—1871 Sara—

 

Aita Guziz Santu Pio IX-ri oraingo perilen artean

 

An., "Gipuzkoar bat"

 

                1

Aingeru galai egalariyak!

Ez dakatzute kanturik?

Ots eta soinu zerukoakin

Ta argiz aizeak pizturik

Kanta dezagun Aita Santua

Zeru ta lurrak pozturik

 

                2

Aita santu txit maitagarriya

Gure animen artzaia!

Zoratzen gera pozez, jakinik

Zure bertute garaia...

Nola su-ta-gar egingo ez da

Ori ikusirik etsaia?

 

                3

Ara Beltzebu, beltzen buruba,

Gizon guztiyak gaiztotzen!

Zertako dabil tximistak sutzen

Eta olatuak arrotzen,

Eta astindurik itsas ondoak

Ekaitz gogorrak jasotzen?

 

                4

Pedroren ontzi miragarria

Oso nai luke puskatu,

Alper alperrik. Zer? Gure Pio

Jaunak etzuen autatu?

Bai. Etsai danak menderatzeko

Pio, Zu zera goratu.

 

                5

Jauna zurekin dezun ezkero

Ez bildur eta ez ikara,

Ez da perilik Zure ontziya

Zuzen dijoa kaiara...

Guazen Zurekin iritsi arte

Zeru barru ber-bertara.

 

                6

Etsai gaiztoak atzetik zaunkaz

Arrabiatu dezala,

Simon Magoak arroturikan

Lurra jo zuen bezala

Eroriko da naita naiez,

Orroa beza naiala.

 

                7

Jesus gurekin izango degu

Ta Ama Birjina Maria,

Parerik gabe bere Sorreran

Eder ta garbi-garbiya

Aingeru danen ispilua ta

Zeruko izarren argiya.

 

                8

Bai, gure Pio biotzekoa,

Infernuaren ateak

Ez dute eskurik ezarritzeko

Geiegi Zuri kalteak;

Zapaldu beza Luzbel arroa

Zure oinaren golpeak.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus