—1875 Sara—

 

Gizonaren bi janari

 

An.

 

            1

Arren, ikus zazute,

Altxa ta begira,

Zeru-lur-itsasoak

Zeinegatik dira?

Ezerezetik gizonagatik

Sortu ziraden argira?

 

            2

Gizona bizi dedin

Gizona bezala

Anima ta gorputzez

Bat-egina dala,

Zabaldu dio, Jainko maiteak

Bere mesedeen magala.

 

            3

Janari xit gozoak

Gorputzarentzako

Mila bider obeak,

Aisa animentzako

Antola ditu zeru lurretan

Gizonen zoriontzako.

 

            4

Aurra jaio ta laster

Bular esnetiak

Ezti-goxo-goxoak

Aia ta mamiak

Eroso ditu pozik emanik

Bere amatxo maitiak.

 

            5

Indarretan aurrera

Asetzen danean

Gizon eginda gora

Buruba altxatzera

Bazter guziak zabal zabalik

Dakus beraren aurrean.

 

            6

Jaunak ematen dizka

Mundu zabalean

Abere ta ogi asko,

Sasoin ederrean,

Miloika egazti aize-egaletan

Ta arrai gozoak urean.

 

            7

Baso soro zelaiak,

Baratza atseginak,

Jaki ta fruitu gozoz

Alkarren berdinak.

Gizonarentzat on izan dedin

Dira Jainkoak eginak.

 

            8

Baina zer dute ekusi

Janak eta edanak

Gorputz ilkor onentzat

Ugari emanak

Zeru danari Jainkozkoakin

Naiz ekusten ez diranak?

 

            9

Jaunaren grazia ta

Jesus-Jainko Bera

Eta gure animetan

Biyen sartuera

Da janari bat goitzen duena

Gizona aingeruez gainera.

 

            10

Sakramentu santuen

Zazpi iturriyak,

Bizitza dariyela

Dauzkagu irikiyak,

Erdi-erdiko iru ta laubat

Artu litezke sarriyak.

 

            11

Karidade betiko

Maitakizun pina,

Da animaren barruko

Birtute erregina,

Indartzen gaitu, iritxi arte

Zeru goienen erpina.

 

            12

Animaren bazkari

Da argi zerukoa,

Erreinutzen duena

Gure adimentua,

Ezagun dezan gauza bakoitza

Bera dan bezelakua.

 

            13

Denbora izpi bat dala

Munduko izatea

Arekin behar dala

Zerura juatea,

Gaistoarentzat pistuba dala

Betiko garren leizea.

 

            14

Jainkoaren esanak

Eta santubenak

Ditugu zerurako

Bide zuzenenak,

Birtutetsuak izan gaitezen

Erakusterik onenak.

 

            15

Oiei jarrai deiegun

Bagera gizonak

Bila deitzagun beti

Egiazko onak

Gure animai eta gorputzei

Gure Jainkoak emonak.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus