—1863 Urruña—

 

Kanta berria

haur hatzeman baten gainean

 

Baptiste Curet (Donibane Lohitzune)

 

Aire huntan: Lo, lo...

 

                      1

Nigarretan sortu naiz nigarrez hiltzeko,

Ez ordean lurrean luze bizitzeko,

Munduak izanen du hainitz erraiteko,

Aita ama maiteak zuen biendako.

 

                      2

Aita ama maiteak mundurat zertako

Eman izan nauzuen zorigaitz huntako,

Nik ez nuen hobenik hola tratatzeko,

Federik eman gabe abandonatzeko.

 

                      3

Mundurat sortu eta hirur oren gabe

Berro baten hegian gaxua eman naute,

Bakarrik hemen nago xoriak haurride,

Ene konpainiatzen kantuz hari dire.

 

                      4

Ene sortea baita, pena eman garri

Auhenetan bainago bildotx bat iduri,

Horra dut sehaskatzat zerua estalki,

Norena ere naizen Jainkoak badaki.

 

                      5

Lur hotzaren gainean sortu naizeneko,

Jaberik gabe hemen ni ez naiz biziko.

Hiltzerat heldu banaiz ez naiz zerurako,

Federik ez duenak ez da han sartuko.

 

                      6

Goizeko alban naute ni hemen pausatu

Geroztik iduskia gainetik pausatu,

Ez ahal naute behar norbeitek altxatu,

Aitarik ez dut eta amak nau etxatu.

 

                      7

Ama bihotz gabea Aita zu iduri,

Zori gaitzez nauzue eman munduari,

Barka zozute Jauna hoben handi hori,

Othoitz eginen zaitut orai eta bethi.

 

                      8

Iduzkia zenean zeruan aphaldu

Andere gazte bat zait aldean pasatu,

Aingeru bat nintzela zenean ohartu

Amultsuki ninduen besoetan hartu.

 

                      9

Zato enekin, zato aingeru maitea,

Dolugarri liteke zu hemen hiltzea,

Bozkario enetzat zatoz jabetzea,

Erakutsiko zaitut zeruko bidea.

 

                      10

Desagertu zenetik biharamunean

Jauna deitu izandu adin ederrean,

Haurra orai ez dago deusen inbidian,

Aingeruekin dago zeruko lorian.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus