—1855 Urruña—

 

Emazte edalea

 

Leon Elissamburu

 

Airea: Hau da ikhazketako mandoaren traza

 

 

                  1

Munduan ikhusten da hainitz bizio,

Hoberenetik ere deus ez balio;

      Bainan halere

Ohituz geroz hartan, bertzeak bertze,

      Zor edo hartze,

Ezin arnega daite, arras hil arte. (Bis)

 

                  2

Emazte edalea da higuingarri,

Dabilan urrhatsetan hain hirrigarri

      Haren manera?

Zokhoz zokho batetik eta bertzera

      Sar et'athera:

Sabeletik ez hotza doha etxera. (Bis)

 

                  3

Flasko muthur luze bat, bethi gordea,

Ostaturat badaki ongi bidea;

      Balitz erraile

Edari xuri gorri zenbat suerte

      Ahal lakike.

Ibilirik senharrak deus jakin gabe. (Bis)

 

                  4

Zaku bat mandatari, bihiz bethea,

Irauten duen arte badu bakea;

      Gero behar du

Ohe eta athorez egin merkhatu,

      Dohainik saldu:

Senharra egin liro, ahalik balu! (Bis)

 

                  5

Emazte edalea alferketari,

Hauzorat joan eta, berri kondari.

      Egun erdiak,

Senharra eta haurrak, landan guziak,

      Erdi goseak:

Artha guti heietaz zintzur luzeak. (Bis)

 

                  6

Ama biziotsua, hire haurrentzat

Mundura sorthu hintzen, heien kaltetzat

      Dudarik gabe.

Nork nahi dun har detzan etxeko andre,

      Ez egin jabe:

Beldurrez hi bezala, diren edale. (Bis)

 

                  7

Emazteki zoroa, hik zahartzean,

Egoitzarik ez duken sarri etxean,

      Luza etziron.

Umekin ere ezin haiteke egon,

      Deusetan ez hon;

Lehengo adixkidek ez nahi nehon. (Bis)

 

                  8

Bizi iraganari, ukho eginik,

Sar beraz hire baithan orai beretik;

      Othoitz Jainkoa,

Izan ez hadiela, ez lehengoa,

      Ez hain flakoa:

Etxean emanen dun, bake osoa. (Bis)

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus