—1871 Sara—

 

Mobilaren ethortzea

 

An., "Eskoaldun mobil bat"

 

                      1

Iduzkiak argitzen bozki mendietan,

Eta xori guziak kantuz oihanetan,

Lore arrosak irriz sortzen sasietan,

Urak badohazila zelhai bazterretan.

 

                      2

Mendartean ez dago nihor lokharturik,

Etxetako leihoak laster idekirik,

Ur bilha badabiltza neskatxak jadanik,

Muthilak ardiekin jalgitzen bordetik.

 

                      3

Mendiko arroketan, erditik erdirat,

Sigisagan ageri, hosinen gainerat,

Makurtu bidexketan, beiratuz herrirat,

Huna non den bakharrik ethortzen gizon bat.

 

                      4

Bethan ikhus litake gizona gelditzen,

Bazter xoragarriei ohartuz miratzen,

Belhauniko zerurat oihu bat egiten,

Jainkoari eskerrak bihurtuz erraiten.

 

                      5

Ez, ez dut alferretan presuner izanik,

Andredena Maria deithu bihotzetik,

Bulharrean medaila arrebak emanik,

Enekin bethi nuen nihoiz ahantzirik.

 

                      6

Ez, ez dut alferretan luzez iguriki

Ez, maiz, heriotzea hurbildik ihesi,

Gose, hotz, min guziak pairatu tristeki,

Huna non oren ona heldu den ederki!

 

                      7

Huna non oren ona heldu den! ... herriko

Airea zoin ezti den herritarrendako!

Ez othe dut ikhusten gure bestelako

Gurutze sakratua arbolen arteko?

 

                      8

Ikhusten tut haritzak, non maiz ardiekin

Udan, bero denean, bainuen lo egin,

Hor, eliza xuria, dorre gorriekin,

Urrunean aditzen diren ezkilekin.

 

                      9

Hor ere itsasorat darion ibaia,

Iduzkiak superki zilharreztatua,

Haltzetarat hedatuz bere ur garbia,

Non arraina jokatu baitzen ohitua.

 

                      10

Eta hor ithurria xarako aldian,

Ene maite pollitak, hor, arrats batean,

Mariak, oi tristeki! joan nintzenian,

Igaz, bere fedea niri eman zautan.

 

                      11

Hauk mintzatu deneko, emazte zahar bat,

Agertzen da bidexkan, badea xararat,

Menturaz zenbeit egur dakharke etxerat,

Makurtua dabila otheen erdirat.

 

                      12

Emaztea ikusiz muthila jadanik,

Haren ganat kurritzen... ja besarkaturik,

Ama eta semeak minak ahantzirik

Laster ethortzen dire, eskerrak emanik.

 

                      13

Memento bat ondotik, etxetto xurian,

Mobil hori jartzen da aitaren aldian,

Arrebak miratzen du nigarra begian,

Eta dio: Mariak zaitu bihotzean!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus