—1868 Sara—

 

Tratulariz eta ostalerez

 

Goyetche

 

Airea: Saratarra naizela...

 

                        1

Jeneralian mintzo naiz guziei klaroki,

Bat ez bainuke nahi bakharrik berexi,

Nihori pena egiten ez dut nahi hazi,

Guziekin adiskide nahi baitut bizi.

        (guzietan dobla azken bertsua)

 

                        2

Deklaratzera noha zer den sustantzia,

Tratulariek dute hainitz malezia,

Gauzak merke hartu eta saltzen garastia,

Atherako du errez doble irabazia.

 

                        3

Gauzaren erosteko negurri noblia,

Saldu behar denean ez sobra goria,

Enplegu dutenetan zer hekien loria,

Erostuna ez bada saltzaile iduria.

 

                        4

Hainitzak eman dire orai tratuari,

Herriak ere egin hiriak iduri,

Beren har emanetan ez fida orori,

Ukho egin hurranak gaude fedeari.

 

                        5

Esne saltzailiak ere arimaz orhoitzen,

Burra khendurik gero gazuraren saltzen,

Hala hobeki dela barnean kuratzen.

Edari ona dela ez dugu dudatzen.

 

                        6

Nafar zalek badute beren abilezia,

Bidean egiten dute aize adrezia,

Zenbeit trago edan eta erthuts zahagia,

Errekako ur sanhotik bethe negurria.

 

                        7

Ostaleren hasten naiz orai etsaminatzen,

Nor den ofiziale arnuaren drogatzen,

Denek badakitela ez dugu pentsatzen,

Ofizio hortako guti da aberasten.

 

                        8

Beren estomakak ere dituzte berotzen

Gauza ona den tokian maixko tirriatzen,

Barneko ilhaundurak hark ditu animatzen,

Moltsan eman beharrak tripak erematen.

 

                        9

Gero kontzientzia denen etsamina,

Bihotzian guti sarthuz bekhatuen mina,

Beren egitekuetan dabiltza aintzina,

Mundu huntan bada bertz holako makina.

 

                        10

Orai othoizten ditut jaun iskribantiak,

Kontratu egiteko dauden prest guziak,

Lanak ditu bertzela orai fidatziak,

Guti uste dugunean tronpatzen guztiak.

 

                        11

Ez dut erraiten denak holakuak direla,

Nonbrian badakit hainitz onak badirela

Nihorentzat ez noha dretxo emaitera,

Txarrak itzul ditezke oneko parterat.

 

                        12

Hamabi bertsu berri ditut nik ezarri,

Ohore bihurtzeko Sarako bestari,

Hartako diren jaunek galdea dute igorri,

Osagarri on batekin goraintzi orori.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus