Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

BAGA

 

Arnasestuka etorria zen malda gorako bidean. Zangoek airean hegaka ekarria zuten, aspaldi ezagutu gabeko abiadan. Hala ere, zirudiena baizik ez zen egiazki Damian Arruti: une batetik bestera hesteak okaztatuko zituen erretzaile porrokatu bat, zahartxoa aukeran, halako atarramentu atletikoetan ibiltzeko.

        — Familiako naiz —esan zion bidea ixten zion guardia zibilari, eta ozta-ozta gaineratu zituen ondorengo hitzak ere—, hildakoaren iloba naiz.

        Guardia zibilak hesi-lana egiten zuen xingola horia pasatzen utzi zion orduan, erreka zuloraino bertaraino jaitsi ahal izan zedin. Horixe zuen egitekoa gizon armatu hark, inori bidezidor hartatik jaisten ez uztea, mendiak beste ertz eta pasabiderik ez baleuka bezala. Goiz hartan zebilen hego-haize epela hatzen artean harrapatzearen antzeko zerbait zuen zeregina, azken finean. Hartarako baimena emateko, ordea, izena eta ordua kaiertxo batean idatzi zituen lehendabizi: Damian Arruti - 10:20 h. Letra oker haiek ikusitakoan, aurrez erabaki gabeko keinu batez behatu zion Damianek eskuturrean zeraman ordulariari eta, bai, hamarrak eta hogei ziren, preseski.

        Bidezidorrean behera hartu zuen gero, ezker-eskuin zeuden ote zuri, garo eta asunen sastadei erreparatu gabe. Ez zegoen batere halako gauzetan ibiltzeko moduan. Bi aldiz egin zuen laprast aldapan behera eta, lurra jota, lohiz itsustu zitzaizkion gaztaina koloreko prakak atzeko aldean. Lahar bat ere tatarrazka zeraman arropetan kaparra bezala itsatsita, handik kentzeko ahaleginik egiteke.

        Mariputzu esaten dioten lekura iritsi zenean, dozena erdi lagun ikusi zituen artega eta urduri, basoa baino oihana zirudien landaretza itxi eta ilunkararen erdiko argiune bakarrean. Euretako gehienak ibai ertzean zeuden, zutik, uretan ageri zen gorpuari begira eta ezertxo ere egiten asmatu ezinda.

        Mariputzuko leku horretan, errekak geratu egiten du mendian behera berez dakarren oldarra, eta ia esan liteke ura bihurtzen dela olio, hain baita geldia eta geldoa hango uraren mantsoa. Zomorro zapatariek soilik ximurtzen eta biziberritzen dute uraren azala, etengabeko dantzan.

        Lekuan bildutako lagunetatik bi neoprenozko urpekari jantziz zeuden errekaren bazterreko harri borobil banatan eserita, oinetan jantzita zituzten eskarpinak errekan sartuta. Bistakoa zen epaile jauna Iruñetik oraindik iritsi gabea zela eta harexen zain zeudela han bildutakoak, zer egin eta nola jokatu erabakitzeko.

        Damian epailea zenetz jakiteko behatu zioten denek sasi artetik garbiunera agertu zenean.

        — Familiako naiz —errepikatu zuen begi guztiak berari so antzeman zituenean—, hildakoaren iloba naiz.

        Hamarrak eta hogeita hiru.

        — Laguntzen zaitugu nahigabean —edo antzeko zerbait esan zion han zegoen emakume bakarrak, Gurutze Gorriko txabusina berde bat jantzita zeukanak.

        Buruarekin baietz adieraziz eta marmar lodi batez adostu zuten gainerakoek emakumeak adierazitako berbera, eta eskua eman zioten errenkadan, doluminaren seinaletan.

        Gezurra zen familiakoa zela. Gezurra esan zenuen orduan ere, Damian. Bost axola halako gauza batek zuri. Senperena zaharra zen hango ur geldietan ahuspez itota ageri zen gizona eta Erromako Aita Saindua zinela ere esango zenuen Mariputzu bertaraino iristeko beste aukerarik izan ezean. Familiako zinela, horixe esan zenuen. Iloba zinela. Baztandarrek bazekiten arren Senperena zaharrak ez zeukala familiarik inon. Bakar-bakarrik bizi zela gizona, Auñamendiko hartza baino bakarrikago.

        Ikusi egin nahi zenuen kosta ahala kosta. Ikusi egin nahi zenuen errekako putzuan itotako lagunaren eitea. Albistea jakin bezain azkar gosaltzeari utzi eta aztoraturik heldu zenion ibaian gorako bideari. Edo erreka behar nuke esan, Damian? Korrika lehenbizi eta pauso azkarrez gero iritsi zinen lekura, arnasestuka beti, erretako ke guztiaren damua gainetik kendu ezinik. Ikusi egin nahi zenuen Senperena zaharraren gorpua, zeure begitxo horiekin.

        Hantxe zegoen ahuspez lagun izandakoa, urak ekarritako hilikia irudiz. Metro eskaseko ur gelditan itoa. Ibaia eta bere erreka guztiak inork ez bezala ezagutzen zituen gizona, hantxe putzu barean itota. Ahuspez, eta beso bat bere lekutik aterata, bizkarraren gainean era harrigarrian bihurrituta.

        Ez zegoen Hercule Poirot izan beharrik gizon hura berez hildakoa ez zela jakiteko. Hori garbi ikus zitekeen han bilduta zeudenen aurpegieran, argazkiak ateratzen ziharduen guardia zibilaren ahaleginean, batez ere. Beso harexen jarrera bortxatua zuen helburu haren argazki-kamerak, behin eta berriz klik eta klak, hilketaren sekretua Olympus hark bakarrik bildu ahalko bailuen.

        Ez zuen inork ezer esaten, eta soilik errekaren berezko marmarra eta inguruko birigarroen txioa baino ez zen entzuten bazterretan. Eta erlastar eta liztorren burrunba. Kaka zaharra. Baten batek hila zizun laguna, Damian. Baten batek garbitua. Akabatua, edo Baztan aldeko herrietan esateko ohitura duten eran, kasatua. Kaka zaharra eta kaka zaharra. Ikusi nahi bazenuen, ikusi zenuen horratik. Hortxe zeneukan begitxoen aurrean. Eta orain zer, nola daukazu orain barrua, Damian?

        Esan ezazu egia. Esan ezazu zer pentsatu ezinik geratu zarela laguna horrela ikusi duzunean. Zentzumenak oro apaldu balitzaizkizu bezala zaudela, itsu, mutu, gor. Pentsamenduak eten egin direla eta zeurekoikeriak bizi zaituela. Senpe zaharrarekin gehiago ezin egoteak penatzen zaituela gehiago, errealitatean hari gertatutakoak berak baino. Esan ezazu lotsatu egiten zaituela barneko sentipen ezagun horrek, halako gertaera ankerraren aurrean zeure buruaz baino ez pentsatze bihozgabe horrek. Zer da, ba, zure zorigaitza Senperenari benetan gertatu zaionaren aldean? Huskeria baino ez, Damian. Ederki dakizu hori. Baina egiazki gertatutako izugarrikeriaren gainetik, zeure huskeria horrexen axaleko mina da gailentzen zaizuna. Koitadua zeu, trapuan pupua baizik ez duen gaizo hori.

        Esazu egia, Damian. Esazu zure izaerak lotsatzen zaituela, Senperena hilik ikusteak bainoago, lagunartean jarraitzeko aukera galdu izanak ematen dizula min. Esazu Senperenaren heriotzak baino gehiago mintzen zaituela ustekabean kendu dizuten beste kontutxo horrek. Esazu, behingoz, zeure neurri bakarraren arabera neurtzen dituzula mundu honetako gauza guztiak. Senperenari gertatua barne.

        Geroago, Iruñetik etorritako epaile mehea haraino jaitsi eta hango guztiak agurrak eta diosalak egiten hasi zitzaizkionean, berriro esan behar izan zenuen gezurra. Hirugarrenez goiz berean. Familiako bat, esan zioten epaileari zu aurkeztean, eta zuk baietz buruarekin, familiakoa zinela. Iloba preseski. Hirugarrenez izan arren gezurra, oilarraren kukurrukurik ez zenuen entzun bazterretan. Damian Arruti zenuela izena. Laguntzen zintuela nahigabean, berak. Kaka zaharra nahigabean, pentsatu zenuen zuk. Nork demoniok egin zezakeen horrelako gauza bat? Besterik ez zeneukan buruan. Nork eduki ote zezakeen ezer Senperena zaharra ur haietan era anker hartan itotzeko? Itoarazteko?

        Epailea gomazko arrantza-bota luzeak jantzita hurbildu zen gorpuarengana, metro eskaseko sakoneran. Ia erori ere egin zen harri labain batek oinpean huts egin zionean. Eta Senperena zaharraren beso hura bere lekutik kanpora zegoela egiaztatu ostean, ezkerreko aldetik, alkandoratik, tiratu zion apur bat gorantz hilotzari. Ez zuen asko behar izan gorpuak erabat jiratu eta ur gainean ahozgoratzeko: orekarik batere gabeko pinu enbortzar bat bailitzan, ezkutuko aldea jarri zuen agerian.

        Eta orduan bai, orduan marmarra baino, harrabotsa erne zen han bilduta zeudenen artean, denek ikusi ahal izan baitzuten, garbi-garbi, aurpegia janda zeukala hildakoak. Begi bat eta sudurraren zati bat bai behintzat. Eta goiko ezpaina ere bai. Matrailetan eta kokotsean, helduak nabari zitzaizkion Senperenaren aurpegi zimurrari.

        — Karramarroen hozkadak, seguru asko —esan zuen epaileak, eta lasaitua aurkitu zuten lekuko guztiek hitz haietan.

        Zuk bazenekien heldu haiek ez zirela karramarroarenak, Damian. Kaka zaharra, benetan zenekien ez zirela inondik inora karramarroek egindakoak. Hamaikak laurden gutxi.

        Etxerako itzuleran, hobeto esan, Arizkunera bidean itzuli zinenean, Garai Bareak betiko amaitzen ari zitzaizkizula pentsatu zenuen, eta gogoeta single horrek berriro lotsarazi zintuen: beti bezala, zeure burua beste kontu guztien gainetik zenerabilen, Damian. Niri ezin didazu deus ezkutatu, ederki dakizu hori: Senpe zaharraren aurpegi ausikia ikusi berria zinen eta, hala ere, zeure burua baino ez zen zeure egiazko kezka nagusi.

        Azken hilabeteetan Leon Karrika zure lagun artistaren Arizkungo etxean iragandako egun gozoek finitzearen muturra erakusten zizuten Senperenaren heriotzarekin. Eta tristeziak baino, alferrak harrapatuta zinduzkan bere menpean halako gauzaz konturatzearekin bat. Abiadura Handiko bizimodura itzuli beharraren zorigaitzak harrapatuko zintuela pentsatze hutsak nekea eragiten zizun. Akimendua. Beso bat emango zenuke zeuk ere, Arizkungo atsedenean ezagututako lehenagoko Egun Bareak sekula buka ez zitezen. Lepoa ere emango zenukeen Leon Karrika lagunak errekaren koadroa margotu zuen eguneko Abiadura Eztira itzultzeagatik. Zernahi ordainduko zenuke ezagututako atsegin aldi hura sekula zure baitatik desager ez zedin, bukagabeki iraun zezan.

        Egun seinalatu hartan Leon Karrikak erreka zuloaren irudia margotu nahi zuen oihalaren gainean, eta zuk, ostera, ez zenuen deus nahi, ez zenuen deus desira. Ezereza helburu, ezta, Damian?

        Karrikak erreka zuloa margotu nahi zuen egun hartan behiak soro gainean etzan ziren, nola etzaten diren udako turistak hondarraren gainean. Oroitzen zara, ezta?

 

 

Bai, oroitzen zara. Hamaikak eta laurden.

        Egun hartan, leihotik goizean larrean bazkan ikusitako behiak etzan egin ziren halako batean, horregatik hausnarra batere eten gabe. Zeuden lekuan bertan etzan ziren, soroaren erdi-erdian, belar gainean, inguruko haritzen edota erreka bazterreko sahatsen babesik bilatu gabe.

        Gizakiok ogi edo arroz pilo baten gainean etzatearen modukoa duk hori, pentsatu zenuen behien portaera ikusitakoan. Istant bat geroago jan behar dugun entsalada baten gainean etzatearen antzeko zerbait behar du izan, nolanahi ere. Eta ez zenekien oso xuxen on ala txar iruditu behar ote zitzaizun jakiaren gainean etzatearen irudi hori. Egia esan, ez zeunden Alfa eta Omegaren artean erabaki behar izateraino eroria.

        Hilabete batzuk lehenago erreparatu ere ez zeniokeen egingo halako gertaera inozo bati: behiak etzanda edo arrabita jotzen, berdin zitzaizukeen zuri. Baina Arizkungo atsedenera ihesian etorri zinenetik, izadiaren halako gauza ezdeusetan pausatzen zenituen begirada eta adimena. Natura maxime miranda in minimis, Linneo zaharraren bidetik.

        Mandeuliek norantz hartzen zuten itzulerako hegada, arras interesgarria egiten zitzaizun, esaterako. Horrelako eta antzeko gertakari baliogabeei begiratzen zenien. Gabiraiaren hegadari behatzen zenion, xagu eta sator bila zerutik. Edo errekari, urak lohi edo garbi ote zetozen jakiteko. Halako gauzetan galtzen zenuen denbora. Edo areago, halako gauzetan aurkitu uste zenuen egiazko denboraren tasuna. Azken finean, pentsatzen zenuen, zer duk ba denbora, lo baten eta bestearen arteko etena baino. Sendabidea aurkitu uste zenuen, naturaren gauza eta gertaera horietan guztietan adimena zintzilik jartzen zenuenean. Xinaurri txikienaren konturik ezdeusena izanagatik ere, zeure adimena osorik irensten zuena.

        Aldi hartan zure bizimoduak ukandako Abiadura Handiegitik garbitzeko era moduko bat zen Arizkungo Otsoenean aurkitutako bake hura guztia. Damian Arruti nekatuta eta ahuldurik atera berri zen ebakuntza-gelatik, hil edo biziko dematik. Baina, zalantzarik gabe, akituagoa zeukan kirofanoko unea baino lehenagoko bizimoduan ezagututako Abiada Handiko Bizimoduak. Ala ez, Damian? Esaguzu egia.

        Mendebaldeko bizitzaren ohikoak baino, gertakizun egiazkoagoak bazirela erabakita zeneukan. Inork ez zizun iritzi hori burutik kenduko, ez. Horregatik ez zenuen desiratzen izadi-mundu hartako beste izaki txiki eta arrunt bat izatea baizik. Denboraldi baterako bederen. Nola jokatu eta norabidea erabaki artean bederen. Alferrik bizi izandakoaren zentzugabekeriatik garbitu artean.

        Bitxilore, osin, mitxeleta edo kakalardo. Gari, enara edo karramarro. Berdin zitzaizun zer izan edo ez izan. Xedea, zeure burua zomorro eta landare haien guztien artekotzea zenuen. Euren tamaina eta neurri berean. Lege berekin. Izadiaren osotasun erabatekoan desagertzeraino. Zeure deuseza eta izan nahieza erabateko ezerezean urtzeraino.

        Pentsatzen zenuena hitz gutxitan laburtzeko, ihes eginez bakarrik aurki zenezakeela helmuga, nora joana eta babeslekua. Horixe uste zenuen. Eta, txarrenera jota, ganorazko irtenbiderik sekula aurkitzen ez bazenuen ere, izadiaren altzoa ez dela eskasenetakoa mundu honetan egoteko maneren artean, hautatu beharreko aukeren artean, alegia. Ez esan niri ezetzik. Ez esan orduan ez zenuenik orain diodan bezalaxe pentsatzen.

        Horixe sinetsi izan duzu Leon Karrikaren etxean bizi izan zaren denboran, zeu ere belardiko beste belar bat bihurtuko zarela edota uretako ur. Fedeak, gainera, tinko iraun dizu Senperena zaharra ahuspez itota ikusi duzun unera arte. Istant horretan, krak, zerbait pitzatzen hasi da zeure barnean, nola putzuetako izotza oinetakoen azpian. Krak eta krak.

 

 

Mariputzuko egunera arte, zangoak luzatze aldera, erleen hegadari segika, erlauntza bilatzeari ekingo zenion beharbada. Enbor ustel baten barnean, etxe zahar baten hegi azpian, Otsoenea ondoko komentuaren hilerri inguruan... Eta bilatutakoa aurkitzen bazenuen, eskua sartuko zenion erlauntzari eztitan barrura, eta ahora eramango ondoren, siropa gozoa txilarrez edo mila lorez egindakoa ote zen erabakitzeko.

        Halakoetan, zure lagun Leon Karrika pintoreak ezin izaten zuen sinetsi begiekin ikusten zuena: erleek ez zuten sekula Damian Arruti ziztatzen. Hurbildu ere ez zitzaizkizun egiten. Bera bai. Bera ziztatzen zuten ederki zeuk harrotutako erleek, erlauntzetik dozena bat metrora artega eta sansonarria bezain geldirik egon arren.

        Egun batean hiruk heldu zioten Karrikari eta sukarrak harrapatuta itzuli behar izan zenuten etxera. Oh putainka. Redioska. Madarikazioka. Hiru erleren lekuan zazpik edo zortzik ziztatu izan balute, Iruñeko Ospitaleko zainketa berezietan zegokeen zure laguna, hil edo biziko deman. Zerorrek kendu zenizkion hiru eztenak irri artean. Ondoren, zupaka eginez, pozoia ere arindu zenion odoletik. Eta hozkailutik ateratako izotz pusketak lotu zenizkion ziztaden gainean.

        — Zergatik hiri ez? —galdegin zizun Leon Karrikak—. Zergatik ez ditek hiri erleek heltzen eta niri bai?

        Irribarrea eta irriaren arteko zerbait izan zen zure erantzuna.

        — Entomologoa haizelako izango duk —jarraitu zuen orduan Karrikak—. Hirekin izutu egiten dituk erleak. Hara hor biziki ontsa ezagutzen gaituen putakume bat, pentsatuko ditek erleek. Alferrik duk horrekin ziztaka jardutea.

        Orduan paparreko poltsikotik hosto luzexka bat atera zenuen, zingira bazterretan usu ikusten den horietako bat, Leon Karrikak mila bider zapaldu ohi zuenetako bat, belar arrunt eta ezdeus bat: Erlebelarra. Sudurretara eroanez, usaina hartu zion estreinakoz Karrikak, eta amoniako lurrin gotor batek bota zuen atzeraka.

        — Oh putain! —esan zuen—. Alua!, zergatik ez didak orain arte belar honen albisterik eman?

        Irribarrea ezpainetatik kendu gabe eta lagunari deus erantzun gabe, gelatik irten eta goeneko basora abiatu zinen. Lau birigarro-habiaren lekua atzemanda zeneukan eta ikusi egin nahi zenuen, zeure begiekin, lehenengo hegadetara abiatuak ziren birigarrokumeak inoiz baliatzen ote ziren berriro atzean utzitako sorlekuaz. Jakin egin nahi zenuen hori. Jakin egin nahi zenuen hegaztiak inoiz itzultzen ote diren sortu dituen etxera. Halako gauza ezdeus bat ikusteko beranduegi ere izan zitekeen, ordea, uztailaren hastapenekoak ziren eta egun haiek. Ez zenuen birigarrorik itzultzen ikusi. Goizeko lehen argiarekin abiatuko ziren han inguruko sasien artetik, eguzki galdaren bero astunik gabe hegaldatzeko.

        Zu, ostera, bai, zu itzuli egin zinen Otsoeneko habiara, alboan Argos zakurra zeneramala, nola artzaina mendian behera.

 

 

Hamaikak eta hogei. Leon Karrika zure logelara sartu zen, pinturen kutxatila eta zapi koloreztatu batzuk eskuetan zituela.

        — Banoak. Atzoko lekura noak —esan zizun—. Ez diat erreka zulo hori nik nahi bezala pintatzen asmatzen. Atzoko argia bezalakoa zagok gaur ere. Argitasun handia. Halakoa behar diat zulo hartan, errekako ura kolorez nola pizten den ikusteko. Horixe nahi diat margotu eta oraindik ez diat lortu. Bahator ala ez?

        Alferrik zihoala erantzun zenion, laster zela zaparrada gainean. Behiak etzanda zeudela soroaren erdian eta eguraldi aldaketaren seinalea zela abereen bat-bateko atseden mota hori.

        — Oh putain!, erotuta hago. Baleta dantzatzea ditek behiek, hala nahi badute.

        — Eraman ezak guardasol handi bat badaezpada —gaineratu zenion, baina Leonek jaramonik ez.

        Leon zure gelatik irten orduko, leihotik ortziari so geratu zintzaizkion berriz eta, asko jota, ordu erdi baino lehen gainean egongo zela ekaitza, horixe erabaki zenuen. Mendebaleko hodei berunezkoek argi erakusten zuten mezua, seinalea nahi zuenarentzat.

        Gero mahaitxoan eseri eta azalean Mutuaren hitzak zioen kaierean idazteari ekin zenion, azken aldian ia egunero egiten zenuen antzera.

        Horrelako idazte lanik zergatik hartu duzun, oraino ez dakizu argi adierazten. Hobeto esanda, ez diozu zeure buruari garbi aitortu nahi idazteko piztu zaizun grina berri horren arrazoirik. Lehen, Abiadura Handiko Egunetan eta beti, irakurle soila baino ez zinen. Orain idazle ustekoa ere bai. Kirofanoko ebakuntzatik esnatu zinenetik, lehen izan zinen irakurle amorratuari idazleak irabazia dio lekua. Idazle ustekoak. Esazu egia, Damian, orain arte izan zaren irakurle baino, idazle zenuke nahiago aurrerantzean. Ez esan niri ezetzik, ez engaina zeure burua, nola eroak berea. Hamaikak eta hogeita bi.

 

 

«Harrigarria da artistaren dohaina. Leonek errekari egin nahi dion koadroa bikaina iruditzen zait egiazki. Orain arte ikusi diodanik onena. Ez du zerikusirik duela urte batzuk margotzen zituen beste paisaiekin. Errazagoak, nabarmenagoak ziren pintzelada haiek. Hazi egin da Leon pintore moduan. Jada ez du aski begien aurrean ageri dena garbi margotzearekin. Hori duela lau egun ere bazeukan lortuta, oihalean harrapatuta zeukan erreka zuloa bere ñabardura guztiekin. Hala iruditu zitzaidan behinik behin.

        Koadroan primeran ikusten zen errekak nola pitzatzen zuen baso hezeko berdetasun iluna. Argi zerrenda bat zen sasi arteko laiotzean. Zilarrezko ura ageri zen errekaren zati batzuetan, berunezkoagoa besteetan, baina Leonek ezetz eta ezetz, hori ez dela nahikoa, kontua ez dela agerikoa margotzea, bera ez dagoela horretarako. Argazki kamera erabiliko zukeela bestela. Eta bera ez dela, inondik inora, argazkilaria. Ezta izan nahi ere. Ez duela errealitatearen azala ehizatu nahi. Margolaria dela bera. Artista. Ikusten ez dena ehizatu nahi omen du pinturan.

        Nik ez dakit zer izan daitekeen horrelako gauza bat. Inon ez dagoena, ez dakit non egon daitekeen gordeta. Askotxo da niretzat. Ukitu edo ikus ez daitekeena, ez dezaket inola ere irudika. Ezinezkoa zait.

        Leon margotzera irteten den bakoitzean, gustura joaten naiz berarekin, eta begira egoten natzaio ezer esan gabe. Ezer esan ezinik. Orduak eta orduak. Ez naiz sekula aspertzen haren eskuak oihalean sortzen duen irudi berriari segika. Hipnosi modukoa da niretzat. Berak ere ez du deus esaten. Soilik biraoren bat gauzak nahi bezala irteten ez zaizkionean, edo bekokiko izerdi tantoren bat begiak erretzera sartzen zaion bakoitzean.

        Duela lau egun, erreka inoiz ez bezala margotuta zeukanean, koadroa amaitu zuela uste izan nuenean, ezabatu egin zuen guztia. «Oh, putain! Ez da hau, ez da hau!», esan zuen, egindako lan guztia zapi batez kakanahasten zuen artean.

        Ez nion ezer esan, baina, nire ustez, berak sekula lortutako lanik ederrena ezkutatu zuen horrela jokatu zuenean, eta liburu eder bat edo kanpandorre gotiko bat erretzen deneko zirrara bera nabaritu nuen neure barnean. Zurztasunaren antzeko sentipena nagusitu zitzaidan oihal gaineko errekaren irudi eder hura ezabatzearekin batera.

        Orduan ulertu nuen beharrezkoak dituela horrelako tirabirak artistak. Errautsetatik elikatzea dela bere zeregina. Egindako akatsak ezagutzerakoan aurkitzen duela bide berria. Eta, batez ere, ausardia eta egia behar dituela lagun, lotsa eta zalantza bazterrean uzteko.

        Zer ote da, inon ez dagoena izanik, harrapatu nahian dabilen hori?, galdetu nion neure buruari oihaleko erreka eder hura desagertzen ikusi nuenean. Eta, batez ere, zergatik deitzen dio errekaren koadroari «Ez dago hemen»? Nik «Erreka» deituko niokeen eta kito. Edo «Ura» edo «Basoko zuloan» edo antzeko beste zerbait, gehienez ere.

Harrigarriak zaizkit zeharo artistaren berezko bideak. Idazleak gehiago ulertzen ditudala uste dut. Hurbilagokoak zaizkit. Azken batean, hitza dute erreminta. Hitzaren bidez egiten dute bidea. Neuk ere badezaket hori. Baina artista plastikoak! Beti harantzagokoaren bila, konta ezin daitekeena kontatu nahian. Gehiegizkoa zaio nire ulermenari.

Horrexek harritzen nau gehien artistengan: zein liluratuta bizi diren inon ez dagoenarekin. Usmatzen dutenarekin. Agian horixe da aldea Leonen eta nire artean. Bera bezalako artistaren eta ni bezalako gizonaren artean. Nik dagoenari behatzen diodala hurbiletik, eta hark inon ez dagoenari urrutitik.

        Ez dakit segur, baina halako zerbait behar du izan bion arteko lubaki hau betetzen duen aldearen materiak».

 

 

Ez zaitez hain sakon-itxurak egiten hasi zure kaier horretan, Damian. Esan ezazu behingoz, ez dakizula fitsik artearen iturburuez. Ez dakizula ezer artearen zeregin eta betekizunez. Erantzun bestela: zertarako balio du arteak?

        Karrikak esana dizu ez dela edertasuna berak bilatzen duena. Hori lortua zuen aspaldi. Zer da, beraz, artea? Zein du bere egitekoa? Esazu zerbait zure kaier horretan, ausartzen baldin bazara bederen. Ala, gehitxo da zuretzat?

        Ordu bata eta hamar. Orduantxe hasi zuen euria goian-behean. Zeuk uste izandakoa baino apur bat geroago. Zaldiak eta behorrak arbolapeetan gorderik, behiak belar gainean etzanik, soilik ardiek jarraitzen zuten bazkan, ezer gertatuko ez balitz bezala. Ardiak, beldurrak bakarrik mugiarazten dituen abere zakilak, pentsatu zenuen. Berehala egiaztatu ahal izan zenuen hori: tximista hurbileko batek trumoi ikaragarria ekarri zuenean, goiko muino baten atzean saltaka ezkutatu zen artaldea, noraezeko ihesean eroturik. Auzoko zakurrak espantuzko zaunkan, zaldiak ere urdurituta zeuden arbolapean ekaitzaren oldar eta burrundararekin. Behiak, aitzitik, ez. Haientzat bazirudien erreka ufaldu behar zuen zaparrada egundokoak ez zeukala inolako garrantzirik.

        Urruneko oihu bat entzun zenuen nonbaitetik, euri hotsetan itoa. Leihotik behatu eta Bizkarrekobordan ageri zen Leon aterpeturik. Soroaren goeneko bordan. Koadroa besarkaturik bezala zeukan beso artean. Gorputza baino handiagoa zen laukiak, ihes egin nahi zion geometria zirudien urrutitik. Keinuka ari zen Karrika eta, oker ulertu ez bazenion, guardasola hartu eta bere bila joateko agintzen zizun. Zaparradaren erdian.

        Halaxe egin zenuen, atarian zintzilik zeuden bi gabardina, aterki handi bat eta Argos zakurra hartu eta soroan gora abiatu zinen, lagunari laguntzera. Belardi gaineko pauso bakoitzean ikusi zenuen lurrak ez zuela bat-bateko urik xurgatu nahi. Ezin zuela zupatu gainera zetorkion ur gehiegizkoa. Uztaileko beroak lehorregi zeukala lurra edaten hasteko. Trinkoegi. Gogorregi. Harriegi. Hala segitzekotan, aurki zela uholdea bazterretan. Horixe pentsatu zenuen bordara bidean. Bustialdi ederra jasotzen ari zinela ere bai. Eta nahi bazenuen eta ez, halaxe amaituko zenuela, zeharo bustita. Kaka zaharra, Damian, mela-mela eginda.

        Bordara iritsi ahala, Leon pozez oihuka ari zitzaizula ikusten zenuen, baina ezin zenizkion esaten zituenak entzun. Hainbestekoa zaparrada eta trumoi hotsa. Zeu ere bordako aterpean sartu zinenean soilik ulertu zenion irribarre zabal batekin esaten zizuna:

        — Bazaukaat. Oh putain!, finitu diat koadroa, Damian. Finitu diat.

        Gero bi gabardinak erabili zituen Leonek koadroa behar bezala bildu eta babesteko. Guardasolaren azpian zindoazten bi gizonezko soroan behera, Argos zure zakur handia alboan eta errekaren koadroa gabardina artean bildurik. Forma ezohiko bat osatzen zenuten urrutira, gamelu harrigarri baten antzirudiaz. Izaki anitza izan arren, bakarraren legez mugitzen zena zelai berdean behera. Edo antzeko zerbait.

        Soroan etzanda zeuden behiak jaiki egin ziren, osatzen zenuten munstro hura eurenganantz zetorrela ikusitakoan. Ezin izan zioten antzik eman hurbiltzen ari zitzaien forma harrigarri hari. Eta, badaezpada, eurak ere handik urrunduta hobeto zeudela erabaki eta alde egin zuten zaldiak eta behorrak zeuden lekurantz, soroa mugatzen zuen arbolapera. Ekaitzak lortu ezindakoa eragin zenuten zeuok, edo, hobeto esan, bi gizonek, txakurrak eta koadroak osatzen zenuten piztia itxurakoak. Ordu biak hogei gutxi.

 

 

Egunak supituki ilundu izanaren kariaz, sotoko argiak piztu behar izan zenituzten Otsoenean, koadroa behar bezala ikusteko. Lehortu gabe zegoen oraindik margoa. Gabardinetan utzitako orban pinturazkoetan nabari zitekeen hori.

        Inguruan zeuden bestelako margolan guztiak kenduta, zurezko asto baten gainean ezarri zuen Leon Karrikak errekari eginiko koadroa. Ala, Damian, arteari buruzko gogoeta sakonetan zabiltzan honetan, errekari eginiko ordez, errekarekin eginiko idatzi beharko ote nuke?

        Leonek hutsik ikusi nahi zuen koadroa, biluts, ikusmena ostu zezakeen bestelako ezertxorik gabe inguruan. Gero han bertan eseri zen lagun margolaria, lurrean, eta fitsik esan gabe egon zen denbora luzean, egin berri zuen lanari begira.

        Zeuk ere isilik behatu zenion artelanari. Erreka zen han ikusten zena, lehengo eguneko erreka zulo berbera. Baina kolorezko pintzelkada haien artean bazegoen zuk adierazten ez zenekien beste zerbait ere. Ederra zen zinez margoa. Karrikak egindako onena, zalantzarik batere gabe. Eta zuk, supituan, koadro hura zeuretzat nahi zenuela erabaki zenuen. Sekula artelan bat erosi gabea izan arren, koadro huraxe lortzeko irrika bortitza sumatu zenuen. Artelan haren jabe izateko gogo gotorra. Zergatik esaten ez bazenekien ere.

        Agian bildumak egiteko zure zaletasun zaharra ernetzen ariko zitzaizun berriro. Sendatze bidean ibiliko zen zure antzinako alde hori. Lehen izandako gizonarengana itzultzen hasita egongo zinen, Otsoenean atsedendu eta gero. Agi denez, bildumagilearena ez baita hartu eta utzi egin daitekeen ezaugarria. Ederki dakizu hori. Bildumagilea, bildumagile da beti, bildumak hartzen duen forma hartzen duelarik ere. Ura beti ur den moduan, izan izotz, izan likido edo izan lurrun. Ura beti ur.

        Leon Karrikak adierazi zizunez, bat-bateko zaparradaren ilunak eguraldi argitsua estali zueneko argi zehatzaz eginda zegoen koadroa. Batetik besterako aldaketaren istant juxtu hartan, errekaren inguruko belarrak, hostoak, adarrak eta sasiak, nortasun itzelaz zitzaizkion agertuak. Ingerada guztiak zehatz.

        — Argiaren ahalmena eta magia duk hori —esan zizun Karrikak oraindik ere barnean ekarritako kitzikadura gainetik kendu ezinik.

        Bistakoa zen: lehengo egunean margotzen eta ezabatzen ikusi zenion osotasun abstraktuaren lekuan, banakako guztiak zizkion argiak jarri aukeran oraingoan. Errekastoaren ura ere ez zen lehenagoko egunetan margotu zuena bezalakoa. Bazuen beste zerbait pintura soil izateari utzi eta oihalezko laukitik salto egitera behartzen zuena. Baina, nola esan, zeharo errealista ere ez zen lan hura. Gehiago zeukan iradokizunetik, beste ezertatik baino.

        — Lehen bezala deitzen al da orain ere? —galdegin zenion gauzak apur bat gehiago ulertu nahian.

        — Bai. Ez dago hemen deitzen da orain ere.

Isilik geratu zinen une luze batez, borborka zetorkizun galdera mihian gorpuztu zitzaizun arte.

        — Eta zer da, ba, koadroan ez dagoena? —galdetu zenion, jakinik ez zegoela inon horretarako arraposturik.

        — Heuk asmatu beharko duk —esan zizun, lurretik jaiki eta bere gelara abiatu aitzin.

        Bakarrik geratu zinen orduan, koadroaren aurrean. Harixe beha jarraitu zenuen minutu batzuetan. Bakardadean. Bertan ez zegoen zerbait aurkitu nahi zenuen oihalaren azaleran. Eta poztu egin zinen Abiadura Eztiak halako gauzei erreparatzeko ematen zizun aukera apartarekin. Ezinezkoa zitzaizukeen hori Abiadura Handiko Egunen garaietan.

        Bai, margotu gabekoa ikusi nahi zenuen zeuk ere koadro hartan. Artistaren begirada eta sentipena zeureganatu, kosta ahala kosta. Baina ez zenion antzik ematen. Inondik ere. «Heuk asmatu beharko duk» esaldia bazitekeela itxurakeria hutsa izatea, erabaki zenuen orduan. Artistaren ohiko ihesbideetako bat.

        Halako batean, ordea, koadroan harrapatuta zegoen paisaia ilunak, lehentxeago izandako beste paisaia argitsuagoaren berri eman zizun. Istant bat lehenago desagertutako paisaiaren albiste eman zizun Leonek harrapatutako argi hark. Une hartan zenarena baino, izandakoaren zantzua zerion artelanari.

        Ez zenekien segur hori ote zenetz artelanak ezkutatzen zuen balioa, bi argi, bi leku eta bi denbora aldi berean harrapatzearen kontu hori, baina zerbaiten susmoa egiten zenuen. Zuk ere ulertu nahi zenuen arteak baduela begiradaz haragoko pisua. Bazela gauzak ikusteko beste manera bat esaten zizun senak. Bazela ordura arte zuk zeure baitan sekula erabili gabeko neurri ezkutuko bat. Gauzak ikusteko era egiazkoago eta sakonago bat.

        Ez zenuen jarraitu nahi izan. Beldurtu egin zinen. Alfertuegi zeunden zeure begiei berriz ikusten irakasten aritzeko.

        Sumatzen zenuen hori guztia zozokeria ere izan zitekeela pentsatu zenuen ondoren, buru-korapilo antzu bat baino ez. Ez zeniola horretaz hitzik esango Leoni, badaezpada. Agian artistak ez zuen erabili horrelako xede alferrikakorik bere buruan. Koadro hartan egon behar zuenik ez bazegoen, zuk ezin ikusiko zenuela inola eta inoiz. Zernahi izanik ere. Mila bider begiratuta ere. Artea misterio bat izan dela beti zuretzat. Eta halaxe jarraitzea duela hobe.

        Sototik gelarako bidea hartu aitzinetik, ordea, beste begirada azkar bat egin zenion koadroari. Eta bai, bistakoa zen pintura hark indar berezia zeukala. Erakusten zuenak baino gehiago agintzen zuela oihal hartan ezkutukoa zen beste zerbaitek.

        Eta desirapen bortitza gailendu zitzaizun ostera, sukar itzel baten antzera: kosta ahala kosta, margo hura zeuretzako nahi zenuen.

        Ordu biak eta laurden.

 

 

© Hasier Etxeberria

 


www.susa-literatura.eus