—1865 Sara—

 

Artzaingoa

 

Joanes Berjes

 

                      1

Ez naiz handietarik gizonen artean,

Hurran bakharrik nago mendien gainean;

Arthaldetto bat daukat han nere menean,

Harekin bizi bainaiz gostu ederrean.

 

                      2

Asko dira menturaz nitaz urrikaltzen,

Atsegin zoro batzuz ez bainaiz gozatzen.

Urrikari hek dauzkat orai eta lehen

Bakearen gozoa ez dakite zer den!

 

                      3

Mundupean duenak higatzen bizia

Ardura du berekin izaten hauzia.

Bakea jendetarik urrun igorria,

Handik khendurik dago mendian jarria.

 

                      4

Artizarra zeruan agertzen denean,

Goiti noha ni ere harekin batean,

Sartzera egiten du ilhun nabarrean,

Ni ere itzultzen naiz omore onean.

 

                      5

Xoriak eder dira khantari mendian,

Begira egoten naiz hekier lorian.

Bazter guzietarik khantuz daudenean,

Ni nola nindagoke ilhun bihotzean.

 

                      6

Menditik zoin den eder goizetan argia!

Bozkariotan nago maiz hari goardia.

Ohepean hagoen, hiritar nagia,

Nola ezagut dirok nik dudan zoria?

 

                      7

Menditik dudanean begia hedatzen,

Jainkoak eman onak orotan ikhusten,

Bihotza haren gana dut bozik altxatzen,

Gure Aita onari eskerrak bihurtzen.

 

                      8

Tratulariak dohaz nekhatuz bidean,

Zenbat amets ederrez alhatuz gogoan.

Aldiz artzaina dago mendi urdinean,

Deskantsuz lo eginez etxola txarrean.

 

                      9

Ethorri da negua, harekin elhurra,

Zelhaian eginen dut egoitza laburra.

Ez daiat adiorik egiten, etxola,

Nihondik ez naiteke hi gabe kontsola!

 

                      10

Negua joan-eta primadera hasten,

Bazterrak oro dira belharrez bethetzen.

Xoriak oihanetik khantuz abiatzen,

Bozkarioz artzaina mendirat igaiten.

 

                      11

Han dut nere gozoa, han nere bizia!

Jainkoa da bakharrik han nere nausia!

Bertzentzat diru, jan on, soineko ederrak,

Niri bake gozoa! Jaunari eskerrak!

 

                      12

Nere adiskideak, orai naiz gelditzen,

Hasi dudan bertsua hemen akhabatzen.

Jainkoak osagarri eman dezazuen,

Bihotzaren erditik othoitz dut egiten.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus