—1875 Sara—

 

Ondikozko zoria

 

B. Celhaito

 

                    1

Ederretsgarri zaiote itsasoa hainitzeri,

Marrumaz, orroz, karraskaz gudukan denean hari,

Jauzten delarik muthiri, khonba xuri bat gainean,

Elhur oso baten pare harrokara denean.

 

                    2

Ez bide dute beldurrik hunki detzan bihotzean,

Ordean joa daukanak eta ikhara latzean

Bertzelako du gogoan. Haizela beltz itsasoa!

Eta hargatik naizeno nukek hire menekoa!

 

                    3

Hiratua, lehertua, inguma batez bezala,

Haurrean naiz egotua, berak josta zitezela

Ihes nere laguneri ezin atheraz burutik,

Zer nuen noizbeit neronek ikhusi itsas hegitik.

 

                    4

Tiroinez zafratua zen ezponda baten gainean,

Amaren soiner lothua nindagon haren aldean,

Eta bazen urrunean untzi gaixo bat berbera,

Nere aita zeramana anaiekin galordura.

 

                    5

Batean uretik kanpo zorrozki zen gero jausten,

Nola usoa zerutik badu belatha ikhusten,

Zagon gero zola-zolan uhinez setiratua,

Eta gu ginauden ilhun ja ez ginuen galdua.

 

                    6

Ez! etsia har ginezan agertu zen untzia,

Dilindan tiroin kaskotik, izaiteko aurdikia,

Harroka batzuetara orduan zen zathikatu,

Aita eta haurrideak hantxe ziren galdu.

 

                    7

Ezpataz bethi bihotza zagokidan zilhaturik,

Laguntzat behar nuena dut marinel semetarik,

Eta orai, hau zoria! non dagokit, non dabila?

Erran zarotan bardakotz ethorriren zitzaidala.

 

                    8

Ez othe zuen bertzerik, untzirakoan asmatzen,

Nigar pulpurez mazela zarotanean bustatzen?

Zeruan etzen hedoiik, ixil zagon itsasoa,

Haizea nahi bezala nolaz hain ilhun gogoa!

 

                    9

Huna zerk, nere nerea zaukan bihotza goibeltzen,

Erasiaz itsasoa atzotik ezin erdiz zen,

Orai da eginen, horra, haren orro borthitzena!

Jauna, urrikal beikizu urrantzaile lagunduna!

 

                    10

Nola buru, gau beltzean, itsaso nahasiari!

Gibel, aitzin ura duke mendi handiak iduri,

Gaiak eta haize beltzak harrira deramakete,

Oh maitea, garhaitiar nola izanen haiote!

 

                    11

Gau luze, gau latzgarria!zer duket bizkitartean

Bihar goizera heltzeaz? argi hastean berean,

Du, nonbeit, phitzaraziko norbeitek omeneria

Zerbeit bada kharla urak... bai! untziki iduria.

 

                    12

Gan da! bertzen iruzkia, atseginezko egunak,

Neretzat gela zokhoan gau eta egun ilhunak,

Mezutu duen artino ezkilak itsasoari,

Garhaitu nauela, bainan laguna ganat igorri.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus