—1869 Sara—

 

Hiltzera dohan haur baten auhenak

 

Augustin Etcheverry

 

                        1

Zeruan othe nintzen, ala ametsetan!

Haur eder hek zer ziren, ene aitzinean?

Xuriz, guziak besti, guziak xingola...

Gan behar eta banintz hek diren bezala!

 

                        2

Ez nuke bada minik, lurraren uzteaz,

Ene amets ederren, amets ikusteaz,

Lotsatzen nauena da, amaren begia,

Badakit zerentzat den, nigarrez bustia.

 

                        3

Nohakola ni ere, hori da seinale!

Eta geroz berbera!... nihor laguntzaile!...

Oi ondikozko zori, zori lazgarria!

Nola sendaturen da, amaren zauria!

 

                        4

Orai, bizkitartean, orai nintzen hasten

Amaren mintzoari laster ihardesten,

Zagotanean irriz, nioen irria,

Eta ja, herioa, bilha ethorria!

 

                        5

Galdatzen baninduzun, norapeit beharrez,

Nik: Badantzut? —Hoa, zuk; —Nindohan lasterrez

Mandatu egilea, orai, non dukezu?

Ni gabe, ama ona, zer hari zare zu!

 

                        6

Sehaskan nintzalarik, aita gan omen zen,

Orduan, amak bere, ninduen beiratzen,

Ez nintzen ez zuretzat, orai da ageri,

Galtzen nauzunaz geroz hazi bezain sarri.

 

                        7

Ametan trixterena! etzenez, errazu,

Hobe, sorthu-berria, galdu baninduzu?

Eztiago zaiteken, zure bihotz mina!

Nik, ez nuken senditu oinhazen eztena.

 

                        8

Zer erran zinezake, bazine orhoitzen,

Atsekabe jasanez? bazintu kondatzen?

Begira bazinaude, itsaso beltz hari?

Oxala! nik zeren haut mundurat ekarri!

 

                        9

Zu, orhoit etzarena, pairatu tuzunez!

Sobra zaitut entzuten, zaudela auhenez,

Ai! ezin dirot luza, uzten zaitut, ama!

Zure nahi ninduzun, gaitzak banerama.

 

                        10

Zeruratzearekin, aingeru naiteke,

Aingeru valinbanaiz, ikhus nezazuke,

Utz nezazu, gan nadin, ez nauzu ez galtzen,

Maiz somaturen nauzu, zureganat heltzen.

 

                        11

Ez beraz, ama ona, ez egin nigarrik,

Suntsitzen naizelakotz, mundupe huntarik,

Etzaitut ahantziren, zeru gorenean,

Non etzaren enekin, zorion berean.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus