—1877 Donapaleu—

 

1212. Gurutzearen garaitzapena euskualdunakin Navasen

 

Jose Ignazio Arana

 

                1

Atozte, korri kantatutzera,

Euskaldun anai maitiak,

Gurutze galai Jainkozkoaren

Mirari guziz andiak,

Gurutze baten gugatik ilik

Jaungoikuaren Semiak,

Desegin ditu beti-betiko

Etsaien asmo guziak,

Distiatzen du mundu osoan

Gurutzearen argiak.

 

                2

Orixen dago zein edergarri

Gure mendien gainetan!

Ori Erregeen buruetan da

Agintarien armetan!

Ori da agero gailorturikan

Gure Eliza danetan.

Lezo-santura begiak altxa:

Euskaldun erri onetan

Gurutzearen mila mesede

Arkitzen dira loretan.

 

                3

Lauburu onek mila ta berreun

Amabigarren urtean

Euskaldunakin garaitu zuen

Mairu-gogorren artean:

Santxo ta Alfonso buru zituzten,

Ta Aro Jaunaren mendean,

Arri-ta makil bazijoazen

Basamortuen tartean,

Ilera askotan isil-isilik

Mendi-gain artu artean.

 

                4

Igo ziraden artzai batekin

Muradaleko portura,

Ekusteko zan Afrikatarren

Beldur larri ta estura.

Bela dijoaz, Ubeda utzirik,

Errege duten lekura,

Baina Kristabak gurutzeakin

Ta Ama Birjinaen itxura,

Sartzen zaizkate il-edo-bizi

Beren gain eta burura.

 

                5

Aurrera! dio Alonso erregek,

Ta oiduka danak, aurrera!

Aro ta Lete, Nuño ta Lopez

Saltoka ezpaten artera,

Milaka euskaldun, otsoak nola

Ardiak triskilatzera.

An ere datoz napar ta Aragoi

Kateak purrukatzera,

Lotsa-gorrian errege beltza

Sevillaratu da atzera.

 

                6

Ilerri bat da ilkintzekin

Navas deritzan tokiya,

Berreun mila Berberiskoak

An utzi zuten biziya,

Gizon-odolez ujoltzen zala

Guadalaviarko ibaia,

Gloria bada gurutzeari,

Birjin Amari gloriya,

Ta izarrez gora jaso dezala

Mundubak Euskal-erriya.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus