—1859 Urruña—

 

Artzain dohatsua

 

Pierre Mendibil

 

                1

Etxola bat da ene jauregia,

Aldean sailkatzat hariztegia.

      Arthalde bat,

Halakorik ez baita hanbat,

Bazait niri behar bezenbat.

      Ai! etzait itsusi!...

Ni naiz etxola huntako nausi!

 

                2

Goiz-arratsak bethi deskantsu ditut,

Deuseren beldurrik nihondik ez dut,

      Hemen nago

Errege baino fierrago,

Nik zer behar dut gehiago?

      Ha! ez da itsusi...

Etxola huntan Piarres nausi!

 

                3

Goizetan jaikirik argialdera,

Igortzen ditut ardiak larrera,

      Eta gero

Itzalpean jarririk nago:

Nor da ni baino urusago

      Ai! etzait itsusi!...

Ni naiz arthalde huntako nausi!

 

                4

Aitorensemeak, gazteluetan,

Bihotzak ilhunik daude goguetan.

      Alegera,

Nik ez dut denbora sobera.

Kantuz nabila gain-behera.

      Ai! etzait itsusi...

Etxolan nor da ni baizen nausi!

 

                5

Jan onegiak barnea betherik,

Aberatsak nihoiz ez du goserik,

      Eta bethi,

Ene trenpuaz da bekhaizti,

Diruz ez baitaite erosi,

      Ha! ez da itsusi...

Etxola gazteluaren nausi!

 

                6

Noizbait Jaunari nik damu eginik,

Igortzen banindu aberasturik...

      Zorigaitzez

Hesturik ninduke bihotzez,

Ene etxola hunen minez,

      Jauna, barkha niri,

Utz nezazu etxolako nausi!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus