—1869 Sara—

 

Sarako andregeia

 

Edmond Guibert "Ezpeletar batek"

 

Airea: Entxauspeko alaba dendaria

 

                  1

Gauerdi da herriko orenean,

Nihon ez da argirik lurrean,

Ez ditake mendian adi deusik

Haizearen harrabotsa baizik.

 

                  2

Jautsia da loa begietarat

Xoil Sarako neskatxa gazte bat,

Bere leihoan, gau hura bezen triste,

Atzarria zagon ordu arte.

 

                  3

Zazpi negu iraganak jadanik,

Goanez geroz maitea herritik,

Eta huna urthe bat Mariari

Ez diola berririk egorri.

 

                  4

Idortean lorea laster histen,

Tristezian Maria hiratzen,

Ezpainetan ja hil zaio irria,

Begia du nigarrez bustia.

 

                  5

Urso batek galduz geroz laguna,

Kantetzeaz eztitzen du phena,

Andregeiak gauazko aizeari,

Minki dio kantu hau egorri:

 

                  6

"Goan zenean oraino haurra nintzen,

Anaia bat Joanes neretzat zen.

Erestun hau, ait'amen aintzinean,

Eman zautan adios erraitean.

 

                  7

Orduz geroz maiz egiten dut nigar,

Hain eder zen, hain zalhu, hain azkar!

Etzuen hark mendietan parerik...

Non othe da? Nik ez dut berririk.

 

                  8

Bihotza daut ikhara batek hartzen:

Maitea hil beldur naiz othe den,

Nere ama hiltzen ikhusi dut iaz,

Zorikaitzak gabetu nau aitaz.

 

                  9

Gelditu naiz nere amasorekin,

Sustengatzen gare elkarrekin,

Nik gidatzen ditut haren urhatsak,

Hark xukatzen daizt nere nigarrak.

 

                  10

Ezartzen tut esperantza Jaunean

Indarra dut hartzen othoitzean,

Bainan ez da neretzat sosegurik,

Maitearen ez baitut berririk."

 

                  11

Kolpez bortan jotzen du esku batek...

Boz batek dio: Idek azu idek...

Andregeia, boz hau ezagutzean,

Xutitzen da ikhara zainetan.

 

                  12

Amaso, zuk, idek azu athea...

Mariaren han zagon maitea!

Oi, Jaun ona! zaren bedeikatua,

Gur'auhenak dituzu aditu.

 

                  13

Iduzkia agertzen da mendian,

Mari'orai ez da tristezian:

Elizako eskilek bozki jotzen,

Andregeia egun da ezkontzen!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus