Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

1

JOSU

 

 

Badaki gaur jendea begira izango duela. Beti leku guztietara berandu iristen den arren, orain izara nahaspilatuen ertzean eserita dago, kalerako arropak jantzita, iratzargailuko zenbaki gorrietan 7:23. Eskuineko belaunari atximur egin dio hiru aldiz eta logelako aire itxia sakon arnastu du. Gaua sabaiari begira igaro ondoren, gose arrastorik ez, txiklea ahoan, mentazkoa. Ideia bat obsesiboki errepikatzen ari zaio: ezgauza, ezgauza, ezgauza, hori naiz ni. Sukaldera joan da ur hotza edatera. Harraskan utzi du edalontzia, azken hogeita lau orduetan garbitu ez dituen ontzien gainean.

        Urratsa zuzen eginez abiatu da kanpora. Eskaileretatik ez, igogailuan, ispiluari bizkarra emanda. Kalean euria argitzen dute farolek. Negu gorriak ezustean harrapatu du larruzko kazadora meharra jantzita. Zain gelditu da berriro.

        Patxadaz ailegatu eta bere parean gelditu da kolore metalizatuko kotxe handi bat. Atea irekitzen hasterako, euforiaz galdetu dio kotxeko gidariak:

        — Zer moduz, Josu?

        Eseri den arte ez dio erantzun:

        — Atzo baino okerrago, bihar baino hobeto.

        Gidariak irribarre erdi bat erakutsi dio eta, berehala, eguraldiaz, asteburuaz eta futbolaz aritu zaio, nahasian. Josu mutu dago. Kristalaren bestaldean esnatzen ari den Donostia artega nabari dezake. Gidariaren isilune bakarra baliatu du Josuk:

        — Zer egin duzue gure aitari buruz eskatu nizunarekin?

        — Esan nizun gai delikatua zela. Pauso guztiak tentu handiz eman behar ditugu.

        Irratia piztu du gidariak, albistegia.

        — Horrek zer esan nahi du, Zuriarrain, ez duzuela ezer egin?

        Alberto Zuriarrainek irratia ozenagotu egin du.

        — Dei iezadazu Alberto.

        Irratiko albiste baten gainean hizketan hasi da Zuriarrain. Hirurogei lagun kaleratu behar omen dituzte Iruñerriko enpresa batetik eta, segidan, hariari jarraituko balio bezala, Josuren aitarekiko laguntasuna izan du hizpide.

        Ospitaleko egunak etorri zaizkio gogora Josuri. Belaunari berriro atximur egin dio hiru aldiz. Leihoan dagoen lurruna eskuaz kenduta, periferiako auzo bat agertu da bestaldean. Berehala gelditu da kotxea. Atarian utzi du Josu. Zuriarrainek nahiago du beste ate batetik sartu. Josu eserlekutik altxatu ahala, mastekatzen ari zen txiklea itsatsi du eserlekuaren bazter batean, bostekoa eskaini dio gidariari eta eskerrak eman dizkio etxe atariraino bila etortzeagatik. Orain dela hilabete batzuk izan zuen herrena imitatuz irten da kotxetik.

        Aparkalekuko putzuak zapalduz iritsi da atera. Beste aldean, aspaldi sentitu gabeko giroa: bulegoaren betiko zarata urduria. Ahal bezain arin eta herren zeharkatu du korridorea. Bizpahiru agur keinu egin behar izan ditu. Bere lan-mahaiaren atzean ezkutatu da, paper zutabe garaien artean, pantailaren atzean. Baina ordenagailua pizteko denborarik ere ez du izan, samaldan hurbildu baitzaizkio lankideak, doluminak ematera eta osasunari buruz galdetzera.

        — Hobeto nago, mila esker —erantzun die denei, eta orain kaferik ez duela hartzen.

        Telefonoa zarataka ari da etengabe. Josuk hartu egin du azkenean. Ibon K. da, Giza Baliabideen Saileko zuzendaria (Ibon Lemona deitzen den arren, Ibon K. izena jarri diote lankideek ezkutuan, arrazoi estraliterarioengatik). Zer ohorea, pentsatu du Josuk umore txarreko, berriro Ibon K. jaunaren bulegora joateko gonbita, hemen izan nintzen azken egunean bezala.

        Josu Giza Baliabideetako zuzendariaren bulegora sartu denean, tranpa bat balitz bezala, Ibon K.k bostekoa erakutsi eta bi atzaparrez hartu dio eskua Josuri, izerditsu biak. Ibon K. Josuren aitari buruz hitz egiten hasi da: Anaitasuna S.A. enpresan eman zituen urte luzeak, zeinen langile saiatua zen, zenbat estimatzen zuen zuzendaritza osoak. Bitartean Josuri gogora etorri zaio bere aita zer-nolako miresmenez mintzatzen zen zuzendari nagusiari buruz. Pedro, halaxe deitzen zion, lagun mina balitz bezala; eta aitaren hiletan Pedrok, zuzendari nagusi jaunak, berdin hitz egin zuen bere enplegatu fidelaz. Aitzitik, Josuren ospitaleko oroitzapenetan isiltasuna da nagusi: lehenik aita gela hartan, garbitasun artifizialaren usain artean; gero semea ohean, morfinaren lozorroan.

        Eten da Ibon K.ren diskurtsoa.

        — Beraz, Josu, zer iruditzen zaizu?

        — Barkaidazu, Ibon. Ez dizut azken zatia ulertu, nire belaunari buruz esan duzun hori.

        — Ez dut ezer esan zure belaunari buruz.

        — Zergatik?

        — Zergatik zer?

        — Ez al zaizu nire belauna interesatzen?

        Kopeta belztu du Ibon K.k eta, automatikoki hasi duen diskurtso berrian, komunikazio arazoak izan ditu hizpide, baita pertsonen arteko harremanak ere. Buruz ikasitako esaldiak iruditu zaizkio Josuri, agian giza baliabideen kudeaketa ikastaroren batetik hartuak.

        — Barkaidazu, Ibon. Presazko zeregin bat daukat.

        — Egon. Lehenengo egunetik ondo hasteko, hobe dugu aitarena eta zurea gertatu aurretik izan zenituen arazo txiki haiek argitzea.

        — Sentitzen dut. Berehala bueltatuko naiz —esanez zeharkatu du bulegoko atea.

        — Aita ez zen horrelakoa —xuxurlatu du Ibon K.k, baina Josuk entzuteko moduan.

        Herrenka ibiltzeko astirik gabe, komunera iritsi da. Eserita, lasaiago orain, grafitiak irakur ditzake atean, horien artean berak idatzi zuen bat, Ibon K.ren bulegoan izan zen azken egunean: Ibon K. 656696969 llámame, barato. Eta gezi batez lotuta, beherago, letra urdin erraldoiez: Ibon K.abron. Mila aldiz irakurri ditu grafiti horiek. Orain ere ezin du aurkitu buruan bueltaka darabilen horretatik urrunduko duen ezer, eta ez du grafiti berri bat idazteko ideia freskorik. Ezin du aita burutik kendu: ospitaleko azken egonaldian lotsak erretzen zuen aita, eta Josuk bazekien arrazoia. Aita ez zen lotsatzen azkenerako zutik egon ezin zuelako, ezta besteek esan zezaketenagatik ere. Beste zerbait zen, eta aita konturatu zen Josuk bazekiela eta edozein unetan etorriko zitzaiola kontu eske: Eredu hori irakatsi nahi zenidan, aita? Ez zenuen esperoko ni ere zure zuloan erortzea, ezta?

        Ispiluari begiratu gabe, uholdeka bota du ura aurpegira. Esna dago. Baina korridorera irten denean, ametsetan bezala eman ditu bizpahiru pauso. Ahots batek urratu dio aldartea. Bi muxu eman dizkio. Aspaldiko lurrin gozoa.

        — Zergatik ez diezu nire telefono deiei erantzun?

        — Egun on, Nora. Ba al zatoz nirekin kafea hartzera?

        — Dagoeneko ez duzula hartzen esan dit jendeak, ez zarela gauza bost minutu zutik minik gabe egoteko.

        Kafe makinara doa Nora. Josuk kalerako bidea iradoki dio. Eguraldi hezea eta haizetsua hezurretaraino sartu zaie. Korrika txikian iritsi dira hurbileko kafetegi batera. Bazter batean jarri nahi izan du Josuk, inor gertura ez dakien. Hasieran Josuren minei buruz hitz egin dute, baina mutu gelditu dira segituan. Josu deseroso dago. Galdetzen hasteko une egokia da.

        — Zer gehiago esaten dute zurrumurruek?

        — Bizikleta estatikotik erorita txikitu zenuela belauna.

        Ezin izan diote irribarreari eutsi, baina berehala Josuri gaina hartu dio lehengo pentsamendu errepikakorrak: ezgauza, ezgauza, ezgauza.

        — Zer gehiago?

        Norak aterantz begiratu du, erantzunaren bila-edo. Argalago dagoela iruditu zaio Josuri.

        — Azkenaldian zuen aitaren ospitaleko garaiei buruzkoak dira. Irudimen eta gezur eskasiarik ez daukagu. Entzun dut, adibidez, aitak hil aurreko egunean besarkatzeko eskatu zizula eta zuk ezetz erantzun zeniola.

        Josuk paretaren kontra jarri du esku bat. Gorputz osoari horrela eusten diola dirudi, eta bitartean kikararen barruan murgildu du begirada.

        — Josu, ondo zaude?

        — Esamesek argitzen al dute zergatik hil zen gure aita?

        — Nik dakidala, minbizia.

        — Gai izango al zinateke zurrumurru bat zabaltzeko? Mamitsua den bat emango dizut.

        Norak ez du zirkinik ere egin.

        — Konta ezazu heriotzaren kausa ez dela oso naturala izan.

        Sabelaldean orro bat entzun du Josuk.

        — Kafesneak egin du bere lana. Oraintxe bueltatuko naiz.

 

 

Ate itxiaren ondotik pasatu da Josu, beste aldean ezer ez balego bezala. Gurasoen etxera, amaren etxea deitzen ikasi behar duen horretara, alegia, bisitan bakarrik joaten denetik ez da inoiz bere logelara sartzen, ezta alboan dagoen anaiaren logelara ere. Orain salara zuzenean itzuli da eta armairuak irekitzen jarraitu du, paperak ateratzen eta aztertzen, alfonbraren gainean barreiatzeko. Argazkien albumak alde batera baztertu nahi izan ditu, baina kuttunenari begiratua eman dio: argazki guztiak umetakoak dira, anaia nagusia Josuri aurpegiko lokatza garbitzen, Loiolako kuartela atzean eguzkipean dagoela; baloia ahaztuta Josu anaiari ostikoa jotzen eta oihuka, orube abandonatu baten erdian, autopistaren zubi azpian ia; bi anaiak elkarri besarkatuta Groseko hondartza zaharrean. Eztarrian korapiloa sentitzean ekin dio bilaketari berriro, baina berehala eten behar izan du, kaleko txirrina jotzen ari baitira, etxea sutan balego bezala. Josu gogo txarrez joan da irekitzera. Ama da, musugorrituta. Sakelako telefonotik hizketan dihardu, ozen, algaraka. Etxera sartzeko giltzak kafetegi batean ahaztu dituela azaldu dio gero Josuri. Semeak inoiz baino alaiago ikusten du ama asteburuetan lagunekin, txandala jantzita ibai ondotik paseoan, zinemara joaten, mahai baten inguruan berriketan. Baina ama etxera sartu denean ez dago aldarte horren arrastorik.

        — Zer gertatzen da hemen, Josu?

        Amak salako anabasa du parez pare.

        — Zuk, ama, ez duzu jakingo non dagoen aitaren karpeta berde lodikote bat, ezta?

        Buelta erdia eman eta ama sukaldera abiatu da, Josu jarraika duela.

        — Auskalo non dauden zuen aitaren gauzak.

        Ama aldi berean hasi da Josuk harraskan utzi duen ontzi bat garbitzen, dilisten lapikoaren sua pizten, barazkiak hozkailutik ateratzen eta garbigailuko tiraderan xaboia eta leungarria isurtzen. Josu egongelara itzuli da miaketan jarraitzera. Berehala, amak bazkaria prest dagoela eta joateko esan dio ia oihuka. Sukaldeko leihoa irekita eta amaren masailak gorrituta ikusi dituenean, jertse baten bila joan da gurasoen logelara. Armairuan aitaren arropa txukun lisatuta eta hurrenkera perfektuan atondua dago. Ohe azpian bere etxeko zapatilak daude erdi agerian. Oraindik iratzargailu bana dago mesanotxe bakoitzean. Aita iluntzean bueltatuko dela dirudi, dutxatu eta ondoren amarekin paseo txiki bat egitera.

        Jertse lodia jantzita sartu da Josu sukaldera.

        — Armairua hustu beharko duzu, ezta?

        — Ez da hain erraza.

        Josuri beti iruditu izan zaio amarentzat aita jainko txiki bat dela, debozioa zor zaiona.

        Tomate, tipulin eta letxuga entsalada jaten hasi direnean, lanerako buelta zer moduzkoa izan den galdetu dio amak Josuri. Semeak ia aitortu dio, gehiago hitz egin diotela aitari buruz bera zer moduz dagoen galdetu baino. Ez dela hain zaila izan erantzun dio ordea. Josu ez da ausartzen bere enpleguari buruz amaren aurrean kexatzera. Umeak izateko fabrikako behargin lana utzi zuenetik, ama etxeko zeregin guztiez arduratu zen, eta senarrak aurretiazko erretiroa hartu zuenean, lan horiei gehitu zitzaien etxetik kanpoko lana. Orain, ogasuneko bi funtzionarioren etxea garbitzen du eta bi alabak zaintzen dizkie 900 euroren truke, kontraturik gabe.

        Amak dilistez gainezka jarri du Josuren platera. Nabarmena da sutan denbora gutxi egon direla, salda loditu gabe dago eta.

        — Non gorde dituzu aitaren gauzak?

        — Beti egon diren lekuetan. Zertarako jakin nahi duzu? Ez zenuen beste burutazioren bat izango?

        Josuk desafiozko begirada egin dio amari eta honek eutsi egin dio. Gauzak aldatu egin direla jabetu da Josu. Ama aldatu da gehien. Josu, ordea, ez da isilik gelditzen den horietakoa:

        — Agian lehenengo aldia izango da, baina orain badakit zer egin behar dudan.

        Patata frijituz inguratutako xerra mahai gainean du Josuk, dilistak bukatzerako. Amak ez du gehiago jango. Jogurt naturala bukatu du eta ontziak garbitzen ari da. Josuk, aldiz, ez du etsitzeko asmorik:

        — Nahi baduzu, oraintxe lagunduko dizut aitaren arropa ateratzen.

        Ontziak presaka garbitu eta logelara abiatu da ama, semea atzetik duela. Ama hasi da lanean. Aldamenetik Josuk harrituta begiratzen du armairu txiki horretatik ateratzen ari den arropa piloa: alkandora koadrodunak, pintzadun galtzaren bat eta bakero ugari, kirol denda merke horretako kamisetak, medikuak agindu arren inoiz erabili ez zituen bi txandal; eta armairuaren goiko zatian plastikozko poltsetan bilduta daude auskalo zer ezkontzatara eraman zuen trajea, larunbat gaueko sukarrak inspiratuta agian, eta artilezko jertse urdin ilun pare bat, mahoizko galtzak eta danborradarako sukaldari jantzi zuria. Amak azkenerako utzi nahi dituela ikusita, Josuk ireki ditu tiraderak: bertan agertu dira galtzontzilo klasikoak, molde zaharreko galtzerdiak eta barruko kamiseta zuriak, eta, haien artean, karpeta berde lodi bat, bazterretatik egunkariko orriak eta Din A4 folioak agerian dituela. Josuk eskuaz kolpe bortitz bat jo dio armairuko ateari. Amaren aurpegian zimur bat ere ez da mugitu.

        — Badakizu zuen aitak nahiago zuela zenbait kontu beretzat bakarrik gordetzea.

        — Bazeukan zertaz lotsatu, azkenaldian bereziki.

        — Hitz erdirik ere ez dizut onartuko zuen aitaren kontra.

        — Aldarea eraikitzen lagunduko dizute bulegoko batzuek.

        Begiak itxi eta sakon hartu du arnasa amak.

        — Ez al zara konturatu, Josu, zuen aita ez dela agertuko zu berriro putzutik ateratzera?

        — Banoa hemendik. Bestela, esan behar ez dizkizudanak ere esango dizkizut.

        Amak semearen izena ozen ahoskatu du.

        — Begira ezazu zure ingurura.

        Ohea garai bateko jaka eta jertsez lepo dago, alfonbran plastikozko poltsak, galtzontziloak eta galtzerdiak daude, mesanotxeetan kamisetak, aulkian arropek osatzen duten zirimola.

        — Logela nik jasoko dut, baina ez ditut zuen aitaren lanak hartuko zuk bazterrak nahasten dituzun bakoitzean. Azken bi urte hauek gogorregiak izan dira.

        Josuk bi eskuekin gogor heldu dio karpeta berdeari, paper eta poltsaz gainezka dagoen sala zeharkatu du, eta atea itxi gabe irten da etxetik.

 

 

 

© cc-by-sa Harkaitz Zubiri

 


www.susa-literatura.eus