—1871 Sara—

 

Eskalduna

 

An., "Eskaldun bat"

 

            1

Eskaldun arraza

Biba, biba, biba!

Arrazetan zaharrena,

Arrazetan ederrena,

Arrazetan garbiena,

Biba, biba, biba, biba!

 

            2

Lerden eta zalu

Begietarik su,

Zinta gorria gerrian

Makila galtzar azpian

Iruñatik Baionara

Hola dabil Eskalduna.

 

            3

Mendian sorturik,

Mendian hazirik,

Mendian bizi da beti,

Artzain edo laborari;

Mendi gainetan oraino,

Iduritzen dela libro.

 

            4

Han ditu loreak,

Guziak bereak,

Harroketan ur xirripak,

Arbolak, xorien kantak.

Han zerutik hurbilago,

Bihotza zabaltzen zaio.

 

            5

Maite tu zaharrak,

Maite bere haurrak,

Maite bere sor tokia,

Maite Eskal herri guzia,

Maite du dantza, jokoa,

Denen gainetik Jainkoa.

 

            6

Sorhoak utzirik,

Ongi beztiturik

Igandetan elizara

Badoha meza entzutera

Kantatzen ere gogotik,

Bezperetan liburutik.

 

            7

Elizari kontra

Pilotako plaza,

Han bezperak erran eta

Gizonkia jostatzen da

Abilenak hari dira

Bertzeak jarririk beha.

 

            8

Bainan batzuetan

Xirola errepikan

Jauzietan nahiago,

Hasi gaztek lerro lerro,

Zer saltoak! zer zangarrak!

Oreina baizen finak.

 

            9

Etxean berea

Barna bihotzean

Eskaldunak zer zoria!

Emaztearen legia

Haurren irriak, jostetak

Batean egin othoitzak.

 

            10

Opil eta pitar

Arroltze ta xingar,

Bestetan arno xorta bat,

Zikiro gizen azpi bat

Heldu zaizko mahainera

Guti gaten gibelera!

 

            11

Holaxe bizi da

Urus eskalduna,

Mendian trankil trankila,

Zer dohako politika?

Landak, etxea, Jainkoa,

Hautan du bere gozoa.

 

            12

Eskaldun arraza,

Biba, biba, biba.

Arrazetan ederrena,

Arrazetan hoberena,

Arrazetan garbiena.

Biba, biba, biba, biba!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus