—1858 Urruña—

 

Belzunzek Abarkari

 

Jean Martin Hiribarren "Heuty"

 

Airea: Belzunzeren izena...

 

            1

Belzunzek Abarkari

Errege handiari,

Agur eta berri:

Galde du Iruñarrak

Egiteak lasterrak,

Han baitu Moroa

Beharrez khoroa.

 

            2

Abarkak Belzunzeri

Guduko lehoinari

Esker eta berri:

Iguzkia mendietan

Ez higanen bietan,

Non ez den Moroa

Izaten ehoa.

 

            3

Errege berehala,

Garaztar bil dabila,

Adirazten hola:

Etsaia da oldartu,

Iruñan nahi sarthu:

Ez da egoterik

Hil oro utzirik.

 

            4

Elhurra da Belaten

Biderik ez ikusten,

Lanhoek ematen

Arranoak ohatzez

Oro egoten hotzez:

Abarkak ez beldur

Ez lagunak huzkur.

 

            5

Moroek, ustez nihor

Etzitekeien ethor,

Egin zuten leihor,

Hartu ere janari,

Ez ahantzi edari:

Argaz alde huntan

Oro zauden lotan.

 

            6

Goizaldea zelarik,

Nihon gabe horirik,

Ez argi, ez kherik,

Eskalduna hor sortzen,

Sarraskiez abiatzen:

Moro harritua

Egon hondatua.

 

            7

Zenbat dire ageri

Emanak ihesari

Urean igeri?

Mendiko aldapetan

Erreka goibeletan,

Othe da batere?

Ez itzalik ere...

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus