zer hitzemanik ethorri ginen, berant bederen orhoitzen.

 

                    9

        Gonberti gaiten, gonberti,

        Hula bizi gabe bethi!

Xedeak onak ditugu, bainan obrak arras guti.

Hemendik harat gure faltaz ez dezagun begirik busti.

 

                    10

        Burraso eta haurride

        Zenbaitenak bizi dire,

Ahaide, hauzo, adiskideak, animo oraino ere!

Menturaz laster, menturaz gero, zerbait eginik hor gare.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus