—1859 Urruña—

 

Eskaldunen laudorioak

 

Martin Arrupe Harlouche "Urruñan"

 

Airea: Herriko Besta

 

                          1

Mila zortzi ehun berrogoi eta hemeretzi urthe,

Aurtengoa sartzen delarik hola direla diote.

            Urtheak badoaz, gogoa gazte,

            Iduritzen orai dela haste,

Eskaldunak garen bezala bethi dugu elgar maite;

Detzagun inguru guziak gure fama onez bethe.

Hunat beraz kantari eder omore ona dutenak,

Eta oihu egin goraki, biba, biba eskaldunak!

 

                          2

Ez dut bada asti handirik ez eta jakitaterik

Hala ere deus erran gabe ezin nagoke ixilik.

            Zer othe da gauza ederragorik,

            Eta gustagarriago denik,

Omore onak ez ahal du munduan bere parerik.

Eskaldunak garenaz geroz tristurak khen bihotzetik.

Hunat beraz kantari...

 

                          3

Pentsaketan jarriz geroztik bethi tristura ethortzen,

Bainan omore onak ditu horiek denak kasatzen.

            Eskal herrietan zer da ikhusten,

            Alde guzietan, zer aditzen.

Hirrintzinek eta xirolek bazter guziak arintzen,

Abia gaiten eskal-herri maite haukien laudatzen.

Hunat beraz kantari...

 

                          4

Errenkuratzen da jendea gazterentzat aldizka,

Nahasten dutela igande eta bestetan karrika:

            Kantari, hirrintzin eta oihuka,

            Arnoa edanik espantuka,

Eta elgar ezin kitatuz, hor dabiltzala multzoka.

Bainan orhoit gure denborez eta bihotz onez barkha.

Hunat beraz kantari...

 

                          5

Pilota partida ederrak eskal herrian jokhatzen,

Libertizione onhesta nehork ez du kondenatzen,

            Zer gostua duen jendeak hartzen,

            Hekhi beha denak loriatzen.

Eskal herrietarik kanpo holako guti ikhusten;

Gure lur sor lekhu maiteak ez ditugu ukhatzen.

Hunat beraz kantari...

 

                          6

Pilotari eta kantari bertze batzuek dantzari;

Guk adios erran ginion gure gazte denborari,

            Kontseilu bat orai gazteriari,

            Trufarik ez egin zaharreri,

Eta ihes egin lagun tzar bruitaketarieri.

Hori ez ahantz eta gero erakuts ondokoari,

Eskal herri maitagarriak, eskal herri aiphatuak,

Zure aiten usantza onak izen beitez segituak.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus