—1860 Urruña—

 

Pena handi bat Eskal Herrian

 

Martin Arrupe

 

Airea: Zure kontra naiz altxatu...

 

            1

Adios, Eskal Herria

Bethi zohaz beheiti,

Zeren doan gazteria

Lur hautarik ihesi,

Fortuna handiak

Liluratzen guziak.

 

            2

Oraino gatea deusez

Etxeak kargatuak,

Hek gatean egin zorrez,

Dire atakatuak,

        Fortuna...

 

            3

Gan dire, beraz, gan dire

Laster ethortzekotan,

Bainan ez berririk ere

Aspaldiko urthetan.

        Fortuna...

 

            4

Zorioneko Indiak,

Amerika, Habanak,

Jan gaitutzue guziak,

Akhabo eskaldunak.

        Fortuna...

 

            5

Zenbat burhaso penatu,

Beren umeengatik,

Zaizkotela barraiatu,

Erdiez ez berririk.

        Fortuna...

 

            6

Hori othe dute bada

Burhasoek merezi,

Hanbat sem'eta alaba

Dituztenean hazi.

        Fortuna...

 

            7

Zahartzean pausa orde

Nekheak doblatuak,

Alaba horiek ere

Dituzte airatuak.

        Fortuna...

 

            8

Semeak itsasoz ganak,

Alabak hirietan,

Ezin egin beren lanak,

Burhasoak penetan.

        Fortuna...

 

            9

Ikhusten dugu ikhusten,

Ikhusten penarekin,

Gazteek elgar berotzen

Dutela elgarrekin.

        Fortuna...

 

            10

Heldu dire bat edo bi

Noizetikan noizerat

Herriko gazterieri

Gogoa berotzerat.

        Fortuna...

 

            11

Aditzen dituztenean

Hekien espantuak,

Uzkhur haukien lanean

Haritzeko gogoak.

        Fortuna...

 

            12

Baratzen balitz bederen,

Usantza triste hori,

Eta gogoa xaindatzen,

Heldu diren haurreri.

        Ganbia, ganbia,

        Eskaldun gazteria.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus