—1856 Urruña—

 

Alegera gaitezen...

 

Martin Arrupe

 

Airea: Probentziaren kantak Lapurdin agertu

 

                    1

Alegera gaitezen eta elgar lagun,

Gure eliza besta zelebra dezagun.

Gure Patroin handia eman bitarteko,

Jaunaren aitzinean gu ez ahanzteko.

Eta grazia galde heldu den urteko,

Berriz adixkideek elkar ikusteko.

 

                    2

Adixkidek bestetan elgarri diote:

Jaunak gertha gaitzala egun urte bethe,

Guziak bizi eta osasunarekin,

Bitartean lagunduz bere graziekin

Gustu bera hartzeko gure lagunekin

Othoitz egin dezagun fidantziarekin.

 

                    3

Zatozte aspaldiko ezagun zaharrak,

Ahaide, adixkide hauzo herritarrak,

Gure eliza bestan har zazue parte,

Ethor ahal guzia zahar eta gazte,

Gizonak ez du behar bethi egon triste,

Holako egunetan alegera zaizte.

 

                    4

Pilotari, kantari eta dantzariak

Gonbidatzen ditugu horiek guziak

Gure eliza besta biharamunean,

Datozela guziak omore onean,

Liberti dituela lege zuzenean

Aitzineko zaharren usantza berean.

 

                    5

Pilota partidetan eliza bestetan,

Errenkura guti du gazte horietan,

Mainguak xuxenduak eriak sendorik,

Pasaietan dabiltza koloreak onik,

Ez badu min handia ttipiak gorderik,

Gazteentzat ez da ez holako barberik.

 

                    6

Gizon zaharrek ere gazteko solasak,

Ahantziak dituzte etxeko eskusak,

Pilotari, dantzari izatuak lehen

Orai ere gogoa badute bederen,

Ahalak joan eta gogoak irauten,

Gutxieneri hola, zaiote gertatzen.

 

                    7

Zoin diren gustagarri holako egunak,

Alegera ikhusten bait dire lagunak,

tristurak ez litezke kasa bihotzetik,

Holakorik ez balitz bederen urtetik,

Ez gaitezen gibela besta egitetik,

Bethi lanean hariz, ez da bizitzerik.

 

                    8

Gure aitek bazuten pentsamendu onik,

Usario ederra dugu hek emanik,

Jaunak gertha detzala zeruko gortean,

Gu ere egun batez hekien aldean,

Gure Patroin handia azken orenean

Dakigula balia arimen onean.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus