—Urruña 1853—

 

Gizon baten bihotzminak Muntobidorat juanik

 

Jean Satrali

 

Airea: Haurrak, altxa bihotzak zuen Jainkoari....

 

                      1

Mila zortzi berrogoi hamalaur garrena,

Muntobido alderat phartitu nintzena,

Geroztik sofritu dut asko gisaz pena,

Ungi uros izan da hor baratu dena.

 

                      2

Pasaian hasi ziren ene lehen penak,

Oraino gibeletik ziren handienak,

Ez ditu sinetsiren sinhets gogor denak,

Nik emanen ditudan abusu zuzenak.

 

                      3

Untzian sarthu gabe hainitz dolutuak,

Hain arinki harturik gateko botuak,

Haurrak amaer lephotik besarka lothuak,

Hantxe phartitzeko ziren nigarrez urthuak.

 

                      4

Hango penak ez ziren deusik kondatzeko,

Handiagorik bazen gero phasatzeko,

Untzia hirriskutan eman zen galtzeko,

Jende guziak jarri nigarrez urtzeko.

 

                      5

Ez zen nehun miriku ez eta barberik,

Gure ganik odolik jaliko zuenik,

Guziak belhauniko ginauden emanik,

Jainko onari oihuz humiliaturik.

 

                      6

Herioa ikhusten bi begien bistan,

Pena handiagorik ez deitake izan,

Jainko onari oihuz hantxe ari nintzan,

Harentzat on baginen othoi har ginintzan.

 

                      7

Bi aldiz izan gera hala penatuak,

Belak mastak orobat denak xehatuak,

Elgarri kofesatuz gure bekhatuak,

Bardin hiltzerat ginen deliberatuak.

 

                      8

Orduan haize hire, gero aldiz bere,

Ez beikinen lehertuz harriturik nago,

Munduan halakoak beitira arrado,

Ifernuan othe da hainitz handiago.

 

                      9

Izan ginuen harat heltzeko plazera,

Aditzerat zer pena orduko eskerra,

Heskualduna heldu da lan biden galtzera,

Lehen jinikan bada erdia sobera.

 

                      10

Orduan hasi ginen hainitzak tristatzen

Solas hek aditzean bihotz erdiratzen,

Erdi dohainik hasi gintuenen saltzen,

Ez zen bertze moienik bizi behar baitzen.

 

                      11

Hortarik ageri da hemengo manera,

Ez naiteke ausarta denen erratera,

Hemen lekhu galdurik munduan othe da,

Ez, othoi, hunat ethor arimen galtzera.

 

                      12

Ez zaiteztela nehor hotarat abira,

Malurusikan aski gu hemen bagira,

Bakharrik ez ditake nehun ere fida,

Gau oroz gizon hilak nun nahi badira.

 

                      13

Zerbeiten egiterat ethorriak ginen,

Zuzenki nehork ez du hemen deus eginen,

Tronperiarik beizik deusik da hemen,

Hortarik ageri da nola bizi garen.

 

                      14

Oro hemen gabiltza salbaiak iduri,

Khonturik eman gabe gero arimari,

Igandeak zoin diren ez dire ageri,

Enplegua duena hari da lanari.

 

                      15

Aski da gelditzea zonbeit egineri,

Jaberik ez duena da urrikalgarri,

Heskual herriko gisa ez dire ageri,

Laguntza ematerat eritzen denari.

 

                      16

Laur hilabete huntan nago eritua

Hirur ofizialez nintzen tratatua,

Hontasuna nuena ungi moldatua,

Gabetu bezen laster oroz kitatua.

 

                      17

Urriki dut utzirik aita eta ama,

Heien bortxara jinik Muntobidon barna,

Heiek phensatu zuten gerthatuko zena,

Hortaz bihotzean dut sekulako pena.

 

                      18

Zaharren abisuer ez dena behatzen,

Mundu huntan guti da uros atheratzen,

Etsenplua duzue ni baithan ikhusten,

Zaharrer ez behatuz zoin maluros nizen.

 

                      19

Burhasoak ez egon, ez, gure begira,

Ethorriko garela ez beikira fida

Egun guziez zonbat galtzen hari gira,

Segur ez gira jinen miletarik biga.

 

                      20

Adios, heskual herri guziz onhetsia,

Hi galdurikan diat ene min guzia,

Horrat jiteko banu pasaia saria,

Segur besarka niro ene sort herria.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus