—1868 Sara—

 

Andre alferren eta zuhurren gainean

 

Joanes Berjes

 

                        1

Kantu berri batzuek oraiko andrentzat

Pharte bat alferraren, zenbait zuhurrentzat,

Egiak erranen tut orai guzientzat,

Onak izanen dire agian gaztentzat.

 

                        2

Alfer hoien senharrak denetan seinale

Maiz galtzak zilo eta moltsan diru gabe,

Plazara agertzeko askotan herabe,

Lagunetarik urrun zokuetan daude.

 

                        3

Andre zuhurra duzu parerik gabia,

Behar denean segur athorra xuria,

Egunazko ederra gabazko bertzea,

Ez alferrak bezala kukusoz bethea.

 

                        4

Zenbait andre badira aisian jarriak,

Egun egin beharrak biharko utziak,

Ez baitire sobera lanean heziak,

Etxe erori baten, zer altxagarriak!

 

                        5

Zuhurren baitan ez da holako gauzari,

Zeren bizi baitire lana maitaturik,

Denekin ohorezki, ez egin dudarik,

Bakotxa ezagun da bere obretarik.

 

                        6

Alferrek badituzte kontrako indarrak,

Jatera berant eta mihiak hazkarrak,

Munduan badituzu holako bakarrak,

Ardura ortziraile hekien senharrak.

 

                        7

Nahi duzu sar gaiten zuhurren etxetan,

Sukal bazterrak argi dituzte goizetan,

Jatera preparatzen bere tenoretan,

Garbitasuna maite gauza guzietan.

 

                        8

Alferra jeikitzen da ongi loz aseta,

Handik hauzora doha gezurrez betheta,

Gero seharrarentzat han dago gaizkika,

Etxeko poxi onak berak iretsita.

 

                        9

Barnian gerlarik ez, kanpoan bakea,

Hori da zuhurraren bizitze moldea,

Arkan badu arthua bai eta ogia,

Hukitzen duelarik zaharrak berria.

 

                        10

Aza buruarentzat kalte dire harrak,

Hoberenak jan eta gelditzen kuxkurrak,

Etxe gizen batentzat igualtsu alferrak,

Hango buruzagiak laster!!! laster zorrak.

 

                        11

Gaztea, beha zazu nere erranari,

Jarraiki behar zare bethi zuhurrari,

Kasurik egin gabe andre alferrari,

Halakua duena daukat urrikari.

 

                        12

Andreak, etzazuen ez hartu penarik,

Zeren gelditzen bainaiz egiak erranik,

Etxean ongi dena naiz alegerarik,

Ez alferrak bezala, ezpainak zimurrik.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus