—1879 Elizondo—

 

Ama euskeriari azken agurrak

 

Felipe Arrese Beitia

 

                  1

Neure biotzeko Amatxo zarra

Antxinako ama Euskera,

Seme leial bat orain datortzu

Azken agurra emotera;

Ainbeste gerra goitu ezinda

Danori atsotu zara,

Zaurien zauriz galdu galduta,

Amatxo, zuaz iltera.

 

                  2

Zori gaiztoan negargarri ta

Dot sentimentu andia,

Geure lur maite dakustalako

Gaztelatuta jarria;

Bestela erdu, erdu ikustera,

Tubal euskeralaria,

Baina ez dozu ezagutuko

Orain zure jatorria.

 

                  3

Nun dira bada zure semiak

Foru ta euskera zaliak?

Nun dira bada, Tubal, gure aita

Zure ondorengo garbiak?

Nun dira bada zure ume zintzo

Eta leialen legiak?

Nun dira orain, orain negarrak

Nun dira nire begiak?

 

                  4

Agur ilun bat egin deuskue

Guraso zarren legiak.

Umezurtz batzuk gelditu gara

Bilotsik foru bagiak,

Izan bagina eurak legetxe

Euskeriaren zaliak

Oso ta garbi gordeko ziran

Oitura ain miragarriak.

 

                  5

Errazoiagaz esango dabe

Gure urrengo umiak,

Izan ginala duda bagarik

Ero ta zoro garbiak,

Jakingo dabez euskeriagaz

Genduzan eskubidiak,

Erdera zale ginalako egin

Galdu zirala guztiak.

 

                  6

Zorioneko arkaitzak eta

Zorioneko mendiak,

Orain artian zuek zare izan

Foruen gordelariak;

Zuek goietan beti euskeldun,

Ez alan beian erriak,

Orra zer gero ekarri deuskun

Azkenian erderiak.

 

                  7

Begietan iya ez dot ikusten

Tubalen ume zintzorik,

Ez dalako gaur emen entzuten

Erderaz baino besterik,

Onexek dauka nire biotza

Naibagez erdibiturik,

Ez dodalako gure euskera

Osatuko dan usterik.

 

                  8

Euskeriari gorroto eta

Gozau nai bere foruak,

Dirala uste dot barru barrutik

Auterestia zoruak;

Izan leiteke ori alan baina,

Niri ezetz dinost goguak:

Baldin euskera bizitzen ezpada

Iltzat daukadaz foruak.

 

                  9

Geure erruz bada ekarri dogu

Eriotzako unera,

Berbeta eder gozo ta leun au

Beste munduko atera,

Norbait ezpada laster minduten

Osasuna emotera,

Mundutik laster juan bear dau

Ama Euskerak bestera.

 

                  10

Ainbeste seme emon zituzan

Itsasorako zoliak

Liorrerako ez gitxiago

Gerrari bildurgarriak;

Liburuetan ta izkuntzetan

Ugari miragarriak,

Il ziran danak, ta orain il biar

Euskera maitegarriak.

 

                  11

Or, Gernikako arboliaren

Oinian dago etzinik,

Estu ta larri iya ilian,

Arnasaz bete ezinik,

Au ikusita, ez ete deutsa

Inok artuko errukirik,

Ez ete datoz bere semiak

Osagarriak arturik?

 

                  12

Ai! neure Ama, gaurko semiak

Deritxat dagoz aztuta,

Estura onetan lagundutera

Inor ez da agertuta,

Il zaite bada, bakar ta soilik,

Paradisuko izketa,

Sei mila urtian ainbeste damu

Garratz mingotz iruntsita.

 

                  13

Zer al daiketzut, Ama, bakarrik

Agonia estu orretan?

Zotin, zizpuru, negarrez urtu

Etzinik zure oinetan,

Parka eskatu seme danentzat

Biotzez bene benetan

Zure arimia lagun ipinten

Jainkoaren eskuetan.

 

                  14

Zuaz mundutik orban bagarik

Zuaz mundutik garbia,

Zuaz mundutik adorau baga

Ez idi eta ez beia;

Beti gorrotau, beti zapaldu

Zenduan idolatria,

Ta orain zagoz Jaunari emoten

Fedian zintzo bizia.

 

                  15

Il da Euskera! il da Euskera!

Betiko itxi dauz begiak!

Negar Arabak! negar Gipuzkoak!

Negar egin bei Bizkaiak!

Negar arkaitzak! negar mendiak!

Agortu arte iturriak,

Ainbeste geixo, ainbeste gatxen

Osasun emongarriak.

 

                  16

Negar Naparrak, geure anaiak,

Ta euskaldun Frantziakuak!

Neugaz batera danok urratu

Sentimentuz soinekuak,

Aztu istoria edo kondairak

Emengo antxinakuak,

Ta euren lekuan asi barriak

Aurrera erderazkuak.

 

                  17

Eta, nun dozuz, zeruko arbola,

Zuk bere jantzi berdiak?

Zure erramok bilos dakustaz

Igar ta ezkur bagiak.

Ai mingarria! Gaztelako arrak

Jan deutsuz sustrai guztiak,

Baita biotza, baita barruak,

Azala itxita bestiak.

 

                  18

Zagoze oraindik zutik, arkaitzak?

Doilortu baga mendiak?

Samur emoten Somorrostrogaz

Zeuen ondasuntegiak?

Errotak klan klan, taun taunka olak,

Eta pil pil iturriak,

Biziro errekak baita itsasuak

Opaka arraintza ugariak?

 

                  19

Geiegi da ta ausi, arkaitzak,

Onegi ez izan, mendiak,

Lurpetuteko Euskera ila ta

Bere ondasun biziak,

Bera tontorrak, bete arruak,

Erdue Gaztel-lau igarrak

Agortu errekak, lurtu itsasuak,

Agur, euskeldun ibarrak.

 

                  20

Geure Erria, gizaldi danak

Zugaz dira gomutauko,

Ez dabelako beste erri bat

Zu duin garbi aurkituko,

Etsai batzuek alper alperrik

Zure izena zikinduko,

Zeure Jaungoiko egi bakarrak

Dau oso garbi gordeko.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus