—1871 Sara—

 

Galde onari prest

 

Jean Iribarnegaray "Xetre Hazpandarra"

 

Airea: Laur phundukoa

 

                        1

Galde onari prest da bethi heskalduna,

Frantziak ez du gaixto halako laguna,

Oraiko gerla hortan hara ala huna,

Oinak arin zabilan iduri lertsuna.

 

                        2

Prusiano zoruaz mintzo ziren oro,

Inozentziaz naski harren bertze haro,

Gomitatua zela ezagun zen klaro,

Dirutan arranjua egin arteraino.

 

                        3

Ttipituz geroztikan aitaren omenak

Tiraka hasten dira haurrik handienak,

Zorigaitza sofritu behar ttipienak,

Galtzen balin baditu sortzeak emanak.

 

                        4

Batek phuska har eta beha bertzeari,

Hilak ere bardintsu ikhusten da ari,

Hola arizan dira hain bertze gerlari,

Inozenten odola ixuriz lurrari.

 

                        5

Bitoriaren xerkha jin balitz Prusia,

Etzuen galdeginen dirutan saria,

Arranoa baitzuen bere gidaria,

Aise egin daukute saltsa berexia.

 

                        6

Haurrek ezin onhartuz aitak egin lana,

Berak oldartu dira etsai beltza gana,

Bainan kausitu dute soberaxe barna

Frantziaren gainean eskua emana.

 

                        7

Begi guziek beha ez ginen gu ontsa,

Bihotz guziak xuxen halere ez lotsa,

Aditu dugunean tiranoen hotsa,

Arbolak begiratuz eman dugu moltsa.

 

                        8

Heskaldunen idea guziek izanez

Gerla akhabatuko ginuen gizonez,

Oro agertu gira borondate onez,

Bizi nahiz hiltzera arrazoin xuxenez.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus