—1859 Urruña—

 

Langilea

 

Victor Eliçagaray

 

Airea: Itzul hadi..., bertzenaz: Coeur de Jesus...

 

                  1

Langilea, nahi zaitut khantatu,

Oi! zoin zaren estimagarria,

Lana dela nahi nuke frogatu,

Aisiaren ithurri garbia (Bis).

 

                  2

Ez estona, ez baditut khantatzen

Gerlarien gudu bitoriak,

Hainitz ditut gehiago prezatzen,

Zure lana, zure izerdiak. (bis)

 

                  3

Gozo bada, etsaiak bentzuturik

Familian trionphan sartzea,

Hain gozo zaut lanean atxiturik

Deskantsuan gostuz phausatzea. (bis)

 

                  4

Bitoria, eremaiten denean,

Bethi norbait badago tristerik,

Segur bertze zorion da lanean,

Hartan ez da etsai gathiburik. (bis)

 

                  5

Errazue, Printze soberanoak,

Langilerik ez balitz lur huntan,

Non litezke zuen Palazioak?

Zer liteke zuen mahainetan? (bis)

 

                  6

Fruitu bazen edo belhar erroak

Litzatezke zuen janhariak,

Harroka bat, bertzenaz haitz zilhoak,

Zuen etxe, zuen jauregiak. (bis)

 

                  7

Langileak, bethi bizi garbia

Gogotik jan eta gostuz edan,

Apetitu, nekhez irabazia,

Hari nihork ez dezoke eraman. (Bis)

 

                  8

Langilea, jaten duen ogia

Nahiz duen izerdiz bustitzen:

Pena nekhez, erosi hazkurria,

Du bederen aise diseinitzen. (bis)

 

                  9

Ahantzirik pena nahigabeak,

Zoin gostuz den phausuaz gozatzen,

Nondik nahi buha dezan haizeak,

Arrats oroz da kontent lokhartzen. (bis)

 

                  10

Lanak ez du, erran dadin egia,

Hitzemaiten aberastasuna,

Bainan hark du segurtatzen aisia,

Aisian da bethi zoriona. (bis).

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus