—1863 Urruña—

 

Montebideorat phartitzea

 

An. apeza "Donapaleu ondokoa"

 

                                Tous les discours sont des sottises

                                Partant d'un homme sans éclat;

                                Ce seraient paroles exquises

                                si c'était un grand qui parlât.

(Molière)

 

                      1

Aspaldiko mendetan urrun ospatua,

Mihi guziez bardin gora altxatua,

Nere aiten etxea, oi hau da zoria!

Zergatik ikusten haut bada eroria?

 

                      2

Zer bilhakatu dire hanbat handitasun?

Zer zorigaitzez galdu hainbertze ontasun?

Izanekin omenak, ongi ethorriak,

Itzali dire betan, suntsitu guziak.

 

                      3

Aita guziz maite bat gogoa ilhunik,

Ama bat nigarretan dakuskit bethi nik,

Ene arimarentzat zer kolpe zorrotza!

Ikusgarri gogorrak zaurtzen zaut bihotza.

 

                      4

Adiskiderik ez da, ai hau da lastima!

Agertzen gozatzera hekien arima.

Ordean othe daike seme bat deskantsu?

Ez: barnean eman daut maithaguneak su.

 

                      5

Etxadi eroria nahi dut altxatu,

Burrasoen nigarrak behar tut xukatu,

Desterratu behar naiz, banoha, oi! norat?

Eskal herri maitetik Montebideorat.

 

                      6

Ordean zer gudu zait altxatzen barnean,

Aita amak uztera banihoanean?

Maite tut, maite naute; oi hau bihotz mina!

Adio, erran behar, berexte samina!

 

                      7

Ai, ordu ilhun huntan, zer ez dut gogatzen?

Mintzatu nahi banaiz, hitza zait baratzen,

Lagunduko othe nau aldeko zoriak,

Berriz ikustekotzat nik Eskal herriak.

 

                      8

Nere aita maitea, ama samurrena,

Adio, orai noha, joa da orena,

Agian etzaituzte ene hil berriak

Hobirat egotziko altxatu nahiak.

 

                      9

Lur atze bat badaut beretzen bihotza,

Gatzaturik bekio odol hotza.

Zango, besotan geldi ez bekit indarrik,

Eskergabeak ez du, ez bizi beharrik.

 

                      10

Itsaso latzagarria, ematzak uhinak,

Buraso gaxo hauien goza bihotz-minak,

Urrun hakit ekhaitza, hik, haize eztia,

Hel-zadak dohatsuki naraman untzia.

 

                      11

O Jainko amultsua, zuk entzun nezazu,

Ume bihotz samur bat, othoi, lagun zazu,

Aintzinean zabilzkit, oi nere zuzia!

Maite ditudanentzat naukazun bizia.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus