—1858 Urruña—

 

Montevidoko eskaldunen dolamenak

 

Joseph Palassie

 

Airea: Mur de Granjan, Donibaneko Jaun aphez zenaren kantua

 

                1

Kanbo gaineko inguru zoragarrian,

Hazi izan naiz bizi gozo batian,

      Aita, ama onen hegian,

      Maitia nuen herrian,

      Orai gautxuen erdian

      Bizi naiz ezerian.

 

                2

Gizon bat jenik herrira Montevidotik,

Dena espantu, ezin kasa etxetik,

      Ordutik jaun harengatik,

      Airatu ginen herritik,

      Hain ongi ginen tokitik,

      Zoko haren ondotik.

 

                3

Bortz aste bethe egotu ginen Pasaian,

Jaunak badaki zer pairatu dugun han;

      Sosik ez, ez izan zer jan,

      Nolazbeit bizi pilaian,

      Finean sartu untzian,

      Nigar sorta begian.

 

                4

Montevidora noizbeit ere ginen heldu,

Gure begiak ordu hartan argitu,

      Ezagun franko aurkhitu,

      Gu ikus eta harritu,

      Nola garen enganatu,

      Hemen dugu frogatu.

 

                5

Montevideon guretzat nehon lanik ez,

Famak bai handi, bainan oro gezurrez,

      Urrungo eltzeak urhez,

      Etxerat orduko lurrez;

      Zoratuak hitz ederrez,

      Hemen gaude nigarrez.

 

                6

Erran dezaket frogatzen baitut ongi nik,

Montevideon deusik ez dela onik,

      Ez izan hemengo minik,

      Zaude hor arthua janik,

      Hemen ez da eskaldunik,

      Bortz sos bere duenik.

 

                7

Itxasoari besuak ditut zabaltzen,

Eskal herria oihuz galdetzen,

      Mundarra diot aiphatzen,

      Larrunez nago mintzatzen,

      Lau egun hetaz pentsatzen,

      Heien minez naiz hiltzen.

 

                8

Mundarra Mendi, nihondik ezin naiteke

Bizi munduan zu maiz aiphatu gabe,

      Hor diren ithurri, lore,

      Guziez orhoitzen gare,

      Hemen hiltzen banaiz ere

      Azken hatsa nik zure.

 

                9

Bethi auhenka, oi! hau dolore samina!

Urthua nago, dena hezur egina,

      Bortz aldiz egin dut zina,

      Kantatuz super flumina,

      Sekulan ez ahanzteko

      Eskal herriko mina.

 

                10

Oi! ezin aski prezatuzko eskal herri!

Bizi naizeno ene hats penak zuri,

      Mihia aho gangari,

      Lothua geldi beit niri,

      Ni sekulan banindadi

      Zu maithatzetik geldi.

 

                11

Eskal Herria, adio aphur bateko,

Sekulan bethi zutaz dut phentsatuko,

      Jaunari dut eskatuko

      Graziaz fagoratzeko,

      Lur maite, lur saindu hortan

      Biziaren uzteko.

 

(Cambo, le 25 août 1858)

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus