—Urruña 1853—

 

Entzunik espantutan indien berria

 

Bernard Celhabe, bardoztarra

 

Airea: Atharratze jauregian &, edo:

Mendian zoin den eder &, edo bertze hanitz.

 

                    1

Entzunik espantutan Indien berria,

Beldurtu ere gabe othe den egia,

Montebidorat noha zenbait urtherentzat,

Aisia bildu nahiz azken egunentzat.

 

                    2

Ez naukan hainitz herritik joaitea,

Guti nakien zer zen nigar egitea,

Untzirat nohanean orai dut sentitzen

Damuaren eztena bihotzean sartzen.

 

                    3

Bertz-aldiz zihoazkigun irritan egunak,

Tristerik orai ditut aldean lagunak,

Adiotarat zaizkit nigarrez hurbiltzen,

Iduri naiotela bethikotzat hiltzen.

 

                    4

Sor lekhuan nituen esteka guziak,

Ez dakit handik urrun zer daukan biziak,

Adios erraiten herri maiteari,

Bihotza zaurthua, naiz eman nigarrari.

 

                    5

Diruaren goseak etxetik narama,

Utzi behar dut aita, utzi behar ama,

Segurantzarik gabe nihoiz bihurtzeko,

Iragan atseginak berriz kobratzeko.

 

                    6

Lur atzean zuhaitza laster iraungitzen,

Desterruan gizona gazterik zahartzen,

Han galdeturen bethi herria bihotzak,

Eskasa ez betheko irabazi untzak.

 

                    7

Desterruan non kausi herriko mendiak,

Aiten egin ederren lekhuko handiak?

Ohitu ezkila ere ez dut adituren,

Bozkariorat ez nau bestetan deithuren.

 

                    8

Desterruko bidean erortzen denari

Lagun onik etzaio agertzen sokhorri,

Eritzean ez duke amaren artharik,

Hil daiteke inguruan nihor gabetarik.

 

                    9

Adios, Eskual-Herri hanbat onhetsia,

Hire zerua zaitak ezin ahantzia,

Uzten darozkitziat maite ditudanak,

Ethor bahi, aita-amak, haurreko lagunak.

 

                    10

Noizbait ahanzten badut ene ama ona,

Beldur ez nadin ethor, nigarrez dagona,

Ahanzten badut aita, ahanzten herria,

Nihoiz ez bekit mugi ahoan mihia.

 

                    11

Urrun, Jauna, niganik, othoi, zorigaitza

Hustua kausitzeko aita-amen egoitza!

Aitzitik egidazu bihur nadin laster,

Eta goza ditzadan luzaki zuri-esker.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus