—1866 Sara—

 

Amerikak

 

J. Mendiburu

 

                        1

Trankil nindagolarik nere sortherrian,

Probexko, bainan urus ahaiden erdian,

Lagun batzu zaizkidan etxerat ethorri,

Etsai gaixtoak naski zituen igorri.

 

                        2

Miserian, zioten, hemen zertan hago,

Amerikan oraino baduk diru frango,

Gazen, eta guretzat bada eskaldia,

Laster izanen diguk nasaiki urhia.

 

                        3

Hitz ederrak (zoroa!) nituen sinhetsi,

Dolamenetan ama alharguna utzi,

Gogo sendo batekin etxetik phartitu,

Behar zaudan, ondikoz! laster urrikitu.

 

                        4

Habanako lurretan sarthu nintzeneko,

Dohain on bat zagon prest nere zorirako!

Laster izanik joa eritasun batez,

Huna agorandua non naizen oinhazez.

 

                        5

Lur atzean nagola bihotzetik ilhun,

Hitz on bat entzun gabe oi! ja zenbat egun!

Horra beraz hemengo aberastasunak...

Oi, zertako nituen sinhetsi lagunak!

 

                        6

Lagunak! ai ez dute izen hau merezi...

Krudelak, ni utzirik, gan dire ihesi...

Bainan zer diot? Ama nik ere dut utzi,

Nitarik dute hola bizitzen ikhasi.

 

                        7

Ene ama gaixoa, ene ama ona,

Huna non dagon zure seme hobenduna.

Ai! badakit, ez nintzen zutaz urrikaldu,

Bainan, zuzen baitzen, nau Jaunak gastigatu.

 

                        8

Gaztigu lazgarria! ni hemen ohian,

Ta zu, ama, hain urrun Eskaldun-herrian!

Zu nigarrez geroztik, penetan jarria,

Behar bada ... Oi urrun pentsu tristegia!

 

                        9

Eta bizkitartean sekulan berririk,

Sekulan hitz bat ere Eskaldun herritik!

Oi zoin den lotsagarri hola bizitzea!

Bai, mila aldiz hobe laiteke hiltzea.

 

                        10

Barkha, Jainkoa, barkha! barkha semeari,

Urrikalmendu nere ama gaixoari!

Othoi, adi nezazu, eman osasuna,

Gan nadin laster ama maitearen gana.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus