—1860 Urruña—

 

Andre Philomena

 

Dominique Demarque

 

          1

Bozkarioz kantatuko

Dut ahal gorena,

Zure ohoratzeko

Andre Philomena,

Zutaz ongi mintzatuko

Naiz izar emena,

Orotan hedatzeko

Zure aipamena.

 

          2

Zu zare Philomena,

Izar hainitz ederra

Xuriago zarena

Ezenez elhurra,

Distiratzen duzuna

Itsaso bazterra,

Nobleki zabiltzana,

Herrian bakarra.

 

          3

Eztia baino eztia

Da zure bisaia

Eta duzun airia

Graziaz bethia.

Oi zeinen den loria

Zure ikustia

Erraiten dut egia

Izan miragarria!

 

          4

Zure begi eztiak

Erdiz-erdi zerratuz

Errespetuki jautsiak

Modeski behatuz.

Zure manera nobliak

Bethi preziatuz

Badohazi guziak

Aintzinara doblatuz.

 

          5

Zorionean ethorri

Zare izar emea,

Maite kontsolagarri

Amorez bethea.

Oi zein den miragarri,

Zutaz mintzatzea

Izar adoragarri

Parerik gabea.

 

          6

Zu zare guzietan

Hainitz dakizuna

Presuna zerebrotan

Pasa zintakena.

Behar bada gorthetan

Hedatuko dena

Denbora guzietan

Zure aipamena.

 

          7

Izar urus baten pean

Zirade gerthatu

Mundurat ethortzean,

Arraioz argitu

Zaitu orai artean

Bethi begiratu

Mundutik partitzean

Gidaturen zaitu.

 

          8

Jainkoak behin ere

Etzaitu utziko

Justu baduzu ere

Fidel zerbitzatuko.

Ez-ez gaitu gu ere

Sekulan utziko

Munduan bethi bagare

Ongi gobernatuko.

 

          9

Hala-nola diztiratzen

Duzu berthutea

Beneroski segitzen,

Jaunaren legea.

Kanta hunen medioz

Segur naiz etzaren

Enetzat medizioz

Sekulan mintzaturen.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus