Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA
Unai Elorriaga - Iazko hezurrak

 

LEHEN ATALA

 

 

Irene Arriasek ia zentimetro eta erdiko urratua egin zion amari jaio zenean, Algortan, 1971ko urtarrilaren 25ean. Odol asko eta desberdinak nahastu ziren amaren izterretatik, likido lodi batzuk ere bai beharbada. Gauza da medikuak uste baino denbora gehiago behar izan zuela gero amaren haragiak berriro josteko. Odol tanta batzuk jausi ziren orduan gelako zorura, solidoak ia, eta medikuaren laguntzaile batek zapaldu zituen konturatu barik, apur bat barreiatu ere bai, gehiegi ere ez. Alfredo Borreguero bera, mediku herrena, izan zen Irene Arrias besoetan hartu zuen lehena, garbitu ez bazuen ere. Hori guztia Algorta erdi-erdian, trenbidetik oso hurbil, Avenida del Ejército esaten zioten kalean, Bilboko Basurtuko ospitaleari Hospital Civil del Generalísimo esaten zioten bezala, urte bi geroago Eustakio Mendizabal Txikia hara hiltzera eraman zutenean, bala zulo bat bizkarrean eta beste bat buruan, frontalean sartu eta okzipitalean kanporatu zena.

        Irene Arriasen amari orduan etorri zitzaizkion neke guztiak kolpera, gau osoko nekeak, giharretakoak, biriketakoak. Minbera zeukan joskura eta ohe-jantziak odolez eta orban beilegiz zeudela zikin, horretaz ohartu zen, ia beste ezertaz ohartzen ez zen une batean. Begiak behin eta berriro ixten zitzaizkion, segundo gutxiko tarteekin, umea gainean zeukan arren, bularrei begira. Irene Arrias umearen buruak gora eta behera egiten zuen, amaren titimuturra aho barruan sartzeko, baina ez zuen topatzen, begiak itxita oraindik. Kolpeak hartzen zituen umeak titi-sagarraren kontra, sudurrean eta kokotsean batez ere. Baina lortu egin zuen halako batean, amak ikara bat sentitu zuen, eta une horretan bertan, 1971ko urtarrilaren 25ean, Irene Arriasek amaren titiburua aurrenekoz harrapatzen asmatu zuen unean bertan, abiatu zuen estatu-kolpea Idi Amin Dada jeneralak Ugandan, Milton Obote presidentea atzerrian zela.

        Lehen orduetan, Irene Arriasen ama lehen lo txikiak egitea lortzen ari zen bitartean, armadaburu gehienak hil zituen Idi Aminek. Hurrena, abokatu, irakasle, mediku ugari atxilotu eta hil zituen. Auzitegi goreneko presidenteari, Benedicto Kiwanukari, esate baterako, hankak eta besoak ebaki zizkion hasteko, sexu-organoak erauzi gero eta ahoan sartu. Odolusten ari zela, bizirik artean, erre egin zuen.

        Susmoa beti izan da Idi Amin jenerala kanibala izan zela. Hala eman zuten aditzera Rise and fall of Idi Amin filmean, hala deklaratu zuen sei urte geroago John Kibukamusokek, agintariaren mediku pertsonalak, Ingalaterrako ganberan. Esan zuen Michael Ondaga ministroa Nilo ibaiko uretan topatu zutela, ebakia ikusi ziotela sabelaldean eta gibela falta zuela. Azaldu zuen gero Idi Aminek berak jan zuela ministroaren gibela, ohitura zela haren herrian, etsaien haragi zatiak irensten zituztela, espiritu gaiztoak uxatu eta aldeko zorteari eusteko. Beste ugandar batek, Henry Kiembak, Daily Monitor egunkarian idatzitakoaren arabera, ohikoa zen orduko Ugandan, horregatik egin zuen Londresera ihes, ez zuelako Victoria lakuan agertu nahi, esan zuen, laurdenduta.

        Ugandan bertan, mende bat lehenago, europarrak sartu aurretik eta kartografoak lehen saiakerak egiten ari zirela, Mutesa erregeak egunero hiltzen zuen hainbat pertsona, gorteko zerbitzariak batez ere, zentzuzko arrazoirik gabe, orkatila erakusteagatik, erregearen arropa konturatu gabe ukitzeagatik. Ezagutzen ez zuen gizon bat tirokatu zuen Mutesa erregeak behin, John Hanning Speke esploratzaileak oparitutako karabina probatzeko. Sasoi bertsuan, gorputz-atal guztiak ebaki zizkion emakume gazte bati apurka-apurka eta putreei jaten eman. Emakumea ez hiltzeko agindu zien zerbitzariei ordea, jaten eta edaten emateko, bizirik eusteko ahalik eta luzaroen. Putreak bere besoei haginka ikusi zituen emakumeak.

        Herrialde handia da Uganda, zabala, Hungaria, Eslovakia, Kroazia eta Belgika batuko balira baino zabalagoa, eta Victoria lakuaren ipar partea dauka eta oihan zati batzuk; gorpu asko desagerrarazteko moduko herria da. Ugandak Ruanda du ondoan, herrialde minimoa, euskal herriak baino apur bat handiagoa, apur bat baino ez, baina gorpu asko eragin dituena, Ugandak bezala, Idi Aminek eta Mutesa erregeak bezala, mutilatu asko, Sierra Leonak bezala. Tutsiak milaka hil zituzten Ruandan 1994an, milioia ere bai, hutuak ere milaka noski. Tirokatuta hil ziren batzuk, baina asko, gehienak, mailu kolpez eta aihotz kolpez, odol askorekin seguruenik, garun zatiekin eta kiratsarekin; ospitaleetan, Mugoneron esate baterako, edo eliza adbentistetan... Kristauak dira ruandarrak.

        1994ko genozidio ahaleginaz gauza asko esan izan da, askok hitz egin du, gutxigatik libratu zirenek batez ere. Cassius Niyonsaba ruandarra, esaterako, Nyamatako elizan gorde zen masakreak hasi zirenean, artean ume-umea zela, eta kontatzen du eguerdia baino apur bat lehenago sartu zirela interahamwe taldeak hara, kantuan eta algaraka, eta aldarte horrekin hasi zirela jendea hiltzen, aihotz kolpez, lantzaz ere bai, eta berari, Cassiusi, mailukada bat eman ziotela odol artean, baina hesi baten atzean ezkutatu ahal izan zela arrastaka.

        Arratseko lehen orduetan ume txiki batzuk erre zituztela kontatzen du, eliza atarian, eta ondo gogoan daukala usaina, haragiarena eta petrolioarena. Ume txiki gutxi libratu izan zela esan da beti... Jeannette Ayinkamiyek ere hala kontatzen du: ama tutsiak ikusi zituela sasoi hartan seme-alabak besoetan hartu eta ibaian itotzen... Esaten da ez zutela milizianoak etorri arte itxaron nahi izan.

        Gazte batzuek hartu zuten gero Cassius Niyonsaba umea lepoan, nekez jar zitekeen zutunik, eta sasi artean ezkutatu zuten. Baina han ere topatu zuten interahamweek, txakurrak zituzten. Burua ireki zioten aihotzaz, konortea galdu zuen, hilda zegoela pentsatu zuten.

        Mathilde andreak topatu zuen umea gutxira eta umunzenze zuhaitz erraldoietan zaindu. Cassiusek pentsatu zuen, halako batean, burua usteltzen ari zitzaiola eta zizareak zeuzkala garun barruak jaten. Zizareen zarata entzuten ari zela pentsatzen zuen, barrenak jaten, garun barruan... Mathilde andrea senar hutuak hil zuen gero labankadaz, Rwaki-Birizi urmaelaren ertzean, ume tutsia zaintzen aritu zela jakin zuenean.

        Cassius Niyonsabak esaten du: «Elizako patiora joatea da orain gehien gustatzen zaidana, hilketei ihes egin nien lekura. Egunero joaten naiz, eskolarako bidean dago. Larunbatetan eta oporretan ere han egoten naiz. Batzuetan izekoren ahuntzak eramaten ditut, beste batzuetan adiskide batek laguntzen dit pilota batekin edo jesarrita geratzen naiz, bakarrik».

 

                Eguna zala eguna zala

                bart irargia zanean

                neure maiteak bota egin eustan

                lantzea bentanarean

                hiru letratxu beharko ditu

                sepultureak ganean.

 

        Eta hori da Ruanda eta hori da 1994ko genozidio ahalegina, Irene Arrias unibertsitateko azken urteko azterketak prestatzen ari zenekoa, apirilean eta maiatzean. Horrela hil ziren ruandarrak, milioia baino askozaz gehiago, Europako egunkariak arduratzen hasi zirenean: «Atzo atera zituzten Kigalitik lehen 43 frantziarrak, laster hasiko dira belgikarrak ere Bruselara ekartzen».

        Philip Gourevitch kazetariak esaten du 1995erako ez zegoela Ruanda osoan txakur bakar bat ere, RFPko tropek hil zituztela, giza gorpuak jateko ohitura hartu zutelako. Bideoak ere badaudela esaten da.

 

 

Une jakin batean lotan geratu ziren ama-alabak, Irene Arrias eta Begoña Sasieta. Amaren arnasa baino ez zen entzuten gelan, apur bat behartuta. Umearen amamek zertxobait lehenago alde egin zuten, denbora zen medikua eta laguntzailea ez zirela agertu. Minutu batzuk geroago, amak izaretan zirkin egin zuen une berean, bonba batek egin zuen eztanda Glasgowko agintari baten etxean. Angry Brigade taldekoek leherrarazi zuten.

        Hainbat atentatu egin zituzten Angry Brigadekoek 1971n, Londresen batez ere: South African Airways, Barclays Bank, Scotland Yardeko ordenagailu sistema... If you»re not busy being born, you»re busy buying esaldi ezaguna jaurti zuten taldearen zortzigarren komunikatuan. Atxilotu zituztenean, Ingalaterrako historiako epaiketarik luzeenera behartu zituzten.

        Aste batzuk lehenago, Begoña Sasieta zazpi hilabeteko zegoela, Espainiako enbaxada tirokatu zuten metrailetaz Londresen. Euskal neba-arreben alde egin zutela, hori esan zuten gero, non eta euren historiako lehen komunikatuan, aurkezpen-komunikatuan: We machine-gunned the Spanish Embassy last night in solidarity with our Basque brothers and sisters. Burgoseko prozesua antzezten ari zen orduan.

        Stuart Christie eskoziarrari ere leporatu zizkioten Angry Brigadeko atentatuak, beharbada urte batzuk lehenago, 1964ko abuztuan, Madrilen atxilotu zutelako Francoren hilketa prestatzen ari zela. Hogei urteko kartzela-zigorra eman zioten baina 67an atera zen, mundu osoko presioak egon zirelako, Bertrand Russell eta Jean-Paul Sartrerenak tartean. Sartrek idatzita utzi zuen: «Erreformarako tentazioa erabat baztertuta geratu da, eta Euskal Herriak erradikalizatu beste erremediorik ez du: orain badaki borroka armatuaren bidez baino ez duela independentzia lortuko».

        Irene Arriasek hilabete egin eta egun batzuk geroago, otsailaren 27tik 28rako gauean, aurrenekoz egin zuen lo sei orduz jarraian, gurasoei sosegu apur bat emanez. Eta hiru hilabete egiteko zegoela, apirilaren 21ean, François Duvalier hil zen, ohean noski, baina semea utzi zuen agintean Haitin beste hamabost urtez, Jean-Claude Duvalier.

        Papa Doc esaten zioten François Duvalierri, medikua zelako, Jean Etxepare bezala, António Lobo Antunes bezala, baina, guztiarekin ere, jende asko atxilotu zuen, eskuak eta hankak lotzen zizkien eta zulo handietara bota nahasian. Porlana botatzen zuten gero Tonton Macoute polizia sekretukoek atxilotuen gainean, artean bizirik. Lehortzen utzi eta lisatu egiten zuten, zehaztasun handiz tarte batzuetan. Ez da erraza imajinatzea nola ustelduko den gorpu bat porlanetan, ustelduko ote den, ze jarrera hartuko duen... Badirudi kontuan hartzeko modukoak direla batzuetan hildakoen jarrerak... Ruandan badira gorpu ustelduen adibide batzuk, porlanaren gainean, lokatzetan, belarretan, argazkiak ere badaude, asko tutsiak eta txakurrak; euskal herrietan zailagoa da gorpu ustelduak lurrazalean ikustea.

        Papa Doc Duvalierrek torturetako aretoa eraikitzeko agindu zuen bere etxeko sotoan bertan. Zuloak egin zituen hormetan gero, hartara zikindu barik ikusten zituen torturatuak, medikua zelako beharbada. Esteban Muruetagoiena medikua ere torturatu zuten hainbat egunez, baina Oiartzunen atxilotu zuten, ez Port-au-Princen. Poliziak libre utzi eta hirugarren egunera hil zen. ETAko kide bat artatu zuelako atxilotu zuten 1979an, baina hiru urte geroago hil zuten, Irene Arriasek kalean jausi eta petril baten kontra aurreko hortzetako bat apurtu zuen egunean bertan. Ezpainak handitu zitzaizkion, goikoa batez ere, odola ere bota zuen apur bat. Espainian munduko futbol txapelketa jokatzen ari zen urtean hori.

        Algortako Tamarises hotelean egon ziren Ingalaterrako selekziokoak munduko futbol txapelketaren hasieran, lehenengo hiru partiduak San Mamesen jokatu zituztelako, Bryan Robson, Kevin Keegan. Hogeita zazpigarren segundoan sartu zion Robsonek gola Frantziari, munduko kopen historian golik goiztiarrenetako bat San Mamesen. Azpimarratu egiten da oso nazionalista gutxi dagoela munduan, baina asko estimatzen dira selekzioak gero.

        Irene Arriasek Algortako María Cristina parkean ikusi zituen aurrenekoz ingeles zaletuak, mozkortuta noski, kamiseta gabe asko, lurrean etzanda, lotan edo konorterik gabe, oihuka. Hiru urte geroago jakin zuen, gauzak modu askozaz koordinatuago batean ulertzen hasi zenean, futbol talde ingeles guztiak kanporatu zituztela Europako lehiaketetatik bost urtez, Belgikako Heysel estadioan 39 lagun hil zirelako, itota, italiarrak gehienak, Juventus eta Liverpool jokatzen ari ziren finalean. Hildakoen izenak ere jakin ditzakegu, Giancarlo Gonnelli, Giovanni Casula, Gianfranco Sarto. Askoz nahasgarriagoak dira Ruandan hildakoen izenak, edo kanbodiarrenak, Ipar Koreakoak... Turkiarrek ere ezabatu zituzten izen armeniar batzuk 1915ean.

        Algortako María Cristina parkean biltzen ziren ingelesak partidu egunetan, han ikusi zituen Irene Arriasek askotan. María Cristina Austriakoa bera ere hildakoa zen ordurako, eta horren gauza garbiak ere ez zituen egin bizi zela, baina haren izena inprimatuta geratu da, parkeetan eta hoteletan, euskal herrietan ere bai, etxe jakin bateko alaba, emaztea eta ama zelako.

        François Duvalierren ama zoroetxe batean sartu zuten, Papa Docek medikuntza ikasketak hasi baino askozaz lehenago, artean ume-umea zela.

 

 

Urtea eta lau hilabete egin zituenean hasi zen Irene Arrias ibiltzen, normala batzuen ustez, beranduegi beste batzuentzat, ekainaren 1ean. Hitz batzuk esaten ere hasita zegoen aste batzuk arinago... Egun horretan beraz, ekainaren 1ean, hiru pauso eman zituen laguntzarik gabe, sofa marroikara batetik aitaren belaunetara, Frankfurten Andreas Baader atxilotu zuten une berean, tiroketa luze baten ondoren.

        Jan-Carl Raspe eta Holger Meins harrapatu zituzten Baaderrekin batera. Atxiloketaren grabazio bat ere badago, ez lar ona agian, baina ezta eskasegia ere. Momentu jakin batean pantailan hamabost polizia ikus daitezkeen arren, pentsa liteke kameraren enkoadraketatik kanpora beste asko daudela: etzanda ikusten dira batzuk, autoen atzean babestuta, hiru-lau metraileta zenbatzen dira erraz, pistolak beste guztiak, tanketa bat, hiru anbulantzia. Atxilo bi baino ez dira irudietan ikusten, erdi biluzik, nabarmen zauritua bietako bat. RAFeko kideak ziren, Rote Armee Fraktion, baina hedabideek Baader-Meinhof izena asmatu zieten, Ulrike Meinhof kazetariak lagundu ziolako Baaderri kartzelatik ihes egiten.

        28 lagun hil zituzten RAFekoek, 39 zauritu. 1977an, esate baterako, Siegfried Buback hil zuten, Alemaniako fiskal nagusia, eta urte berean bahitu eta exekutatu zuten Hanns-Martin Schleyer, Daimler Benz enpresako eta Alemaniako patronaleko presidentea.

        Hiru hilabete geroago, Israeleko hamaika kirolari bahitu zituen Irail Beltza talde palestinarrak Municheko Olinpiar Jokoetan. Guztiak hil ziren gero, Alemaniako Polizia erreskatean ahalegintzen ari zela. Esaten du T. Judt historialari britainiarrak RAFekoek lagundu zietela palestinarrei atentatua prestatzen, harreman estua zeukatela, urte batzuk lehenago elkarrekin entrenatu zirela Jordaniako kanpamentuetan. Esaten du Judtek IRAko irlandarrak ere egon zirela Jordanian, ETAkide batzuk ere bai. Andreas Baader bera, Ulrike Meinhof eta Gudrun Ensslin ere bertan entrenatu ziren, baina badirudi kanporatu egin zituztela, portaera arazoak... Sexua aipatzen da.

        Baina ematen du buelta etorri zela, beti da gauza bera, akzioa-erreakzioa, inork ez du pentsatu gabe ezer asmatzen. Olinpiadetako bahiketaz arduratu ziren Irail Beltzeko arduradun asko Israeleko Mossadekoek hil zituzten gero, munduko puntu askotan. Erratu ere egin ziren, zerikusirik ez zeukan marokoar bat hil zuten, esate baterako, Norvegiako Lillehammer herrian, palestinar batekin nahastuta. Steven Spielbergek ere filma estreinatu zuen 2005ean Municheko bahiketaz, ondorengo urteez, Irail Beltza, Mossad, Irene Arriasek ospitalean bost egun egin behar izan zituen hilabetean. Munich izena eman zion.

        Bertsio ofizialak esaten du, bestetik, Ulrike Meinhofek bere burua urkatu zuela Stuttgarteko ziega batean, eta Baader, Raspe eta Ensslin ere hilda aurkitu zituztela kartzelan hurrengo urtean, baina ematen du ia inork ez duela bertsio hori sinetsi. Urte batzuk geroago, Meinhofen alabak, Bettina Röhlek, salatu zuen amaren gorpuari burmuina atera ziotela burezurretik, familiari baimenik eskatu gabe, zertarako eta Ulrike Meinhofen portaeraren arrazoiak aztertzeko. Hala dio orduko The Times egunkariak: As Frau Röhl told it yesterday, her mother»s brain was removed for closer examination by Jürgen Peiffer, of Tübingen University.

        Ulrike Meinhofen garuna erauzi eta hamazortzi urtera, gizon batek lankide tutsia hil zuen, Ruandan. Etxe ondoko zulo batean lurperatu zuen, atzeko partean, etxetik oso hurbil. Handik zortzi hilabetera, hildakoa deika zuela sentitu zuen ametsetan... Ohetik jaiki, etxe ostera joan eta lurrean hasi zen aztarrika. Atera ere atera zituen gorpuzkiak, hezurrak batez ere, oihal zati batzuk. Ikusi egin zuten auzokoek, nola ez zuten ikusiko, beti dago begiren bat, eta kartzelara sartu zuten. Kartzela barruan plastikozko poltsa batean ibiltzen zuen zulotik ateratako burezurra, batera eta bestera, sekula ez zuen eskutik askatzen, ezta bazkaltzeko ere, sexu bakarrekoan ere ez, oso hurbil uzten zuen lotan zegoela.

        Quim Monzó idazle katalanaren testuetan ere agertzen dira halako plastikozko poltsak. Ipuin batean kontatzen du nola ibiltzen duen aitaberri batek hilda jaiotako semea Bartzelonako kaleetatik El Corte Ingléseko poltsa batean. Nola erakusten dizkion seme hilari aitaren umetako tokiak, nola sartzen duen umearen gorpua etxeko hozkailuan inoizko ondoen garbitu ondoren, nola egiten duen lo hozkailuaren ate aurrean, goizeko bostak arte, sukaldeko aulki batean.

        Askotan nahasten dira burezurrak eta plastikozko poltsak beraz: Tübingengo Unibertsitatean, Ruandan, printzipioz naturala ez dena... Polizia-etxe batzuetan ere bai... Garuna ateratzeko hautsi egin behar da burezurra lehenago, baina hezurra nahita puskatu arren, ez da inolako asmorik batzuetan garuna handik ateratzeko. Barruan usteltzen da, kiratsarekin, betiko moduan, eta zarata txiki batzuekin, Cassius Niyonsabaren kasuan bezala.

        Fikzioan ume hilak ere ager daitezke plastikozko poltsetan, Monzóren ipuinean bezala, fikziotik kanpora zaborrontzietan agertu izan dira. Nyamatako elizaren ate aurrean erre ere egin zituzten ume jaioberriak; Cassiusek berak ikusi zuen burezurra hautsi baino ordu batzuk lehenago.

        Innocent Rwililizak ere kontatzen du ume erreena, baina ezin da jakin sutan ikusi zituen ala ez, litekeena da ezetz. Emakumeak, umeak eta gizonik ahulenak baino ez zirelako elizara gordetzera joan masakreak hasi zirenean; Innocent basoan ezkutatu zen, eukalipto artean. Kontatzen direnetatik gutxi dira bertatik bertara ikusitakoak, ezin izan zituen Innocentek ume erreak ikusi basotik, herritik bi edo hiru kilometrora. Izan ere, oso gutxitan ikus daiteke indarkeria hurbiletik, ez bada grabazio batean, Samuel Doeren tortura-saioa eta exekuzioa bezala, Irene Arriasek, esate baterako, hamarkada bi geroago ikusi zuena, bere bulegoko ordenagailuan, Zamudioko industrialde batean, 2011ko ekainaren 9an.

 

 

Irene Arrias jaio baino zortzi urte lehenagotik bizi ziren gurasoak, Begoña Sasieta eta Abel Arrias, Telletxe kalean, 1 zenbakian, Algortako tren-geltokiaren aurre-aurrean. Telletxe kaleari ez zioten beste izenik eman, Algortako printzipalenetako bat izan arren, Borreguero klinika zegoen kaleari Avenida del Ejército eman zioten bezala, calle Hispanidad jarri zioten bezala beste bati, edo Capitán Morga.

        Abel Arriasen aitak egin zuen Telletxe kaleko lehen etxe hori, eta bertan bizi ziren Ireneren izeko-osaba gehienak. Hiru solairu zituen, ganbarak, atikoa, igogailurik ez. Irene Arriasen etxeko leihoetatik ez zen geltokia ikusten, ez ziren trenak ikusten, entzun egiten ziren, barrura begira zegoelako, ikaztegi bati begira eta mojen ikastetxe bati. Baina izekoren balkoitik bai, aurre-aurrean ikusten zen tren-geltokia, manifestazioak ere bai. Telletxen egiten ziren Algortako manifestazioak, eta pertsianak itxi behar izaten ziren, Guardia Zibila, grisak zetozenean ere bai. Esaten zen tiro egiten zietela leihoei, pertsianetako zuloak erakusten ziren orduan.

        Begoña Sasietak koinatari esaten zion, lobei esaten zien, ez irteteko balkoira, ez ibiltzeko kaletik mesedez gomazko pilotak hartzen... Begi galduak gogorarazten zizkien, kolpe txarrak buruan. Esaten zuen, beti esaten zuen, polizia bi igo zirela behin etxeraino, grisak, zarata handiarekin egurrezko eskaileretatik, manifestazioko jendea ikusi zutelako etxe hartara sartzen, Telletxe kaleko lehen etxe hartara. Etxeetako atariak zabalik egoten ziren beti orduan, marmolezkoa Telletxekoa.

        Begoña Sasietaren ama, Marina Zabala, Sarrene baserrikoa, 1905ean ekarri zuten Algortara. Marina Zabalak ere ordu txarrak pasatzen zituen manifestazio egunetan, eta asko izan ziren hirurogeita hamarrekoetan eta laurogeikoetan. Ez zituen grisak ikusi nahi, arrosarioa esaten egoten zen atzeko geletan. Behin ikusi zituen grisak, ez zituen gehiago ikusi nahi.

        Kontatzen zuen Marina Zabalak, beti kontatzen zuen, korrika egin behar izan ziola behin ihes soldadu marokoar bati, gaztetan, ezkondu eta gero. Esaten zuen atzetik hasi zitzaiola San Ignacioko eliza atarian, «intentzioz» esaten zuen Marina Zabalak. Korrika egin behar izan zuela Basagoiti etorbidetik Casinoraino, etxeraino, etxeko eskailerak launaka igo zituela, eta atzetik jarraitu ziola gizonak etxeko atea itxi zuen arte, zarata handiarekin egurrezko eskaileretatik.

        Kontatzen zuen Marina Zabalak umea zekarrela barruan, itota heldu zela etxera. Eta Irene Arrias, gauzak askozaz modu koordinatuagoan ulertzen hasi zenean, konturatu zen Francoren tropak 1937ko ekainean sartu zirela Bilbora. Tropekin etorritako marokoar batzuk Basagoiti kaleko 5 eta 7 zenbakietako sotoetan sartu zituzten, Algortan, San Ignacio elizatik berrogeita hamar metrora. Irene Arrias konturatu zen ama, Begoña Sasieta, urte hartako abenduan jaio zela. Amama barruan zetorren Begoña Sasieta beraz, Basagoititik korrika, eskaileretatik, launaka, zarata handiarekin. Konturatu zen, halako batean, ama hiltzeko egon zela gizon hura, Marina Zabala amama harrapatu izan balu, edo eskaileretatik jausi izan balitz. Irene Arriasek heriotza propioari ere begiratu zion tarte batez, jaio aurrekoari, jaio baino hogeita hamalau urte lehenago izan zenari, Francok tropak ekarri zituenean. Uda edo udazkena behar zuen, eta marokoarrak asko mugitzen ziren Algortatik.

 

 

Begoña Sasietak Usategira eramaten zuen Irene Arrias urte bi eta hilabete batzuk zituenean, María Cristinara ere bai, udan batez ere, Villamontera ere inoiz, ahizparen etxera, baina Telletxen bertan geratzen zen askotan, tren-geltokiaren inguruan, espaloia zabalagoa zen. Apirilaren 19an, goizean, edadeko andre bat hurreratu zitzaion Begoña Sasietari, familiako ezaguna, arreta handia eskatzen ziona. Irene Arrias umeak amaren eskua askatu eta pauso batzuk eman zituen espaloitik. Utzi egin zion amak, ona umea.

        Tren-geltokira sartu zen gero Irene Arrias, nasetara. Zabalik egoten ziren orduan, ez zen konturatu ama; itxarongelan sartu-irtena egin zuen umeak, nasatik ibili zen. Geldirik zegoen Plentziarako trena, zain, merkantzia-trena, eta barrura sartu zen Irene umea. Zoroen moduan bilatu zuen amak ohartu zenean, espaloitik lehenengo, geltokitik, ikaratu ere egin zen, gizon batzuek lagundu zioten bilatzen, geltokiko langileek ere bai. Iskanbila apur bat ere sortu zen, mugimendu handia, jende asko ibili zen umearen bila, larritu ere egin ziren batzuk minutu batzuen buruan. Ama zorabiatu egin zitzaien, itxarongelako bankuetako batean eserarazi behar izan zuten. Zaku artean aurkitu zuten Irene Arrias umea, tren barruan oraindik eta lasai; korrikaldi txikiak egiten ari zen zaku batetik bestera. Garrasi egin zion amak aurpegitik zentimetro gutxira, negar batean hasi zen umea.

        Eustakio Mendizabal Txikia, ETA(V)eko fronte militarreko arduraduna, Itsasondon jaio zen 1944an, baina Algortako tren-geltokian itxaron zion Poliziak 32 urte geroago. Informeak zituzten, bazekiten han elkartu behar zuela Jose Manuel Pagoaga Peixoto arrasatearrarekin, «gazte ilehori batekin» esan zuen orduko egunkari batek.

        Eustakio Mendizabal Txikia eguerdian edo arratsaldean sartu zen Algortako tren-geltokiko itxarongelara, ez dago oso argi, Irene Arriasen etxetik hamalau metrora, Telletxe kalean. Lagunarekin elkartzera egin zuen Txikiak, baina berehala ikusi zituen poliziak, bere zain zeuden. Tiroka hasi zela esaten dute batzuek.

        Nasatik abiatu zen korrika gero, eskailerak jaitsi zituen, Villamonterantz, tunela, hurrengo eskailerak, hiru tarte. Eguzkiak gogorrago jotzen du Villamonten normalean, eguzkirik ez bada ere, beroagoa da tenperatura Algortan baino. Herrikoek esaten dute Txikiak ez zuela Algorta ezagutzen, mendirantz jo zuela, Berangoko berdea ikusi zuela geltokitik eta hara. Ezin da jakin, Lazkaoko beneditarrekin ikasi zuen, sistematizaziorako joerari eutsiko zion seguruenik, eta ikasita ekarriko zuen lekua beharbada, ihes egiteko bidea ere bai, ez zuen guztiz txarto egin.

        Jende asko zegoen Villamonten ETAkidea handik pasatu zenean, Irene Arriasen lehengusu batzuk ere bai, hamabi urte nagusiagoak; Eustakio Mendizabal Txikia ikusi zuten pasatzen, kalean jolasten ari zirela... Txikia bera ez zuten ikusi beharbada, baina poliziak bai, baten baten atzetik, korrika. Asko ziren atzekoak, ez da erraza esatea zenbat. Askoz geroago jakin zuten korrika ikusi zituztenak poliziak zirela, baina ez zuten gehiegi ere sinistu, ile luzea zeukatelako, luzeegia, eta poliziak ordenaren aldekoak zirela pentsatzen zen orduan.

        Hesi asko saltatu behar izan zituen Txikiak, alanbrezkoak batzuk seguruenik sasoi hartan, harrizkoak eta zuhaixkez eginikoak ere bai seguru, Villamonteko etxeetako lorategiak pribatuak zirelako orduan ere. Fadurako errepidera heldu zen: «Areetarako errepidea» esan zioten orduko egunkari batzuek.

        Biharamuneko ABC egunkariak esan zuen eguerdian ikusi zutela poliziek Eustakio Mendizabal Txikia Algortako tren-geltokian eta iluntzean heldu zela Fadurako errepidera. Zazpi minutu dago oinez leku batetik bestera, korrika askozaz gutxiago noski. Herriko batzuek kazetariek orduan idatzi zutena errepikatzen jarraitu dute hala ere... Esaten da geroago idatzi ziren txostenetan, artikuluetan ere bai, poliziak hankan jo ziola tiroa Txikiari korrika ari zela, baina Basurtuko ospitaleko mediku-taldeak garbi utzi zuen burukoaz aparte bizkarrean zekarrela bala-zauria ebakuntza-gelara sartu zutenean, ez hankan. Hankarena logikoa da beharbada, ihesi doala, edo epikoagoa: herren eta odoletan, korrika...

        Esaten dute orduko egunkariek, Fadurako errepidera heldu zenean, auto batera hurbildu zela Txikia, geldirik zegoela baina senar-emazteak barruan. Emakumea indarrez atera zuela eta pistolaz agindu ziola gizonari abiatzeko. «Hori bai» esaten du Algortako jendeak, «hori hala izan zen», ia inork ikusi ez bazuen ere. Autoaren jabeek kontatuko zuten beharbada... Ematen du horretan ez dagoela beste bertsiorik.

        Autoaren jabeak ez zuen abiatzeko astirik izan ordea, berehala heldu ziren poliziak, autoa inguratu zuten. Bertsio diferenteak hasten dira berriro hemen: Poliziak esan zuen tiroka atera zela Eustakio Mendizabal autotik, eta hor galdu zela, bala bat sartu ziotela bekokian. Kronikariek esaten dute Francoren erregimenak ez zuela Burgoseko epaiketa gehiago nahi, nahaste handia ekarri ziela, nazioartean batez ere, We machine-gunned the Spanish Embassy last night. Ez zuten, esaten dute kronikariek, ETAko kiderik bizirik harrapatu nahi, errematatu behar zuten Eustakio Mendizabal Txikia, hurbiletik, tiroketarik gabe, la bala ha penetrado por el frontal y salido por el occipital, provocando una gran pérdida de masa encefálica.

        Basurtuko ospitalera eraman zuten Eustakio Mendizabal Txikia, Hospital Civil del Generalísimo. Ebakuntza-gelan sartu eta hogei minutura hil zen; «esan liteke», esan zuen medikuetako batek, «hilda ekarri dutela». Eskuma-eskumako egunkari batek esan zuen, Sevillako edizioan, ahalegin handia egin zuela mediku-taldeak Txikiaren biziari eusteko, baina ez zutela, zoritxarrez, lortu: los esfuerzos por salvarle del equipo médico resultaron, por desgracia, inútiles.

        Polizia asko bidali zuten Basurtuko ospitalera bertara eta inguruetara, Txikiaren kideek ez zekitelako oraindik bizirik ala hilda zegoen. Handik bi egunera, gaueko ordu txikietan, auto bat ikusi zuten guardia zibilek ospitaleko gorputegiaren ondoan geldirik, argiak itzalita eta gizonezko bi barruan. Identifikatzera hurreratu zirenean, abian jarri zuten autoa. Agenteetako bat harrapatu zuen autoak ia, abiada handia hartu zuen... Egun batzuk geroago jakin zen nortzuk ziren autoan zeuden gizonezko biak eta zer ari ziren prestatzen. Hilabete batzuk geroago jakin zen Luis Carrero Blanco almirantea hil zuenari «Txikia komandoa» izena eman ziotela.

        Basurtuko ospitalea Manuel María Smith arkitektoak diseinatu zuen, jatorri irlandarrekoa, Algorta eta Neguriko erresidentzia asko egin zituena. Neguriko lehen etxeetako batean bizi izan zen Manuel María Smith, baina asko ibili zen Algortatik, Francoren tropekin etorri ziren marokoarrak bezala, Basagoiti etorbideko 5 eta 7 zenbakietako sotoetan sartuta egon zirenak. Askotan ikusten zituen arkitektoak kaleetatik, Marina Zabalaren atzetik abiatu zena ere bai beharbada.

        Bordelera alde egin behar izan zuen familiarekin Manuel María Smithek Gerra Zibila hasi zenean, eta arkitektoari buruzko tesia egin zuen María Teresa Paliza Monduate doktorearen arabera, 1937ko ekainean itzuli zen erbestetik, regresaron a Bilbao tras la liberación de esta ciudad el diecinueve de junio de 1937. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu zuen tesia 1988an.

 

 

Hiru urte zituenean sumatu zuen Irene Arriasek pieza batzuk falta zituela familian, amama bi zeudela baina aitite bakarra, aitari galdetu zion. Aitak erantzun beteago bat eman nahi zion, baina ezin izan zuen, ezin izan zuen arinago pentsatu. Kristaua zen, elizan jarraitzen zuen, nola ez zuen jarraituko, ia mundu guztiak jarraitzen zuen, baina Joan XXIII.a, Paulo VI.a, Vatikanoko gauzak... Seguru ere ez zegoen, ez zekien. Hala ere, falta zen aitite hori «zeruan» zegoela esan zion umeari, hori izan zen erantzuna, ez zuen gehiago pentsatu, ezin izan zuen. Irene Arrias umea ulertzen hasi zen, isilik geratu zen tarte batez, galdetu zuen gero: «Hori da erderaz Ha muerto?». Hor umearen lehen espasmo diglosikoa, Algortan, normala ere bai, gaztelaniaz egiten zion jende gehienak.

        Aitak amari kontatu zion gero umearen galdera, osaba bati ere bai, harrituarekin barre apur bat ere egin zuten, kalean hitz egiten ari zirelako, koloreak, mugimendu gehiegi, ez zutelako esaldia pentsatzen jarraitu, esate baterako loberritan esnatu zirenean gau horretan bertan.

        Marcello Caetano, Salazar diktadorearen ondorengoa Portugalen, sasoi horretan kendu zuten agintetik, Irene Arriasek esaldi hori bota baino lau egun geroago. Revolução dos Cravos, ez zuten inor hil, agintariei hegazkinez alde egiten utzi zieten, Madeirara lehenengo, Brasilera gero. Umeen heriotza-tasa, ordea, Europako altuena zen Portugalen, hori da erderaz Ha muerto, Eça de Queirozen portugesez, Morreu.

        Mozambike, Cabo Verde, Angola, beste koloniak batzuk ere usteltzen ari ziren bien bitartean, «probintziak» ere esaten zieten. Portugaleko ehun mila soldadu baino gehiago bidali zituzten hara, eta lau urte egin behar zituzten gutxienez Afrikan mobilizatuek. António Lobo Antunes idazlea ere eraman zuten Angolara. Soldadu talde bi ikusi zituen futbolean han, Angolako ume baten burua baloia, Ruandan bezala. Ruandan plastikozko poltsa batean zegoen burua, Alemanian Tübingengo Unibertsitatean, Angolan baloia zen; ematen du beti bilatzen dela bestearen burua. Belarriz eta sudurrez eginiko lepokoak ere ikusi zizkien Lobo Antunesek soldadu batzuei Angolan.

        António Oliveira Salazar 1889ko apirilaren 28an jaio zen, Hitler baino zortzi egun geroago. Hitlerren jaiotzetako bat idatzi zuen Roald Dahlek, Salazarrena idatziko zukeen bezala, hurbilago jaio izan balitz, Salazarrek Hitlerrena eragin izan balu. Salazarrek tarte bat eman zuen agintean, hala ere, 36 urte: pobretu egin zuen Portugal, pobreziatik salbatu zuen Portugal, hori da ekonomia... Baten batek pentsa dezake haren omenez eman ziotela izena António Lobo Antunes idazleari, 1942an. Egas Monizen omenez eman zioten, ordea, António hura ere, neurokirurgialaria, Nobel sariduna, lobotomia saiatu zuen lehenengoetakoa. Esaten du internetek Egas Monizen «kolaboratzaile estua» izan zela Lobo Antunesen aita, João Alfredo de Figueiredo Lobo Antunes, close collaborator of Egas Moniz. Internetek halako gauza asko ematen ditu... Esaten du sareak, esate baterako, Jean Cocteau literaturgileak Rolland Garrosekin egin zuela hegan gerra-hegazkinetan Lehen Mundu Gerran. Baina nekez sinesten da, izen ezagun bi elkartzen dira askotan, elkartzen ditu internetek... Lauaxetak ere ez zuen Rudolf Hessekin bilera egin Baionako zinema-areto batean, esate baterako.

        Gauza da Marcello Caetano jarri zuela Salazarrek agintean, baina armadak kendu zuela 1974an, Irene Arrias heriotzari buruz hizketan hasi zen sasoian. Ofizial gazteak ziren orduko armadakoak, ezkerrekoak, komunistak, erradikalak. Esaten dute historialariek demokratizazioa nahi zutela Portugalerako... Deskolonizazioa eragin zuten hilabete gutxiren buruan, baina zer den herentzia, zer den Salazar 36 urtez, fadoak debekatzeko puntuan egon ziren, ofizial gazteak, ezkerrekoak. Esaten zuten fadoek «sumina eta ezkortasuna» sustatzen zutela, aurrerapen sozial eta kulturalaren aurkakoak zirela, ofizial gazteek hori, ezkerrekoek. Independentziak sinatu zituzten, hori bai, Cabo Verde, Mozambike, Angolan petrolioa topatu arren. Cabo Verden bostehun mila lagun eskas bizi dira gaur egun ere, hiriguneetatik kanpoko lurretara ez da ura behar bezala heltzen, baina 30.000 soldadu bidali zituen Portugalek hara eta Ginea Bissaura, Salazarren garaian, independentzia sinatu aurretik. Mozambikeko banderan arma bat agertzen da gaur egun ere, fusila dela pentsa dezake baten batek agian, baioneta, kalashnikova da, metraileta izan zitekeen, We machine-gunned the flag of Mozambique.

 

 

Urte hartan bertan, Irene Arriasek hiru urte zituela eta ikastolan hasteko zegoela, argitaratu zuen Stanley Milgram ikerlariak Obedience to Authorithy; An Experimental View liburua. Hamar urte luze lehenago Yale Unibertsitatean egindako esperimentua xehatu zuen hor, autoritateari arrazoitu gabe men egitea zer den, horren arriskuari begiratu zion. Halaxe deitu zion urte berean Harper»s Magazine aldizkarian argitaratu zuen artikulu bati, «The Perils of Obedience».

        Gaur egun ere erroak ditu Milgram esperimentuak: Thomas Blass Psikologian doktorea da aditu handienetakoa. Budapesten jaioa Blass, Bigarren Mundu Gerran, judua, Torontora alde egin zuen amarekin, familiako asko hil zizkioten Auschwitzen. Jatorri judua zuen Stanley Milgramek berak ere, aita hungariarra, errumaniarra ama. Thomas Blass, Stanley Milgram eta beste judu asko egon ziren sasoi hartan Adolf Eichmann SS-Obersturmbannführerrari Israelen 1961ean egin zioten epaiketari begira, Stanley Milgram bera oso adi... Izan ere, hori izan zela diote Milgram esperimentuaren hasiera.

        Adolf Eichmann holokaustoaren arduradunetako bat izan zen, handienetakoa entzun izan da: logistika gidatzen zuen, garraioa, heriotza-esparruak. Kartzelari ihes egin zion gerra amaitu zenean, inork ez zuen ezagutu, Genoara heldu zen 1950ean. Argentinara alde egin zuen gero, Buenos Aires hegoaldera, Garibaldi kalean bizi izan zen. Joseph Mengele medikua ere halatsu ibili zen, 1979ra arte, Brasilen Mengele. Martin Bormann bera ere, Hitlerren idazkari pertsonala, in absentia epaitu zuten Nurembergen, sumatzen zutelako nazi asko bezala Hego Amerikan zegoela. Txilen beti esan izan da han ikusi duela lekuko batek baino gehiagok, herritartasuna lortzeko Ruth Mundacarekin ezkondu zela, jatorri euskaldunekoa. Baina Berlinen bertan topatu zuten Bormannen hezurdura 1972an, Invalidenstrasse kalean hiri-lanak egiten ari zirela. 1945ean bertan hil zuen errusiarren obus batek, haginak tratatu zizkion medikuak baieztatu zuen lehenengo, DNA frogak gero.

        Adolf Eichmann Israelgo Mossadekoek deskubritu zuten Buenos Aires hegoaldean, Garibaldi kalean. Bahitu behar zutela erabaki zuten, alferrik itxarongo zioten Argentinako Gobernuari, ez zien emango. Gaueko autobusetik jaitsi zenean joan ziren Eichmannen enkontrura Mossadekoak, autoa matxuratu zitzaiela simulatu zuten, Un momento, señor... ¿Puedo preguntarle algo? Gaztelaniaz esan zioten, ikasita ekarri zuten, ez zekiten beste esaldirik hizkuntza horretan, etxe blindatu batera eraman zuten gero. Mossadeko agenteek aitortu zuten galdeketa egin ziotela Eichmanni «xehetasunez» etxe hartan. Historialariek ere behin baino gehiagotan iradoki dute Mossad eta gainerakoak «xeheak» direla galdeketetan. Horregatik deklaratu zuen Eichmannek hasieran Ricardo Klement zela, Otto Henninger gero, horregatik aitortu zuen azkenean Adolf Eichmann zela, SS-zenbakia ere eman zien, benetakoa.

        Jerusalemen egin zioten epaiketa 1961ean. Grabatuta dago hori ere, eta 2011n jarri zuten grabazio osoa interneten. Polizia artean jesarrita, isilik, gizon minimoa dirudi Eichmannek, lotsa ere ematen du, nazka kultural apur bat ere bai. Inpresioa da erraz akaba daitekeela pertsona hori, mengela, ostiko batzuk baino ez; igartzen da berehala lehertuko litzaiokeela aurpegia, likido beltzetan, zurietan, odol apur batekin ere bai. Besterik da hizketan hasi denean: aho zehatza dauka, ezpainak modu perfektuan batzen ditu, alemanez jakin barik ere adi jarraitzeko moduko ahoa da. Aldatu egiten da inpresioa orduan, ematen du ez litzatekeela horren erraza gizon hori hiltzea. SSetako ofizialen uniformea irudikatzen da gero aho horren azpian, esparruak, labeak. Baina urkamendirako sententzia irakurri zuen epaileak Jerusalemen, laur quarto eguin eta / khentzeko bihotza / urkhaberat bideco / haiziaren hotza. Mediterraneoan barreiatu zituzten Eichmannen errautsak; ez zuten hilobirik nahi, ez zuten nahi neonazirik haren hilobi inguruan.

        Epaiketa osoan aginduak aipatu zituen Eichmannek behin eta berriro, aginduei segika aritu zela esparruetan, besterik ez, Befehl eines Vorgesetzten ist Befehl. Gauza bera argudiatu zuten SSetako beste ofizial batzuek Nurembergeko epaiketetan, urte batzuk lehenago, aginduak obeditu baino ez zutela egin. Ematen zuen gidoi bati begira hitz egiten ari zirela guztiak, Jerusalemen eta Nurembergen. Askotan aipatzen dira gidoiak giro horietan, esku-liburuak, jarraibideak... Torturatu ez arren, torturak salatu behar direla dio gidoiak esaterako, hori esaten du poliziak beti. Baina begi galduak gero, desagertuak, kare bizia... Gauza da Nurembergen 16 urte lehenago esan zutena errepikatu zuela Eichmannek Jerusalemen, goikoek agindu ziotena baino ez zuela egin. Epaileek ez zioten sinetsi, urkabera bidali zuten. Stanley Milgramek, ordea, juduen jatorrikoak, zerbait ikusi zuen hor, zalantza-une bat izan zuen, laguntza eman zioten Yale Unibertsitatean, ez txikia, Milgram esperimentua abiatu zuen.

        Iragarki bat eman zuen 1961ean Stanley Milgramek New Havengo egunkari batean: boluntarioak behar zituela unibertsitateko esperimentu baterako, lau dolar ordainduko zituztela, We will pay $ 4.00 for one hour of your time.

        Hiru lagun bildu behar ziren gela bitan: Milgram bera eta boluntarioa gela batean eta aktore bat bestean. Boluntarioa engainatuta zetorren: uste zuen aktorea bere moduko boluntarioa zela eta memoria ikertzeko esperimentua jarduera hura. Boluntarioak, gela batetik, Milgramen ondoan, galderak egin behar zizkion hormaren beste aldean zegoen aktoreari, «ikasleari», memoria lantzeko galderak, eta txarto erantzuten zuen bakoitzean, deskarga elektrikoa aplikatu behar zion. Txikiak hasieran, gero eta intentsitate handiagokoak galderak huts egin ahala.

        Lehenengo deskarga 15 voltekoa zen, hogeita hamar maila zegoen gero, 450 voltera heldu arte. Deskargak ez ziren benetakoak noski, boluntarioa hala sinetsita zegoen arren. Baina aktoreak gero eta oihu handiagoak egiten zituen, hormei kolpeak ematen zizkien gero, bihotzeko gaixoa zela aipatzen zuen halako batean, gelditzeko mesedez esperimentua. 300 volteko deskargen ostean, erantzuteari uzten zion, konorterik gabe zegoela pentsatzen zuten ondoko gelan.

        Guztiarekin ere, 450 volteko deskargak aplikatzera heldu zen boluntarioen % 65a, garrasien gainetik, bihotzeko arazoen gainetik, autoritate batek agintzen zielako, Yale Unibertsitateko irakasle batek, ikerlari batek. Boluntario guztiak gelditu ziren esperimentuaren punturen batean, puntu askotan, «Ezin dut egin», «Sufritzen ari da», baina 40tik 26 heldu ziren 450 voltera, «ikaslea» askozaz lehenago itzali arren.

        Unibertsitateko ikerlariaren jarrera ere ez zen oldarkorregia gainera. Lau esaldi baino ez zituen behar boluntarioen zalantza-uneetan, mailakatuta: 1. Jarraitu, mesedez; 2. Esperimentuak zuk jarraitzea eskatzen du; 3. Ezinbestekoa da zuk jarraitzea; 4. Ez daukazu beste aukerarik, jarraitu behar duzu.

        Antzeko saioak egiten izan dira gero ere, gaur egunera arte. Stanley Milgramek berak egin zituen esperimentuaren aldaki batzuk, baina antzeko emaitzak lortzen dira beti, autoritatea beti, obedientzia beti, The Perils of Obedience. Milaka lagun aritu dira beharbada, Eichmann bezala, autoritateari obeditzen, milioiak ere bai, jarraitzen dute obeditzen... Baina Milgramen saioan bada beste puntu deigarri bat: unibertsitateko ikerlaria zen autoritatea, ez zegoen mehatxurik, ez zegoen gerra-kontseilurik, ez zegoen fusilatzerik, New Havenen, Connecticut.

        Mircea Eliade da Errumanian prestigioa ondoen eraikita daukan pentsalarietako bat, filosofoa, erlijioen historialaria... Chicagoko Unibertsitatean irakatsi zuen 1986an hil zen arte. Askozaz lehenago argitaratu zituen esaldi hauek Vremea aldizkarian, 1938ko urtarrilaren 23an, Bukaresten: «Gizaki berriak obedientzian aurkitu du bere borondatea, bere helburua. Diziplinak eta obedientziak eman dizkiote duintasun berria, bere buruarengan, buruzagiarengan eta herriaren patu zorionekoan fede mugagabea».

        Jaiotzean baino zaharragoa zen Mircea Eliade hil zenean, baina esaldi horiek idatzi zituenean ere ez zen umea, ondo zekien nora eraman nahi zuen Errumania... Milgram bera baino arinago heldu zen Milgramen ondorioetara beraz. Horregatik idatzi zuen urte bi lehenago «Demokrazia eta errumaniar arazoa» artikulua: «Herrialde makalak estatu boteretsu bihurtu dituzten tiranoak ezagutzen ditugu: Zesar, Augusto edo Mussolini. Bost axola niri Mussolini tiranoa den ala ez den».

        Vasili Grossmanek ere sumatu zituen Milgramen ondorioak Errusian: «Eskarmentuak erakutsi du autoritatearen agindu guztiak hipnotikoki obeditzeko prest dagoela jende gehiena halako egoera baten aurrean». Juduen pogromoez ari zen... Grossmanek jarraitu zuen esaten pertsona gehienek ez daukatela berez horretarako joera, erreparoa ematen diela biolentziak, nazka, era horretako biolentziak behintzat, baina obeditu egiten duela obeditu behar dela barrundatzen duenean.

        Ematen du mundu guztiak sumatu duela gauza bera sasoi batean edo bestean. Izan ere, euskal herrietan ere, XIX. mendean esate baterako, Bigarren Karlistaldia amaitu ostean, 1876an, bertso zati hau eta beste batzuk idatzi zituen gerran egondako batek:

 

                Nerez ez zetorkidan

                barrendikan gaitzik,

                apaiz batek bi gizon

                hilerazi dizkit.

 

        Obedientzia beti beraz, Milgram beti... Izan zitekeen Santa Kruz apaiza, izan zitekeen beste bat, izena ezagutzen ez diogun beste apaiz bat esate baterako, baina autoritatea noski: XIX. mendean, euskal herrietan, apaiza. Eta hilarazi zizkion bi gizonak ez ziren inor izango, pertsona ere ez: liberalak, arimagabeak... Ruandan labezomorroak ziren bezala tutsiak, juduak bezala lehenago, edo ijitoak, musulmanak, terroristak, beltzak.

        Idatzi izan da Butareko Unibertsitatean asmatu zuela irakasle talde batek labezomorroena, tutsiak izendatzeko. Beste izen batzuk ere asmatu ziren, okerragoak beharbada, baina labezomorroena izan zen gehien erabili zena, inyenzi hango hizkeraz, kinyaruandaz. Mila Muinoetako irratiak zabaldu zuen izena gero. Horretarako balio du irratiak ere, telebistak, internetek, horretarako balio du unibertsitateak batzuetan. Hori sentitu zuen Ruandako tutsi batek, 1994an hanka galdu zuenak, beste gauza asko galdu zituenak. Esan zuen genozidioak ez zuela zerikusirik heziketa faltarekin... «Heziketak», esan zuen, «ez du pertsona hobetzen, baizik eta eraginkorrago bihurtzen». Esaldi arrunta da beharbada, baina ez da gauza bera kazetari batek esaten badu, edo Kanomben jaiotako ruandar batek, genozidioan hanka galdu zuenak, ikusi zuenak muino batetik nola lehertzen zuten paramilitarrek eliza bat, emaztea eta semea barruan.

        Claudine Kayitesi ikaslea zen 1994an, apirilean, genozidioa hasi zenean Ruandan. Kinkwiko basoan gorde zen hasieran, beste iheslari batzuekin. Harrika defendatzen ahalegindu ziren, baina ulertu zuten alferrik zela, eta elizara bildu ziren azkenean jende gehiena bezala. Lehertu zuten eliza bera ere, granadak zituzten; interahamweak sartu ziren barrura gero, hiltzen hasi ziren. Berria zen hori, kristauak dira ruandarrak, kristauak diren bezala 2.000 milioi lagun baino gehiago munduan, kristauak ziren bezala karlistak, kapilau militarrak, kolonoak.

        Lehen granada lehertu zenean, zortea izan zuen Claudine Kayitesik, elizako atzeko atetik gertu zegoen, alde egin ahal izan zuen, paduretara joan zen. Claudinek esaten du ez zituztela padurak ezagutzen, herriko inor ez zela hara hurbiltzen, sugeak zeudela, eltxoak. Neurrigabeak ziren urak, errespetua zieten, ez ziren fidatzen, baina apirilaren 11n basan etzan ziren, hostoekin estali. Hilabetea egin zuten han, maiatzaren 14ra arte, zingirako ura edaten zuten. Claudine Kayitesik dio gorputzerako ona zela ur hura, lokatzez gainezka egon arren, pertsonen odola ere bazekarrelako. Barkamena eskatu zuen hori esan eta hurrengo segundoan.

        Iluntzean etxeetara itzuli ahal izaten ziren, bizirik zeudenak, harrapatu ez zituztenak, hildakoak lurperatu barik uzten ziren. Interahamwe taldeek ordutegi zehatza zeukaten: goizeko 9:00etan agertzen ziren paduretara, arratsaldean txistua jotzen zuen baten batek, 18:00etan beharbada. Amaituta zeuden lanorduak, alde egiten zuten, mozkortzera askotan, sexura, etxera besterik gabe.

        Ruandaz hitz egin izan duen bakanetan, Solomon Jarry-Bladic mediku eta semiologoak esan du «tutsien burezurretako ebakietan erloju bat sartzea» bezalakoa izan zela hori, ordutegiarena, hala adierazi zuen. Gero ahalegindu zen kazetariari azaltzen nola lorrinduko litzatekeen erloju bat burmuinetako likidoetan, nola geratuko zen erlojua gorpua usteldu eta gero. «A clock in skull» esan zuen ingeles iharrean, Washington Posteko gehigarrietako batean.

        Claudine Kayitesi etxera itzultzen zen egunero beraz. Lasai mugitu ahal ziren orduan tutsiak, erlojurik gabe burmuinetako likidoetan, milizianoak erretiratuta zeudelako. Eguneko otordua egiten zuten tutsiek orduan, lo bostak arte, paduretara bueltatzen ziren biharamunean, etzan lokatzetan, estali. Bederatzietan itzultzen ziren interahamweak... Ia egunero topatzen zuten norbait, paduretan bertan hiltzen zuten. Hildakoak ez ziren lurperatzen gero.

        Horregatik egin zien Claudine Kayitesik kontra Stanley Milgrami, Vasili Grossmani, Nurembergeko ofizialei... Ez zela egia interahamweek inork aginduta, inork mehatxatuta, hiltzen zutela. «Nekazari alferraren soroa», esan zuen, «ez delako ernatzen», «gidari arduragabearen kamioia matxuratzen delako». Paduretan, beraz, ez zela interahamwe alferrik egon, arduragaberik, hori arrazoitu zuen, ahal izan zuten guztiarekin hil zutela, ahalegindu zirela, bilatu zutela. Emakume batzuk bortxatzera eramaten zituzten batzuetan... Bortxatzen zuenak ezin zuen bortxatua hil gero; lagun bati eskatu behar zion. Emakume harekin lotura bat sortu zuela, hori sinesten zuen interahamwe horrek.

 

 

Carlo Collodi, Carlo Lorenzini pontean, 1826ko azaroaren 24an jaio zen, Florentzian. Pinocchioren abenturak desgogara idatzi zituen zati handi batean, ez zituen egin nahi, Avventure di Pinocchio, Storia di un burattino hasieran. Atalka argitaratu zizkioten egunkari batean, baina Collodik ez zituen astero bidaltzen testuak, asteak egiten zituen bidali gabe, hilabeteak ere bai.

        Halako batean, istorioa amaitu nahi zuela erabaki zuen, hamabosgarren kapituluan; nekatuta zegoen, beste gauza batzuk idatzi nahi zituen. Pinocchiok ahoan sartu zituen lau urrezko txanpon orduan, Azeriak eta Katuak lapur ez ziezaioten. Lapurrek pentsatu zuten modu bakarra zegoela aho hura zabaltzeko: zuhaitz handi bateko adarretan urkatu zuten Pinocchio. Horrela amaitu nahi izan zuen Collodik testua, protagonista urkatuta, umeentzako ipuin batean, urkhaberat bideco haiziaren hotza. Baina gero eta irakurle gehiago zituen Pinocchiok, gero eta egunkari gehiago ari ziren saltzen, gutunak ere heldu ziren erredakziora, egunkariko editorea jarraitzeko eskatzen aritu zitzaion. Collodik berpiztu behar izan zuen Pinocchio, Sherlock Holmes berpiztu zuen bezala Arthur Conan Doylek.

        Harrezkero ehunka edizio egin izan dira, imitatzaileak izan ditu, kopiak, istorioaren jarraitzaileak, animazioak egin dira, pelikulak, euskarri mota guztietan. Apokrifoak ere argitaratu dituzte, Collodiren tiradera batean agertu izan direnak, nola ez, idazlea hil eta gero. Esan da Biblia eta Koranaren ostean gehien itzuli den liburua dela, baina hirugarren posizio horretarako, Biblia eta Koranaren osterako, beste liburu asko ere aipatu izan dira, Shakespeare, Homero, datu lausoekin bizi gara.

        Pinocchioren lehen kapitulua bidali zionean Guido Biagi editoreari, ohar hau erantsi zuen Collodik: «Hemen doakizu umekeria hau; nahi duzuna egin testuarekin; baina argitaratzen baduzu, ondo ordaindu, idazten jarrai dezadan gogoa pizteko».

        Hamar neba-arreba jaio ziren Collodiren etxean, Carlo bera zaharrena. Umetan hil ziren sei eta umea egin zuenean zazpigarrena. Hogei urte bete baino lehen hasi zen Carlo Collodi liburu-denda batean lanean, eta 1845ean liburu debekatuak irakurtzeko lizentzia eman zion elizak.

        1848an, Collodik hogeita bat urte zituenean, Italiako hainbat eragilek erabaki zuten austriarrak kanporatu behar zituztela Lonbardiatik eta iparraldeko beste leku batzuetatik: Lehen Independentzia Gerra esan zioten. Piemonte eta Sardiniako erregeak ere, Carlo Alberto di Savoiak, laguntza eskaini zien, tropak bidaliko zituela agindu zuen, austriarren kontra.

        Toscana harrotu egin zen orduan, puztu, sinetsi zuen bazela nor. Berehala bildu zituen 5.000 lagun, boluntarioak gehienak, militar gutxi: 5.000 «brigante beltzak» esan zieten, Carlo Collodi ere tartean. Montanarako batailara bidali zituzten boluntarioak orduan, Mantuatik hurbil, austriarrei eutsi behar zieten. Toscanako 5.000ak 35.000 austriarren aurrean... Carlo Alberto ailegatu artean eutsi behar zieten Montanaran... Eta eutsi egin zieten, nola ez, eta heldu zen Carlo Alberto di Savoia, Piemonte eta Sardiniakoa. Austriarrak garaitu zituzten Montanaran beraz. Eta bataila sona handikoa izan zen, nola ez, Montanarakoa, epikoa da hitza, soldadu amateurrak, hogeita bat urtekoak, heroiak. Kontakizun belikoak Toscanan gero, miresmenak hainbat urte geroago, ohorea da hitza, eta abar.

        Gerra, ordea, austriarrek irabazi zuten. Joseph Radetzky mariskalak ordenatu zituen tropak; txekiarra Radetzky, laurogeita bat urteko mariskala hogeita bat urteko soldaduen kontra. Musika ere konposatu zuen Radetzky mariskalaren alde Johann Straussek, aitak, Radetzky martxa, sonatua hura ere, Montanarako bataila bezala. Radetzkyren kanpainei epiko ere esan izan diete, heroia laurogeita bat urtekoa, ausardia, ozartasuna, ohorea da hitza, eta abar.

        Ematen du horrela fabrikatzen direla heroiak hurrengo gerretarako, beti behar direlako umeak hurrengo gerretarako, gerrari mira diotenak, uniformeei, armei, militarren dantzaldiei ere bai, zergatik ez. Soldadu asko behar da, hogeita bat urtekoak, horregatik idazten dira musikak mariskalen izenekin, poemak, nobela osoak, telesailak egiten dira orain, Ike esate baterako, Eisenhower jeneralaren bizitzari buruzkoa. Normandiako lehorreratzea, sona handikoa hura ere, baina Ike jarri zioten telesailari, Dwight D. Eisenhowerren izen familiarra, lagunartekoa. Ez da kasuala: jeneral batek, militar prestatu batek, begirada garbikoak, dena dauka eskura, Estatu Batuetako presidentea ere izan daiteke gerra amaitu eta, demagun, zortzi bat urtera.

        Horregatik estreinatzen dira Band of Brothers bezalako telesailak XXI. mendearen atarietan. Normandiako lehorreratzea berriz ere, Spielberg berriz ere... Shakespeareren poema batetik hartu zuten izenburua, ematen du literatura irakurleek egiten dituztela gerrak. Horregatik berrargitaratzen da atertu gabe Hans Christian Andersenen Berunezko soldadutxoa, horregatik Walt Disney, horregatik zine belikoa, Estatu Batuetakoa batez ere, Ingalaterrakoa, banderez beteta, they want to machine-gun the flag of United States. Horregatik ausardia, epikoa, ohorea da hitza, eta abar. Walt Disneyren bertsioan ikusi zituen lehenengoz Irene Arriasek, hain zuzen ere, Pinocchioren abenturak.

        Carlo Collodi izan zen Montanarako batailan egon ziren 5.000 brigante beltzetarik bat, hogeita bat urterekin. Normala ere bada adin horretan, ausardia, ohorea eta abar. Ez da hain erraz ulertzen, ordea, zergatik eman zuen izena armadan hamaika urte geroago berriro, austriarren kontra egiteko berriz, hogeita hamahiru urte egiteko zituela, aurreko gerrako umetik ez zeukanean ezer ere. Egiazta daitekeen bakarra da Carlo Collodi, hezitzailea, didaktikaria, ironikoa, idazle deserosoa, birritan joan zela boluntario gerrara, hogeita hamahiru urte egiteko zituela bigarrena. Ematen du gerrara nahi zuela Collodik, William Faulknerrek nahi izan zuen bezala ia hirurogeita hamar urte geroago.

 

 

Urte horretan eskolatu zuten Irene Arrias, 1974an, Etiopiako Haile Selassie enperadorea agintetik kendu zuten egunean, irailaren 12an. Hiru urterekin eskolatu zuten Irene Arrias, beraz. Hori esaten zuen legeak, hiru urte, ematen du aspaldi diseinatuta daudela adinak.

        Negar egiten zuen Irene Arrias hiru urtekoak lehen egunetan, ikastolara heldu baino metro batzuk lehenago, arrastaka eraman behar izaten zuen Begoña Sasietak, azken metroak, labain egiten zuten umearen zapata-zolek Bidebarriko harlauzetatik, dandarrez.

        Bidebarri kaleko etxabe batean zegoen orduan ikastola: behin-behineko ikasgelak, etxabeetan, sotoetan, etxe partikularretan, behin-behinekoak beti. Patioa ere estuegia Bidebarrin hiru urteko umeak ateratzeko, atera egiten zituzten hala ere. Irene Arriasek lurretik hartutako harri xehe batzuk jan zituen behin Bidebarriko patioan, gelakideekin, arroza zela simulatu zutelako.

        Irene Arriasen gurasoek ez zuten diru arazorik 1974an, ondo irabazten zuen Abel Arriasek, enpresa handia, ondo tratatzen zuten. Edozein ikastetxetan sar zezaketen Irene beraz, onenetan ere bai. Asko zeuden Algortan, Algorta inguruetan, Bilbon, irakaslerik onenak, prestigioa, baloreak ere katolikoak. Garestiak ziren baina ematen zien diruak, garestienetarako ere bai. Irene baino ez zeukaten; erabaki zuten ez zutela gehiago ekarriko... Jabetuta zeuden gainera zer diren ikasketak, norainoko balioa duten, ia beste ezeri baino garrantzi handiagoa ematen zieten ikasketei Abel Arriasek eta Begoña Sasietak. Unibertsitatean nahi zuten alaba, Deustukoan beharbada. Baina, guztiarekin ere, Irene ikastolara joatea nahi zuten, San Nikolasekora, San Nicolás orduan, Franco bizi zela. Ikastola nahi zuen Abel Arriasek, Begoña Sasietak ere bai, ez zekiten arren, inork ez zekien arren, zer ikasi ahal izango zuten ume haiek gero, unibertsitatean ikasi ahal izango zuten eskola prekario haren ondoren, sotoetan, etxe partikularretan. Ikastoletako lehen ikasleak ez ziren unibertsitatera heldu artean, ez zekiten helduko ziren ere... Ikastola garbitzera joan behar izaten zuen Begoña Sasietak hilean behin, ez zegoen gehiagorako dirurik.

        Urte batzuk lehenago guardia zibilak sartzen ziren ikasgela behin-behinekoetara, sotoetara, etxe partikularretara, normala zen orduan Guardia Zibila ikasgeletan. No mire, señor, son hijos de amigos, me los dejan para que se los cuide. Fitxak egiten zizkieten poliziek irakasleei, inspektoreak bidaltzen zituzten hirurogeiko hamarkadan Algortako ikastolara. Euskarazko liburu guztiak ezkutatzen zituzten umeek, auzokoen etxeetan batzuetan, gaztelaniazkoak atera. Eskola bat antzezten zuten gizonaren aurrean erdaraz; Francoren aurrean zeudela iruditzen zitzaien.

        Aurreko hamarkadetan eskolan euskaraz hitz egiten zutenei gurutze bat eginarazten zieten mihiarekin lurrean, hautsetan, hondarretan, lokatzetan. Begoña Sasietaren etxekonekoa, Arregi, kartzelara sartu zuten, han zeukaten, euskaraz egin zuelako Algortako kasinoan. Heriotza-zigorra kartzelan, horren zain zegoen Arregi. Marina Zabalak egunero esaten zuen aitagurea haren alde iluntzean, Begoña Sasietak ere bai, Irene Arrias jaio baino askozaz lehenago. Gipuzkoako gobernadore zibilak sasoi horretan esan zion Nafarroakoari, Ten cuidado, y si empiezan las ikastolas, no las dejes nacer, porque en Gipúzcoa pensábamos que iban a fracasar y han tenido un éxito fuerte; machaca desde el pricipio. Hori zen giroa, No, mire, señor...

        Eta ikastola horretara sartu zuten Irene Arrias, ez zekiten arren unibertsitatera ailegatu ahal izango zen, ez zekiten arren hilabete edo urte batzuen buruan itxi egingo zuten; hasieratik zanpatzeko gomendatu zuen Gipuzkoako gobernadore zibilak... Abel Arriasek suma zezakeen unibertsitaterako nahi zuen ume hori betiko atzeratuta geratuko zela ikasketetan, gizartetik aterako zuela, hasieratik zanpatuta, gobernadore zibilak nahi zuen bezala. Baina nazionalista zen Abel Arrias, katolikoa ere bai... Nazionalista katolikoa baino apur bat gehiago beharbada... Nazionalista beharbada beste gauza gehienak baino apur bat gehiago, No mire, señor, son hijos de amigos.

        Urte hartan bertan argitaratu zen Hendaian Operación Ogro liburua. Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidentea nola eta zergatik hil zuten azaldu zuten ETAkideek eurek. «Exekutatu» hitza erabili zuten, indarkeria arautuak erabiltzen duen bezala: cómo y por qué ejecutamos a Carrero Blanco. Elkarrizketa moduan argitaratu zuten, Eva Forestek egin zituen galderak, Julen Agirre ezizenarekin.

        Abel Arriasek urte hartan bertan edo hurrengoan lortu zuen ale bat, alaba eskolatu zutenean. Baten batek ekarri zion Hendaiatik edo inguruetatik, Ediciones Mugalde, troisème trimestre, 1974, Bd. De Gaulle, Hendaye. Entziklopedia atzean ezkutatu zuen: apalategia zabala zen, bigarren liburu ilara sar zezaketen atzean. Inozoa ezkutalekua, ordea, poliziarentzat eta edonorentzat, liburu zuriak aurrean, Operación Ogro atzean, Ediciones Mugalde, edo De Carrero Blanco a Eva Forest, liburu hori-horia, Editions André Balland, Rue Sant-André des Arts, Paris.

        Irene Arriasek hogeita bat urterekin ikusi zituen liburu haiek aurrenekoz. Lehenago ere ikusita zeuzkan, hamalau urterekin, Antonio Tejerok estatu-kolpea jo eta lau urtera, baina ez zuen jakin zer ziren, zer esan nahi zuten... Batez ere zer esan nahi zuten bere etxean... Ez zuen ulertu nazionalista zela Abel Arrias katolikoa baino apur bat gehiago.

        Hogeita bat urterekin ikusi zituen aurrenekoz, beraz, liburu haiek Irene Arriasek, Carlo Collodik Montanarako bataila ikusi zuen bezala hogeita bat urterekin, Ambrose Biercek ikusi zuen bezala Sezesio-gerra urte berberekin, Georgiako estatuan, Walker konderrian. Hala ere, hogeita hamasei urte ondo beteta izan arte ez zuen Irene Arriasek Operación Ogro irakurri, 2008ko urtarrilean. Aurretik egin zituen irakurtzeko ahalegin batzuk, baina desfasatua iruditzen zitzaion, hizkeran, moldeetan, orban horixkak zituen orrialdeetan. Aita zenari begira irakurri zuen Irene Arriasek Operación Ogro 2008an: ikusi nahi zuen zer izan zen aita, zergatik jarraitu zuen aitak tabakoa eskatzen hil eta gero Ireneren buruan, zergatik jarraitu zuen zinemara joaten, Irene joaten zen bakoitzean.

        Irene Arrias bera ere katolikoa izan zen hamazazpi urtera arte, kristaua gero, unibertsitatea amaitu ostean ere bai, urte batzuk, baina Operación Ogro irakurri zuenerako ia egunero esnatzen zen loberritan erabateko heriotzaren kontzientziarekin, dardarka askotan. Bihotzak arraro erantzuten zion, ez zekien ondo azaltzen. Ohean ez zuen artean takikardiarik izan, zaila zen ohean. Beste leku askotan bai ordea: trenean behin, Algortarako metroa egin baino lehen, baziren urte batzuk, kirola egitean askotan, unibertsitatean...

        Deskontrolatu egiten zitzaion bihotz-muskulua, 100 taupada baino askozaz gehiago minutuan, takikardia esaten zioten. Itomen sentsazio batekin hasten zen, ito egiten zen Irene Arrias segundo batez, eten egiten zitzaion barrua, arnasa, odola, orduan hasten zen bihotza abiadura anormalean. Takikardiak zirela azaldu zioten, hamahiru urterekin izan zuen lehena. Eta bere bihotzaren portaera horri begira bizi behar izan zuen Irene Arriasek handik aurrera, portaera anormal horri begira. Ez hamahiru urterekin; hilezkorrak hamahiru urteko pertsonak... Horri begira bizi behar izan zuen ohartu zenean zer den muskulu hori, zer den pertsona bat, zeinen erraz hiltzen den pertsona. Ez zuen segundo batez ito nahi, ez zuen azken batean segundo batez hil nahi, odola, arnasa etenda, ahalik arinen berreskuratu nahi izaten zuen erritmo normala, taupadena. Ez zela gaixotasun bat, hori esan zioten medikuek, muskuluaren portaeretako bat zela, joera bat, egin zezala bizimodu normala. Baina bere bihotzaren joera horrek eman zion Irene Arriasi erlijioaren neurria, jainkoarena, segundo bateko itolarria hasten zitzaionean.

        2008ko urtarrilean irakurri zuen Irene Arriasek Operación Ogro liburua, beraz, azken takikardiatik hiru egunera; horrela zenbatzen zuen denbora batzuetan. Hasi aurretik zekien zer irakurriko zuen, mundu guztiak zekien: nola lehertu zen auto barruan Luis Carrero Blanco, Espainiako Gobernuko presidentea, Francok izendatua, nola egin zuen autoak airean hogei, hogeita bost metro, gehiago ere bai, teilatuetaraino. Tunela egin zuten errepide azpian, dinamita jarri tunelean, Goma 2 ia guztia. Carreroren autoa gainetik pasa zenean eztandarazi zuten... Erraza ematen du, ikaragarri zaila ematen du.

        Urtebete egin zuten Txikia komandokoek Madrilen Luis Carrero Blancori begira: eliza barruan, kanpoan, autoan, haren atzean jaunartu zuten, sorbalda ukitzeko moduan. Etxe asko alokatu behar izan zituzten Madrilen, almirantea bahitzea zelako hasierako ideia, presoen amnistia nahi zutelako. Etxe horietako bat armadako ofizial batek alokatu zien, goi mailako ofiziala. Politikaz hitz egin zuen behin baino gehiagotan etxea alokatu zuen ETAkideak harekin. Bietako inork ez zuen esan buruan benetan zerabilena, militarrak bai beharbada, eta fidantza ere itzuli zien alokairua utzi zutenean. Behin eta berriro errepikatzen du ETAkideak elkarrizketan pertsona jatorra zela militarra, purua ere oparitu ziola behin, ez dutela kexarik, era simpático, mantenía una buena conversación.

        Irene Arriasek nekez irudikatzen zuen zer zen hori, komandoaren Madrilgo bizimodua, zer zen gordean ibiltzea. Segurtasun neurriak askotan aipatzen dituzte... Ulertzen zuen Irenek hori, logikoa ere bada, egindako gauza asko kontatu ere ezin zuten egin... Baina gero, ostera, pistola sarritan galdu zutela esaten dute: ahaztuta uzten zuten, tabernetan batez ere, haren bila itzuli behar izaten zuten, Parabelluma, bederatzikoa, arma ikaragarri handia edonola ere. Iruditzen zitzaion Ireneri segurtasun neurriak maiztu egiten zitzaizkiela: tiro-ariketak ere, esaterako, etxe ondoan egiten zituzten batzuetan, Madrilen bertan, auzoan, zabalgune utziren batean.

        Gauzak asko pentsatzen zituzten, asko eztabaidatu, birarazi, baina gehiegi pentsatu gabeko gauzak ere egin zituzten, ez sinesteko modukoak ere bai: armadako egoitza nagusian, esate baterako, metraileta lapurtu zioten ateko zaindariari behin. Capitanía General, palacio del duque de Uceda, Madril erdian, armadaren muinetako batean. Hogeita hamasei urteko Irene Arriasek pentsatzeko ahalegina egiten zuen eta pentsatzen zuen hogeitazak urteko pertsonak zirela Txikia komandokoak, hogeita hirukoak, hogeita bostekoak, eta liburuaren orri horituei begiratzen zien gero.

        Dinamita Carrero Blancoren auto azpian lehertu eta gero erraz atera ziren Madrildik, Madril erditik, uste baino errazago. Gas leherketa izan zela pentsatu zuen Poliziak... Nahasita ibili ziren grisak, soldaduak, guardia zibilak, galduta. Tunela topatu zuten hala ere, komandokoek alokatutako sotoa ere bai. Soto barruan zaku batzuk, tuneleko lurra ateratzeko erabili zituztenak, letra ikaragarri handi batzuekin: USA. Poliziak esan zuen orduan CIA tartean zela, ETAk ez zeukala ahalmenik halako atentatu bat bakarrik egiteko. Esan zuten Franco deserosoa zela Estatu Batuetako Gobernuarentzat, haren ondorengoa ere bai, Luis Carrero Blanco almirantea. Henry Kissinger bera ere egun batzuk lehenago egon zen Madrilen: arrasto guztiek egiten zuten bat. Komandokoek erantzun zuten txepelkeriak zirela, zaku haiek rastro-an erosi zituztela, maiztuta. Bizirik egon daiteke oraindik zaku haien lehen erabilera ezagutzen duen pertsonaren bat.

        Izan ere, Estatu Batuetako Gobernua ia inoiz ere ez zen gehiegi nahastu teorian nahastu beharko zukeen gauza askotan: isilik egon zen hiru urte lehenago Burgoseko prozesua egin zenean, isilik egon zen bezala hogeita hamar urte lehenago Gerra Zibila amaitu zenean, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean... Poliziek, ordea, argi utzi nahi zuten ETA ez zela kapaz magnizidioa egiteko, horregatik aipatu zuten CIA... Beste talde batzuk ere aipatu ziren: IRAko kideak, OAS bera, mertzenarioak, legionarioak, «Chacal» izena ere agertu zen argitalpenen batean, hura kontratatu zuela ETAk Carrero Blanco hiltzeko.

        Carreroren autoa lehertu baino egun bi lehenago, 37 ordu lehenago, zinera joan ziren komandokoak, abenduaren 18an. Eginda zeuden gauza guztiak, tunela, lehergaiak, ez zuten beste ezer prestatu behar. Zine-aretora sartu eta Chacal filma ikusi zuten; hor lotura bakarra, lotura baragarria ere bai... Fred Zinnemann zuzendaria, Oscar sarietan muntaketa onenerako hautagaia.

        Irene Arriasek nobela baten moduan irakurri zuen hori guztia, orrialdeen orban beilegien gainetik. Liburu gehiago bilatu zituen, erreferentzia gehiago... Imajinatu zituen gero Txikia komandokoen bidaiak Madrilera, komandoari «Txikia» izena ipini baino lehen, izena hartu eta gero, nola bitarte horretan hil zuten Eustakio Mendizabal Txikia Algortan. Algortako tren-geltokian itxaron zioten Txikiari poliziek eta Irene Arriasen etxetik hamabost metro baino gutxiagora egon zen hil baino minutu batzuk lehenago.

        Operación Ogro irakurtzen ari zela, aitaren irakurketa imajinatu nahi zuen Irene Arriasek, ia hogeita hamabost urte lehenagokoa, zer eragin zion liburu horrek, zerbait aldatu zion. Imajinatu nahi zuen nor zen aita hil baino sei urte lehenago. Gerta zitekeen, hala ere, liburua etxean egon baina Abel Arriasek sekula irakurri ez izana. Arkatzez markatutako hitz bat topatu zuen Irenek 120. orrialdean ordea: «cojer» aditza. Erdiko j hori zegoen arkatzez biribilduta... Ortografia-akats gehiago zegoen liburuan, azentu-markak batez ere, baina hori baino ez zuen Abel Arriasek markatu, «cojer». Ireneren obsesio bera aitak beraz.

        Arkatzez biribildutako j hori izan zitekeen Irene Arriasek erabil zezakeen aitaren arrasto bakarrenetakoa, azkenetakoa. Pipa ingeles bat ere bazeukan aitarena, tabako usaina oraindik, azken errealdia, gaixorik zegoela beharbada, medikuak debekatu zion arren. Irenek ere erosi zion tabakoa inoiz amaren gordean. Alabak gorde zuen gero pipa, BBB markakoa, 667 modeloa, London, England. Iruditu zitzaion amak beste gauza batzuk zeuzkala.

        Eltxo bat ere aurkitu zuen Irene Arriasek liburuaren orri artean zanpatuta. Abel Arriasek berak zanpatua beharbada, kasualitatez harrapatua beharbada; hilotz zaharra edonola ere, marroikara. Bizirik ikusi zuen beharbada eltxo hori Abel Arriasek... Horrek bete zion burua Ireneri une batez. 132. orrialdean zegoen eltxoa zapalduta, beste kasualitate bat: 133.ean kontatzen da Carreroren auto azpian dinamita leherrarazi zuten segundoa.

 

 

Luis Carrero Blanco hil zuten urte berean jo zuen estatu-kolpea Juvénal Habyarimanak Ruandan. Ordurako hainbat hilketa egon zen, hutuenak, tutsienak, 1963an, 1972an, baina askozaz geroago izan zen genozidio ahalegina, 1994an. Litekeena da ahaleginak izatea ia beti genozidioak, nekez konponbide finalak, juduak, kurduak, armeniarrak, eutsi egin zioten; juduek egiten dutenari begira bizi gara orain ere.

        Juvénal Habyarimanaren hegazkina misil batek bota zuenean piztu zen genozidio ahalegina Ruandan 1994an, Irene Arrias unibertsitateko azken azterketak prestatzen ari zenean. Hori izan zen azken tanta, azken bultzada. Izan ere, urte asko eginak zituzten giro horrekin Ruandan, gerra giro horrekin, baina misil horrek eragin zuen azkenean masakrea.

        Urteak egon dira ikertzen nork bota zuen misila hegazkinaren kontra, tutsiek, hutu erradikalek, Paul Kagamek berak, RFPko burua eta Ruandako presidentea urte askoan... Noren laguntzarekin, Estatu Batuak, Frantzia... Hegazkin horri begira egon dira ordutik ikertzaileak, epaileak.

        Hamabi lagun zeuden hegazkin barruan: Ruandako presidentea, Burundiko presidentea ere bai, Arushako bake-ituna sinatzetik zetozenak, militar batzuk ere baziren, koronelak, komandanteak, politikari batzuk, presidentearen mediku pertsonala... Jacky Heraud zen pilotua, hori ere badakigu. Kopilotua Jean-Pierre Minaberri, euskalduna.

        Sylvie Minaberrik, alabak, epaiketa abiarazi zuen Frantziako Gobernuaren aurka 1997an, aitaren heriotza argitu nahi zuelako. 2012ko urtarrilaren 27an bideo bat argitaratu zuen sarean Sylvie Minaberrik, Didier Tauzin Frantziako Armadako jenerala agertzen duena, genozidio garaian Ruandan egondakoa. Irene Arriasek erdizka ulertu zuen jeneralak bideoan frantsesez zioena... Inpresioa, baina, ez zen sinesgarriegia, hitz egiteko modua ere militarra beharbada... Lau minutu baino gutxiago behar ditu jeneralak Ruandako hogeita hamar urte baino gehiago azaltzeko.

        Irene Arriasek mezu bat bidali zion Sylvie Minaberriri bideoa ikusi eta gero, euskaraz, ez zekien arren ulertuko zuen, frantsesez baino ez zuen egingo beharbada, ziurrenik. Mezua bidali zion hala ere, ez zekien ondo zertarako... Indarkeriei begira ari zen azken urteetan Irene Arrias, ETAren 2006ko su-etenetik beharbada, ez zekien zergatik, ez zuen zerikusirik bere bulegoko lanarekin, bere familiarekin, ez zekien zertarako. Baina Eustakio Mendizabal Txikiari begira ari zen, torturak, armak, bahiketak, exekuzioak, Ruandako masakreei begira ere bai zerbait. Jean-Pierre Minaberri euskalduna topatu zuen orduan Ruandan, genozidioaren muinean. Juvénal Habyarimanaren hegazkina gidatu zuen Jean-Pierre Minaberrik, masakreak abiatu zituen hegazkina bera, misil batek Kigaliko aireportutik hurbil lehertu zuenean. Bideo bat ere bada sarean, atentatua 3D formatuan berregiten duena.

        Gustav Adolf von Götzen ere topatu zuen Irene Arriasek ezustean. Von Götzen kondea izan zen Ruanda zapaldu zuen lehen europarra, 1894an. Bederatzi urte lehenago pasa zen Ruanda Alemaniako kolonia izatera, Berlingo konferentzian Europako estatuek eta inperioek Afrika banatu zutenean, baina ruandarrek eurek ez zuten ezer jakin, harik eta Von Götzenek berak azaldu zien arte bederatzi urte geroago. Kagera ibaia zeharkatuta sartu zen Ruandara Von Götzen gizon multzo ez oso handi batekin.

        Gustav Adolf von Götzen hori Maximiliam von Götzen-Iturbideren birraitona zen. Mexikoko tronuaren gaur egungo erregegaia da Maximiliam, 1944an jaioa eta Australian bizi dena. Mexikon ez dago gaur egun hartzeko tronurik, jakina, Maximiliamek ez du hortik bizibiderik aterako, baina haren arbasoetako bat Mexikoko enperadore ere izan zen mende bat arinago. Hamar hilabete eskas aritu zen enperadore Agustin I.a: Agustín Cosme Damián de Iturbide y Aramburu. Aita nafarra, ama ere jatorri euskaldunekoa, Aramburu.

        Mexikoko independentzia nahi zuten gerrillariei kontra egitera bidali zuen Espainiako koroak, baina erreboltariekin bat egin zuen Agustín Iturbidek eta independentzia aldarrikatu zuen 1821ean. Enperadore izendatu zuten, abdikatu zuen gero, 1824an fusilatu zuten mexikarrek eurek. Iturbide bat, Agustin I.aren arbasoa, Baztango agintaria izan zen XV. mendean. Oinetxea Irisarrin zeukala esan izan da, Nafarroa Beherean, hain zuzen Jean-Pierre Minaberri kopilotuaren jaiotetxetik aski hurbil.

        Juvénal Habyarimana presidentearen hegazkina bota eta bost egunera hasi ziren hilketak Nyamata udalerrian, Kigalin baino beranduago. 59.000 tutsi bizi izan ziren han, 50.000 hil zituzten. Jeannette Ayinkamiyeren ama papiro artean ezkutatu zen, bi alaba txikienekin. Interahamwe talde batek topatu zituenean, dirua eskaini zien; ez bizirik uzteko, baizik eta kolpe bakar batez hiltzeko, aihotz kolpe batez. Biluzik jarri zuten orduan gizonek arropa barruan bilduta zeraman dirua kentzeko. Besoak ebaki zizkioten gero, hankak ondoren, odolusten utzi zuten. Alabei ere aihozkadak eman zizkieten: orkatilan bati, buruan besteari. Horrela aurkitu zituen Jeannettek. Ahizpak artatu zituen batez ere, amari ura ematen zion; ezin zuen besterik... Egunez bakarrik utzi behar zuen ama gainera, bederatzi eta erdietatik laurak arte, ezkutatzera itzuli behar zutelako.

        Lehenengo egunean hitz ere egin zezakeen amak, odolusten egon arren, laurdenduta egon arren. Alabekin hitz egiten zuen: «Jeannette, esperantzarik gabe ari naiz hiltzen, badakidalako nire atzetik etorriko zaretela zuek guztiak». Hori errepikatzen zuen, alaba guztiak hilko zizkiotela, ez zela lasai joango. Bigarren egunean «Agur, umeak» esaten zien alabei, besterik ez, ahopeka. Ura ere eskatzen zuen, ezin zuen besterik; orduak ziren odolusten, hogeita zazpi baino gehiago... Hirugarren egunerako ezin zuen ura irentsi ere egin, oso motel kexatzen zen, ia ahots barik. Gauza bakarra egin zezakeela dio Jeannette Ayinkamiyek: begiratu. Hori baino ez zuela egiten, alde batera eta bestera begiratu. Hil zenean ere, ez zituen begiak itxi, hori esan zuen alabak... Asko kostatu zitzaion Jeannette Ayinkamiyeren amari, Agnès Nyirabuguziri, hiltzea; oso zaila izan zen, errazegia izan zela ematen du.

 

 

Irene Arriasek askotan erabiltzen zituen buruan aitari umetan entzuten zion kantu baten zatiak, aita hil eta gero ere, aita hil eta hamar urtera, hamabost urtera. Ez zekien aitak osorik kantatzen zuen edo zati horiek soilik, Irenek gogoratzen zituenak.

 

                Lo-bedartxu bet ipini neuntsen bular biaren erdian

                linde damea loak daroa bostehun legoa bidian.

 

        Irene Arriasek hainbat urte geroago jakin zuen zer zen kantu hori, Europa osoan errepikatzen zela, Ameriketan ere bai beharbada, Asian. Kantuaren bertsio asko irakurri zituen gero, eta jakin zuen zerbait kontatzen zuela kantuak, narrazio bat zegoela han, hari argi bat. Kontatzen zuen nola dagoen dama bat edo neskatxa edo anderea etxean brodatzen edo leihotik begira, aita eta amaren etxean beti. Ulertu zuen Irenek brodatzen ari diren damentzat beti dagoela nahigaberen bat luze gabe... Irakurri zuen nola doan neska hori portura heldu berri den itsasontziaren ondora, zeta-oihalak erostera, kapitaina afaritara gonbidatzera edo: aitek eta amak bidaltzen neude hau kantatxu hau ikastera.

        Marinelek edo marinel bakar batek edo kapitainak berak ontzira sartzera gonbidatu dute dama, erdu neurekin bordera edo jin ountsin barnea. Baina neskak ez du nahi, inoiz ez du nahi izaten neskak... Horregatik hartu dute bortxaz, mantoaz trozaturik edo marinelan kapapean, horregatik eman diote lo-belarra edo urre-sagarra, ez dakigun arren zer zen urre-sagar hori XVII. mendean edo XVIII.ean, infusio bat izan liteke... Gauza da lo eraman dutela neska bahituta, bostehun legoa bidian, mila legoa; sexurako nahi dute esnatzen denean, horretarako eraman dute. Begiak zabaldu dituenean, ordea, etxera itzultzeko eskatu die damak.

        Konturatu denean ez dutela aita eta amarekin atzera eramango, sexurako nahi duela kapitainak edo marinel batek edo marinel guztiek beharbada, arrazoibidea aldatu du: joskilea madarikatzen hasi da, soinekoa egin diona, deabru gaiztoak eraman daiela dendari honen jostura edo maradika dakiola dendariari orratza. Gerria estuegi josi diola esan du damak, neskatxak, andereak, eta jostura libratu nahi du. Artaziak eskatu dizkio marinel bati, tijeratxuak edo ezpata edo sabria edo saflea, frantsesezko sabre-tik datorrena, hungarierazko szablya-tik. Baina soinekoa konpondu barik, jostura libratu barik, bihotzetik sartu ditu damak artaziak, ezpatak, safleak, ganibetak.

        Bertutea begiratu nahi izan du beste ezeren gainetik, gorde eternitaterako, bizia galdu arren. Irene Arriasek bertute mota horretan pentsatu zuen une batez, nesken bertutea edo lorea edo lilia edo floria. Pentsatu zuen zenbat literatura egin den, eta zein gutxi fidatzekoak diren literatura gehiegi daukaten gaiak. Pentsatu zuen gauza bera dela gerrarekin, gerra literaturarekin, zeinen gertuko egiten diren tenienteak edo kapitainak edo koronelak, nola miresten diren ia ohartu gabe, pentsaeren aurka beti baina sistematikoki, umetarik, pelikuletan, liburuetan.

        Sartu du damak, beraz, ezpata, ganibeta, saflea bihotzean. Marinelek ezin izan dute ezer egin, une hatantxe hilotzitu zen linde damatxu gaztea. Engainatu ditu neskak marinel guztiak, engainatu du bere burua ere. Hor amaitzen da kantua bertsio gehienetan: gorpua uretara bota behar dute, zer besterik, belatxu bati amarradute ureri emon geineio. Berehala abiatu nahi dute ontzia, izan ere itsasoak ez diokek soporta arima desesperaturik. Alde egin dute marinelek, uretan ustelduko da neska.

        Baina bada bertsio osoagoren bat, guztia kontatzen duena. Marinelek ez dakite zer egin dama hil denean: hizketan hasi dira, eztabaidan seguru asko... Batek galdetu du zer egingo duten gorpuarekin, beste batek erantzun du:

 

                Intsentsoagaz intsentsatu te erainotzagaz lurrundu

                linde damia zazpi astian gurekin erabil daigun.

 

        Erabili dute gorpua, bada, zazpi astean, marinel guztiek, txandaka. Intsentsua baliatu dute ez usteltzeko, usainari aurre egiteko beharbada, ereinotza ere bai. Beste kantu batean limoi-ura erabiltzen du andere batek ezkontza egun berean hil zaion senarrarentzat.

 

                Zazpi urthez atxiki dizut senharra hila etxian

                egunaz arrosapian eta gauaz bi besoen artian

                zitroin urez berekatuz astian egun batian.

 

        Ematen du ez zela sasoi batean horren arraroa ere izango, zitroin-urez, intsentsuz, ereinotzez, erabili egiten zituzten hilotzak, gizonezkoek, emakumezkoek. Horrela lorrindu da azkenean damaren bertutea ere, lilia, floria, errealitatea zikinagoa da beti. Erabili eta gero uretara bota dute, emon deiogun zazpine musu, bota deiogun ureri.

        Baina batzuetan ez da itsasorik egoten... Itsasoa urrun egoten da leku batzuetan, eta bahiketak lehorretik egin behar izaten ziren. Esaten da Gaztelan mairuek bahitzen zituztela dama kristauak, baina aldrebes ere bai, cristiano vino a mi puerta, cuitada por me engañar. Europa iparraldean erregeen alabak bahitzen zituzten, Kudrun printzesa esate baterako. Ia leku guztietan kantatzen dira nesken bahiketak, Herbehereetan, Suitzan, herri eskandinaviarretan, eslaviarretan.

        Saldu ere egiten ziren neskak batzuetan. Aitak eta amak saltzen zuten alaba, hori ere bazen, saldu ninduzun dirutan, dirua ere urretan, pisu nuen bezanbat urretan eta zilar ezpata batetan. Andre Emili saldu zuten horrela, negarrez eraman zuten mairuen artera.

 

                Aita nuen saltzaile

                ama diruen hartzaile

                nire anaia Bernardo

                moru-herrira entregatzaile.

 

        Baina batzuetan salmenta egon arren, gehiago ziren bahiketak... Orduko kantuetan gehiago agertzen dira behintzat; pentsa liteke arruntak ere bazirela. Euskal herrietan sarriago kantatzen dira itsasokoak, marinelenak, baina bada lehorretik eginiko bat. Hiru soldaduk lapurtu dute neska, hiru kapitainek, arrosa xuriaren azpian lo dagoela, elorri xuria ere izan daiteke bertsio batzuetan... Elorriak hobeto ematen du...

        Eraman dute kapitainek neska Pariseraino zaldiz, ostatu batean sartu dute. Damarentzako afaria zerbitzatzeko prestatzen hasi dira, baina afaria barik beste zerbait ulertu behar da. Orduan hil da bahitua edo hil zaie edo hil du bere burua, ez da esaten... Ez zuten soldaduek espero, ihesi joan dira, koldarra erne zaie, ostatuan utzi dute usteltzen.

        Hor amaitzen da kantua... Asko jota neska hilotzaren oihu bat agertzen da azken ahapaldiren batean: aitari egin dio oihu, esan dio bertuteari eutsi diola, liliari, floriari.

        Baina bada beste bertsio bat: gelditu egin dira ostatuan hiru kapitainak. Ez da koldarrik orain, ez da soldadu koldarrik inon, fusilatu egiten dira, are gutxiago kapitainak. Penatuta daude neskaren heriotzarekin, pentsa liteke maite ere maite zutela... Gorpuaren ondoan daude, ongi negar egiten zutela andereari dolu eginik. Bihotz onekoak kapitainak noski; soldaduak zakarrak izan daitezke, baina bihotz onekoak beti. Batzuk zakarrak ere ez, ofizialak batez ere, tenientetik gora ia inoiz ez.

        Modu gozoan tratatu dute kapitainek gorpua beraz, setioak antolatzen dituzten bezala, bonbardaketak, airetik, lehorretik. Anderea non ehortziko duten pentsatu behar dute, ohore guztiekin noski; ohorea da armadetako hitzetako bat, errepikatuena. Erabaki dute azkenean non lurperatuko duten, esateko modua ere ez da merkea: aitaren baratzean, ezpela baten azpian, liho liliz inguraturik, tonba baten barnian.

        Kapitainek eurek eramango dute gorpua haraino, beharrizanik ez duten arren. Zeinen arima garbia soldaduena, zeinen desinteresatua, pelikuletan bezala, telesailak, eleberriak, zenbat lore hain espazio txikian, arrosa, lihoa, elorri zuria, lorrinduta asko.

 

 

Irene Arriasen amama, Marina Zabala, auto batek harrapatu zuen 1975eko azaroaren 8an, goizeko lehen orduetan, Irenek lau urte zituela, Franco hiltzeko hamabi egun falta zirela. Marina Zabala pintorea kontratatzera joan zen goizetik, Alango kalera. Txiskiñetik jaitsi zen gero, Algortako etorbidera heldu, Avenida del Ejército esaten zioten orduan, Francoren tropak sartu zirenetik 1937an. Errepidearen beste aldeko harategira joan behar zuen Marina Zabalak, hala esaten zuten izan zela.

        Begoña Sasietak beti esan izan du obsesionatuta zegoela ama autoekin, inguruan umeak zeudenetan batez ere, ume propioak eta besteen umeak. Gero eta auto gehiago zegoela, 1975ean, hori Marina Zabalaren beldurra. Gurugú tabernaren aurre-aurrean harrapatu zuen autoak, orduan jarri zuten orain dagoen semaforoa. Marina Zabalaren suhietako batek behin eta berriro errepikatu zuen hurrengo egunetan pena hori zuela, amaginarrebak ez zuela Franco hilda ikusi... Hamabi egungarrenera hil zen Francisco Franco Madrilen.

        Autoak harrapatu zuen egunean bertan zendu zen Marina Zabala, gauean. Begoña Sasieta eta ahizpak bisitan joan zitzaizkion ospitalera egunez, azken egun horretan. Begoña Sasietak «Ama» esaten zion «Ama», eta Marina Zabala espasmoek mugitzen zuten hitza entzuten zuen bakoitzean. Buruan hartu zuen kolperik handiena.

        Marina Zabalari lotuta geratu zen beraz Gurugú izena, Algortako Gurugú tabernaren ondoan harrapatu zuelako autoak. Marina Zabalaren azken egunari lotuta geratu zen beraz, heriotzari, baina baita bizitzari ere... Jende askok ohitura dauka bizitza heriotza baino gehiago dela pentsatzeko.

        Marokoko mendia da Gurugú, Melillatik ez urrunegi. Han borrokatu ziren Rifeko tropak eta Espainiakoak, indar kolonialak, ondo ikusiak; «Marokoko protektoratua» esaten zioten. Handik pasatu ziren Primo de Rivera eta Franco... «Abd al-Karim zen Rifekoen burua, Abdelkrim espainiarrentzat... Hainbat hildako eragin zituen Espainiako Armadan Abdelkrimek, baina gaztetan Salamancako Unibertsitatean ikasi zuen, ikasle apartekoa. Espainiarrentzat egin zuen lan gero Melillan, itzultzaile, kazetari, harik eta Silvestre jeneralak aurpegiko bat eman zion arte, uste baino biolentzia handiagoz, odoletan utzi zuen. Esaten dute horrek eraman zuela Abdelkrim azken amorrura, orduz geroztik hasi zela Rifekoen tropak biltzen. Mito itxura dauka baina milaka espainiar hil zituen guztira; marokoarrak ere asko, Espainiako Armadaren alde aritzen zirenak.

        Annualgo hondamendia ere urte haietan izan zen, el Desastre de Annual. Silvestre jeneralak inoizko traketsen mugitu zituen tropak: 4.000 lagun baino gehiago hil ziren, Dorre Bikietan hil zirenen halako bi, presoak ere ehunka. Horacio Etxebarrieta Maruri enpresaburu euskalduna elkartu zen orduan Abdelkrimekin. Tratuak zituen Etxebarrietak hangoekin, hartu-emanak ere onak, bitartekari bidali zuten beraz. Esaten dute bere burua ere eskaini ziola Etxebarrietak Abdelkrimi atxiloen truke, llegó incluso a ofrecerse como rehén. Zilarrezko 80.000 ogerleko ordainduta askatu zituzten soldadu guztiak azkenean; Etxebarrietaren ogerlekoak denak, ez gobernuarenak.

        Horregatik agertzen da Gurugú mendia oraindik Espainian idazten diren entziklopedietan, mendi eskasa izan arren, han borrokatu zirelako soldadu espainiarrak. Entziklopedia berberetan, ordea, ez dira agertzen gero Marokoko Tirhermt bezalako mendiak, 3.770 metrokoa, edo Toubkal, 4.165ekoa. Espasa entziklopediak, esaterako, 1988ko edizioan, erraz definitzen du Gurugú, semantikarik azalekoena zaindu gabe: monte de Marruecos, al SO de Melilla, donde se produjeron enfrentamientos (1909 y 1921) entre la guarnición española y los moros.

        Horrela sartu ziren marokoarrak, beraz, Marina Zabalaren egunerokoan, Gurugú izena sartu zen bezala, segika joan zitzaion marokoar hura sartu zen bezala, 1937an, Francoren tropekin etorri zena, Basagoiti etorbidetik jarraitu ziona etxeko ateraino, zarata handiarekin egurrezko eskaileretatik, alaba, Irene Arriasen ama, sabelean zeramala.

        Baina Marina Zabala hil baino zazpi hilabete arinago, apirilaren 22an, José Ramón Morán González polizia hil zuen ETAk Algortan, autoak Irene Arriasen amama harrapatu zuen lekutik 50 metrora, Alango kalean. Hurrengo eguneko ABC egunkariko lehen orrialdea kale horretako argazki erraldoi batek bete zuen, espaloian X bat marraztuta errotulagailuz, argazkiaren gainean. Han, esan zuen egunkariak, odolustu zen polizia, baina metro batzuk beherago izan zela diote herrikoek. Tiro bi jo zizkioten garondoan, 25 zentimetrora... Morris 1300 batean alde egin zuten gero, kirol esatari bati lapurtutakoa autoa. Oso goizetik izan zen, Marina Zabalarena bezala; autoak derrigor pasatu behar izan zuen Gurugú tabernaren aurretik segundo batzuk geroago.

        José Ramón Morán polizia izan zen urte bi lehenago Eustakio Mendizabal Txikia hil zuena Algortan bertan, azken tiroa egin ziona, errematatu zuena, azalpen hori eman zuen ETAk. Eguna ere, gorabehera batzuekin, horregatik aukeratu zuten: apirilaren 19an hil zuten Txikia, apirilaren 22an polizia, urte bi geroago.

        Pisu handia izan zuen Eustakio Mendizabalek ETA barruan, ETAkoen iruditerian, ETAkoak ez zirenen iruditerian ere: Carrero Blanco hil zuen komandoak «Txikia» izena hartu zuen, Itsasondoko hileta-elizkizunaren irudiak ere asko daude, eliza barruan, kanpoan... Plazen izenak ere aldatu ziren harena jartzeko, kaleak, omenaldiak, kantua idatzi zion Telesforo Monzonek. Hitzaldiak ere egin izan dira, ia 40 urte geroago ere bai... 2011n, esaterako, jardunaldi batzuk antolatu ziren Algortan bertan, Kultur Etxean: poliziarengandik ihesi Txikiak Algortatik egin zuen ibilbidea berregin nahi zen. Grande-Marlaska epaileak debekatu zituen, ia 40 urte geroago, Franco bizi zen arren Eustakio Mendizabal Txikia eta José Ramón Morán polizia hil zituztenean.

        Bertsio ofiziala da, ordea, José Ramón Moránek ez zuela Txikia hil, ezinezkoa zela, lan burokratikoa egiten zuela, nortasun-agiria banatzeko bulegoko arduraduna zela, besterik ez, ez zela handik ateratzen, horretara dedikatzen zela, mota horretako agiria banatzera, hedatzera. Ia hiru urteko alaba zeukan, Irene Arrias baino zertxobait gazteagoa, 1972koa, bertsio ofizialean aipatzen da hori ere. Francok salbuespen egoera ezarri zuen, se estableció el estado de excepción en las provincias de Vizcaya y Gipúzcoa, bosgarren aldiz ETAren jaiotzatik. Melitón Manzanas hil zutenean izan zen lehenengoa.

        José Ramón Morán polizia trenez joaten zen lanera, Sopelan bizi zen. Algortako tren-geltokian jaisten zen, urte bi lehenago Eustakio Mendizabal Txikiak zapaldu zuen geltokian. Polizia-etxera joateko aldapak igo behar zituen: Amezti kaletik igo zitekeen, edo Mariandresenatik, edo Alangobarritik, Irenek 26 urte geroago etxea erosi zuen kaletik. Alangoetatik ere igo zitekeen, baina arraroa izango zen... ABC egunkariak jarritako X hori benetakoa bazen, puntu horretan odolustu bazen polizia, seguruena da Ameztitik igotzea, edo Mariandresenatik, Alango kalea hartzeko gero, gasolindegiaren atzetik.

        Felix Egia Intxaurraga ETAkidea izan zen polizia hil zuenetako bat. Morris 1300ean alde egin zuten gero, eta Gurugú taberna paretik igaro ziren, Areetan abandonatu zutelako autoa minutu batzuk geroago. Baina Madrilen atxilotu zuten uda horretan bertan Felix Egia, uztailaren 30ean, Irene Arrias Kantarepeko hondartzan uretatik lehengusu batek atera behar izan zuen egun berean, lar kanpora egin zuelako umeak itsasoan. Bero handia egin zuen egun haietan, 40 gradura ere ailegatu zen, galerna txikiren bat ere iluntzean.

        Beste hiru ETAkide ere bazeuden Felix Egiarekin Madrilen atxilotu zutenean, Morris batean orduan ere, Mini modeloa kasu hartan, Avenida del Generalísimo etorbidean, geldirik autoa. Identifikatu egin zituen Poliziak, korrika atera ziren laurak autotik... Egunkariak dio pistolak zituztela, ezin da jakin, sekula ezin da jakin. Jesus Mujika Aiestaran tiroka hil zuten Doctor Fleming kalerako bidean. Felix Egiari zauriak eragin zizkioten: tiro bat omoplatoan, beste bat ukondoan, baina kartzelarako utzi zuten.

        Iñaki Pérez Beotegi Wilson ere hurrengo egunean atxilotu zuten Bartzelonan, uztailaren 31n, San Inazio egunean. Txikia komandoko arduradunetako bat izan zen Wilson urte bi lehenago, Carrero Blanco hil zutenetako bat. Galdeketan onartu zuen moja batzuen etxean egon zela gordeta, lau moja, euskaldunak bi eta katalanak beste biak. Laguntza eman zioten mojek, sekularrak ziren, «monjas seglares» dio egunkariak, ez dagoen arren oso argi zer dagoen hitz elkarketa horren atzean. Mojen izen-abizenak ere agertu ziren egunkarietan, atxiloketa eta hiru-lau egunera, galdeketa eta hiru-lau egunera. «Galdeketa» esaten diote oraindik, 1975ean bezala, Argentinan bezala, Errumaniako saxoiei egindakoei bezala. Mojen izenak osorik aipatu zituen Wilsonek polizien aurrean, beraz, haien etxean babestu eta gero, egingo dizut kafesnea, izarak dituzu hor. Osorik esan zituen mojen izenak Wilsonek, «galdeketa» egin ziotelako, egunkarietan hiru-lau egunera agertzeko bezain arin.

        Wilsonekin batera Juan Paredes Manot Txiki ere atxilotu zuten Bartzelonan, hurrengo hilabetean Anjel Otaegirekin fusilatu zutena, Francoren azken fusilatuak, FRAPeko beste hirurekin batera. Esaten du Alex J. Bellamyk, Queenslandeko Unibertsitateko irakasleak, mundu guztiak duela bizitzarako eskubidea eta gizabanako batek egoera bitan baino ezin duela eskubide hori galdu, biak ere «gizabanako horrek hala aukeratu duelako»: armada batean sartzen denean edo «aginpidea duen epaimahai batek» heriotza-zigorra ezartzen dionean.

        A.J. Bellamyk natural-natural idatzi zuen hori, eta Cambridgeko Polity Press argitaletxeak argitaratu zion. Rachel Kerrek egin zion enkargua; ez zuen sumatuko, beharbada, halako esaldiak emango zituela Queenslandeko irakasleak. Edo kontrakoa: hasi aurretik jakingo zuen zer emango zuen liburu horrek. Bidezko gerrak izena eman zioten liburuari, Just Wars.

        Ahalegin handia egiten da liburuan gerra batean borrokan ari direnak ­soldaduak, militarrak­ eta borrokan ari ez direnak bereizteko: combatant eta non-combatant. Espezie bi balira bezala, multzo bi. Talde bien heriotzak ere bereizten dira, heriotza desberdinak baleude bezala, combatant direnak eta ez direnak, guztiak, loberritan esnatuko ez balira bezala bihar-etzitan hilko direla pentsatuz, dena desagertuko zaiela, angustia jakin horrekin, takikardiara heltzeko puntuan.

        Non-combatant bat hiltzea larriagoa da hortaz, larriagoa den bezala non-combatant horien artean zaharrak, emakumeak eta umeak hiltzea. Gizonak hiltzea besterik da, are gehiago combatant eta gizonak badira. Gauza horiek ez dira gehiegi pentsatzen, pelikulen bidez sartzen zaizkigu, berezkoak dira, betikoak, ez da normalean pentsatzen soldaduak ere umeak direla, hogeita bat urtekoak, Ambrose Bierce bezala, Carlo Collodi bezala, J.R.R. Tolkien bezala, gerrara joan zirenean.

        Agintari bat hiltzea, ordea, ikaragarri penatuta dago, berrogeita sei urte eduki arren, gizona izan arren, J.F. Kennedy bezala. Magnizidioa esaten diote, Luis Carrero Blancorena bezala, Nicolae Ceaucescurena bezala. Luze aritu ziren nazioartean eztabaidatzen Muammar Gaddafi modu bidezkoan hil zuten ala ez, esate baterako. Grabazioa ere badago: argi ikusten da nola ibiltzen duten soldaduek Gaddafi zauritu eta gero, txotxongilo baten moduan, gerra-ekintza baten ostean. Arraroena hori bera da, agintari bat ikustea gerra-ekintza batean. Ihes egiten ari zen, ezin izan zuen ihes egin, Ceaucescuk bezala. NBEk ikerketa eskatu zuen, ordea, uste zuten Gaddafiren heriotza irregularra izan zela, kaltea dagianak, bizarra lepoan.

        Heriotzak irregularrak eta erregularrak izan daitezke beraz. Juan Paredes Manotena, esate baterako, erregularra izan zen, epaile batek agindu zuelako, aginpidea eman zioten horretarako, heriotza-zigorra ezartzeko. Baina ez dago argi epaile horrek berak bizitzarako eskubide propioa galdu zuen une horretan, bestea hiltzeko agindu zuenean, ala eutsi zion. Ez dago argi epaile hori armadaren parte ote zen Bellamyren irizpidearen arabera, combatant ala non-combatant. Edota epaile horri aginpidea eman zioten agintariak ere combatant ziren ala ez, hau da, ondoriorik gabe hiltzeko modukoak, ala magnizidioa deituko zion Bellamyk, historikoki gehien penatuta dagoen delituetako bat.

        Heriotza irregularra, beraz, agintariena, edo ez soldadu batena bezain erregularra behintzat. Agintariek erabaki arren militarrak modu erregularrean hiltzen direla, non hilko diren, eta noiz, agintetik urrun normalean. Estatu Batuetako zubiak, esate baterako, nahiko berriak izanik, munduko zaharrenetakoak dira, ez direlako berreraiki behar izan, Europan bezala, Afrikan bezala.

        Uda horretan ordu asko egin zituen hondartzan Begoña Sasietak, Irene Arrias lau urtekoarekin, lehengusinekin, beste ume batzuekin ere bai, Kantarepen batez ere, baina baita Azkorrin ere. XX. mendea baino lehen gutxitan aipatzen da hondartza hori udal artxiboetan, ez zen ohiturarik hondartzarako, ume bat ito dela esateko soilik: Juan Bautista de Astica, arrantzan joan eta bainua hartzeko biluztu eta gero ito zena, 1883an. Uda beroa 1975ekoa, Larrabasterrako hondartzara ere eramaten zuten Irene Arrias, baina gutxiago, aitarekin, Abel Arriasekin, asteburuetan uztailean, Madrilen Felix Egia atxilotu zuten hilabete berean. Cabo Verdek independentzia sinatu zuen uda horretan ere, aitortu egin zion Portugalek... Mozambikek bederatzi egun lehenago, biolentzia askoren ondoren. Gerrilla abiatu zuten mozambiketarrek, ez zioten oraindik terrorismo deitzen.

        Mota horretako indarkeria grabatuta geratu da, bideo ugari dago, grabatuta geratu den bezala António Lobo Antunesen buruan Angolara soldadu bidali zuteneko gehiena. Mozambikeko banderan ere grabatuta geratu da kalashnikova eta aitzurra gurutzatuta, liburu baten gainean, bost puntako izar baten gainean. Irenek bideoak ikusi zituenean oraindik bizi zen Mikhail Kalashnikov, AK-47 armaren asmatzailea, 1919an jaioa. Hamaika domina eman zioten, azkena 2009an, asmakizun horrengatik eta beste askorengatik, gerrarako gehienak. Siberian jaio zen, 2014an hil.

        Urte hartako azaroaren 20an hil zen Francisco Franco Bahamonde ere, agintean 36 urte eman eta gero, zirkinik egin gabe. Marina Zabala, Irene Arriasen amama, hamabi egun lehenago harrapatu zuen auto batek. Irene Arriasek ez zuen galderarik egin, ez zuen esan «Hori erderaz da Ha muerto?». Inoizko gutxien hitz egin zuen amama Marinari buruz, beren-beregi egin izan balu bezala. Galdetu zuen, hori bai, zer zen Gurugú, askotan entzuten zelako etxean, amak, izekok, lehengusu batek.

        Izen horren bidez sartu zen Maroko Marina Zabalaren bizitzan. Baina 38 urte lehenago ere sartu zen, marokoar batek San Ignacio elizatik etxeraino jarraitu zionean... Edo hil baino egun bi lehenago, azaroaren 6an, Hassan II.ak 350.000 marokoar bidali zituenean Mendebaldeko Sahara okupatzera. Martxa Berdea esan zioten.

        Espainia zegoen Mendebaldeko Saharan agintean orduan, kolonia zen, beste izen bat ez ematearren. Sahararrak eurak «gizabanako ez-funtsezkoak» ziren Hannah Arendten esapidea erabiltzeko, lehenago juduak izan ziren bezala lan-esparruetan, geroago tutsiak izango ziren bezala, hutuak, armeniarrak, kurduak. Individuos superfluos gaztelaniaz, jatekoa egunero behar zuten ahoak, epidemiak hedatzen zituztenak. F. Mayor Zaragozak, hamabi urtez Unescoko zuzendari nagusi izandakoak, esaten du historia osoa indar erakustaldia izan dela, «erakustaldi odoltsua», mendeetan herritarrek beren bizia eman behar izan dutela agintean daudenak defenditzeko. Soldaduak gizabanako ez-funtsezkoak dira beraz, hogeita bat urteko umeak batez ere, eta bizitzarako eskubidea galdu dute. Hori erderaz da individuos superfluos... Franco hil eta bi astera hil zen Hannah Arendt, hamalau egun zehatz.

 

 

William Faulkner New Albanyn jaio zen, eta Oxforden hazi zuten, Mississipi estatuan. Aitaren aita, William Clark Falkner, koronela izan zen Estatu Batuetako Gerra Zibilean, hegoaldekoen armadan noski, konfederatuan. Bilobari kontatzen zion ordukoa, ausardia, heroiak, ohorea da hitza.

        Estatu Batuetako gerra modua Bigarren Karlistaldiaren antzekoa izan zen, urte bertsuetan biak, handiagoa hura seguru, formetan antzekoa. Abadeak han ere, erlijiosoak, mojak, esklaboen alde eta esklaboen kontra, apaiz batek bi gizon hilerazi dizkit. Ohiturei eutsi nahi zieten han ere, hegoaldean, euren foruei, konfederatuek, grisek. Ohiturei buruz errazegi hitz egiten zen orduan ere, errazegi ematen ziren ohitura guztiak zaku berean, neurri berean, kontuan izan gabe ohitura desorekatu batek beste asko desorekatu ahal zituela, pentsatu behar zirela ohiturak banan-banan. Inpresioa da, ordea, ohiturak pentsatzen ez direnean, ez direla aldatzen, baina pentsatzen direnean ere ez, aita nuen saltzaile, ama diruen hartzaile.

        Hezkuntza arautuan ez zen ikasle ona izan William Faulkner, ez zuen batxillerra amaitu. Poemak idazten zituen hala ere, marrazketa ere ume gehienek baino gehiago. Walt Disneyrekin lotzen du horrek, ia adin berekoak ziren, itxuraz ere ez oso desberdinak, ilea, bibotea... Gerran egon zen Walt Disney bera ere: esaten da agiriak faltsutu behar izan zituela Disneyk 17 urte beteta zituela adierazteko, hori baitzen gutxieneko adina armadan sartzeko. Anbulantziak gidatu zituen Frantzian eta marrazkiak egiten zituen anbulantzien olanetan, gurutze gorriaren ondoan. Argazki bat ere badago ordukoa... Baliteke hori ere faltsua izatea, 17 urteko agiria bezala. 16 urterekin joan zen, beraz, Walt Disney gerrara, ume gehiago ere egon zen.

        Gazterik hasi zen William Faulkner lanean, mota guztietako lanak, postetxekoa ezagunena beharbada, Mississipiko Unibertsitateko bulegoan. Unibertsitateko irakasle batek salatu egin zuen, ordea: esan zuen Faulknerrek ez zituela eskutitzak banatzen, zakarrontzira botatzen zituela bulegora heldu eta segituan. Irakasleren batek korrespondentzia hartu nahi bazuen, postetxera joan eta Faulknerren paperontzian aztarrikatu behar zuela esaten zen, ehunka gutunen artean. Izan ere, Faulknerrek irakurtzen ematen zuen denbora han ere, ez zien kasurik egiten bulegoan sartzen zirenei, ez zituen atenditzen... Pentsatzen zuen, benetan sinesten zuen, ez zutela eskubiderik berari enbarazu egiteko irakurtzen ari zenean.

        Postetxetik bota zuten noski. Energia elektrikoko instalazio batean hasi zen gero, aitak lortu zion lana. Galdaretako bat zaindu behar zuen, lan handiegia ere ez, tarte luzeak zituen libre. Han barruan idatzi zuen Hilzorian nagoen bitartean, As I Lay Dying. Dinamoa zarataka ari zen etengabe, kontzentraziorako ahalmen handia Faulknerrek. Sei astetan idatzi zuela liburua, hori esan zuen... Irene Arriasek ez zuen sinesten.

        Sigmund Freud irakurrita zeukan galdetu zioten Faulknerri behin, elkarrizketa batean. Ezetz erantzun zuen, ez zuela Freuden lerro bat bera ere irakurri, baina Shakespearek ere ez zuela egin, litekeena zela Herman Melvillek ere Freud irakurri ez izana eta seguru zegoela Moby Dickek sekula ez zuela haren liburu bat zabaldu. Hori zen William Faulkner: bat-bateko erantzuna dirudi, ez da. Haren liburuek ere bat-batekoak ematen dute, eta idazleak berak loditu zuen teoria hori, sei astetan idatzi zuela Hilzorian nagoen bitartean, idazketa automatikoa, automatic writing. William Faulknerren datu faltsuei begira bizi izan zen Irene aldikada batez.

        Gauza da faltsifikazio asko egin zituela Faulknerrek bizi zela. Lehen Mundu Gerra hasi zenean, izena eman zuen armadan, baina ez zituen agiriak faltsutu behar izan orduan, Walt Disneyk bezala: ordurako hogei urte zituen, hogeita bat egiteko, adinik egokiena armadarako. Abiazioan nahi zuen, ordea, gerra-pilotu nahi zuen. Baina Estatu Batuetako abiazioan ez zuten onartu, ez zeukalako ikasketarik. Orduan hasi zen gauzak faltsutzen: Kanadara joan zen, Britainia Handiko Royal Flying Corpsen eman zuen izena. Han ere ez zuten nahi, ez zeukan altuera minimoa; txikia Faulkner, argazkietan bestelako irudia eman arren. Esaten dute biografoek mehatxu egin ziela orduan Kanadako Armadakoei: alemaniarren alde egingo zuela gerra han onartzen ez bazuten. Esan zien Europara seguru joango zela, alde batera edo bestera... Ipar Amerikan ez zegoen gerrarik orduan ere.

        Onartu egin zuten azkenean Kanadako Royal Flying Corpsen, baina pilotu izateko trebakuntza osoa egin baino lehen amaitu zen gerra, Europara joan aurretik. Hegazkinak zaindu zituen Faulknerrek batez ere, konpondu, garbitu, Amerikan bertan. Etxera itzuli zenean, hala ere, Gerra Handiko bataila batean baino gehiagotan egon zela uste izan zuten herrikoek, ingurukoek, urte askoan. Faulknerrek berak loditu zuen teoria hori ere: herren egiten zuen. Europan zauritu zutela, hori pentsatzen zuten batzuek, hogeita bat urterekin. Hogeita laurekin irakurri zuen Irene Arriasek As I Lay Dying, ingelesez, Faulknerrek idatzi eta 65 urtera, errefuxiatu hutuak etengabe gaixotzen ari ziren bitartean.

 

 

Irene Arrias izekoren etxera bidali zuen amak 1980ko apirilean. Egun batzuk egin behar zituen han, izekorekin, osabarekin, lehengusinekin, Villamonten, etxetik hurbil, baina ez horren hurbil ume batentzat. Beste ume batzuekin ibili behar zuen kalean, beste kale batzuk... Egun on asko egon zen 1980ko apirilean, 20 gradutik gorakoak ere bai, eta ordu asko egin zuen Irene Arriasek kalean, beste lagun batzuekin, beste jolas batzuk.

        Apur bat markatuta zegoen Irene Arrias Villamonteko umeentzat, ez zelako hangoa, goragokoa zen, Telletxekoa, tren-geltokikoa. Kontra egiten zioten apur bat, zozketetan, jolasetan; pozten ziren beste batek irabazten zuenean, gogor egiten zioten kanpokoa izateagatik, baina ez gehiegi ere, eroso egoten zen oro har. Ez zioten barre egiten, hori inoiz ez, nahiko modu arinean egiten zioten kontra... Irene Arriasen izateko modua ere ez zen erraz-erraza orduan ere; berehala hurbiltzen zen besteengana, hori bai, ezezagunak izan arren, nagusiagoak izan arren, ez zuen arazorik... Taldeetan sartzen zen, taldeetara egiten zen, baina ez zuen taldeak esaten zuen guztia sinesten, ez zuen taldearena egiten. Ideiak argi orduan ere, nortasuna zurruna beharbada, umearena, Telletxeko umearena.

        Apirilaren 11n Villamonteko kaleetatik atera ziren Irene Arrias eta beste hiru ume. Ez ziren handik askotan irteten, baina egun horretan Algortako goiko parterantz egin zuten, tren-geltokirantz. Ireneren etxe ondotik pasatu ziren halako batean, Juan Bautista Zabala kaletik sartu ziren gero, «Juan Bautista Zavala» oraindik beharbada. 500.000 pezeta baino gehiago utzi zituen Juan Bautista Zavala e Icazak herriarentzat, arazoak zituzten emakumeentzat, umeak eskolatzeko. Izen bereko eskola egin zuten bertan, eta hori da gero erre zuten lehena, ez dagoen arren oso argi zergatik, Algorta erdi-erdian dagoelako beharbada.

        Zabala kaletik sartu ziren, beraz, lau umeak, Irene Arrias eta beste hirurak, mutil bakarra, bederatzi urtekoak gehienak baina hamar urteko neska bat. Kalea ez da luzeegia ere, estua, eta makinekin jolasteko areto bat zeukan bazter batean, bideo-jokoak, billarrak; sinpleak bideo-jokoak 1980an, beteta beti hala ere, Gaspar hango gizona. Eskola aurrean jarri zuen Gasparrek negozioa noski... Juan Bautista Zavala e Icazak ez zuen pentsatuko, zenbat ordu umeak han, tabako usaina. Garaje itxura zeukan makina-gelak, atea ere garaje batzuena bezala zabaltzen zen, tailer batzuena bezala, ez zeukan leihorik. Askotan hondatzen ziren bideo-jokoak 1980an.

        Irene Arrias eta besteak ez ziren Villamontetik igo hara sartzeko, tabakoa, bideo-jokoak, baina sartu egin ziren. Guztiak ez: hiru sartu ziren, kanpoan geratu zen Irene. Eskumako oin-zola eta ezkerreko sorbalda jarri zituen atearen kontra, aurrera begira, kanpoan. Denbora asko egin zuen itxaroten, ez zuen besterik egin, pentsatzen aritu zen: ez zela Villamontetik atera hara sartzeko, beste leku batera joan behar zutela, gero eta denbora gutxiago zeukatela. Iluntzen ari zen, ez zuen ulertzen zergatik ez ziren lagunak irteten, ez zekien bideo-jokoetan jolasten ari ziren ala ikusten baino ez. Denbora guztian aritu zen pentsatzen ez zirela Villamontetik horretarako igo.

        Luze egin zitzaion Irene Arriasi, asko pentsatzeko astia izan zuen, iruditu zitzaion denbora gehiegi egin zuela itxaroten. Atera ziren lagunak azkenean, ez zioten kontatu jolasten aritu ziren ala ikusten... Iluntzen ari zen baina nahikoa zen argia oraindik. Berehala heldu ziren kalearen amaierara. Bi lekutatik sar zitekeen etxe abandonatura: Juan Bautista Zabalatik edo ondoko kaletik, errepide ondokotik, Avenida del Ejércitotik. Urte hartan bertan aldatu zioten kaleari izena, 1980an, baina Begoña Sasietak hamarkada bat baino gehiago jarraitu zuen Avenida del Ejército esaten, 1992ra arte.

        Etxe abandonatuak inskripzioa ate nagusian, guztiek bezala, Villa América, askok bezala. Izenetan ere topikoak, palmondo bat lorategian, zuhaitz gehiago, palmondo bat baino gehiago beharbada. Etxea inguratzen zuen harresiak kristal zatiak zituen goiko partean, ebakiak egiteko moduan, kontuz ibili behar zuten Irenek eta besteek, bazekiten nondik zen errazago.

        Etxeak hiru solairu, behekoa eta beste bi; askotan igotzen ziren goikoetara. Egurrezkoak eskailerak, zulo handiak zituzten, ustelduta egurra, beheko zorua ikusten zen eskaileretako zuloetatik. Askotan hausten ziren egur zatiak umeak igotzen zirenean, eta beheraino jausi. Kontuz ibiltzen ziren gehienetan, ez beti... Hori da umeen burua, horiek dira umeen burmuinaren koordenatuak, ezin direla hil, eskaileretako zuloak euren gorputzak baino handiagoak izan arren, lau metro baino gehiago egon arren eskaileretatik beheko solairura. Korrika igotzen ziren batzuetan, borrokan, zauriak egiten zituzten, odola uzten zuten etxearen egurrean, baina ezin ziren hil.

        Apirilaren 11 hartan ere goiko solairuetara igo ziren Irene eta besteak, askotan egiten zuten. Lehenengo solairuan mutil batzuk zeuden, harritu egin ziren, inoiz ez zuten etxe barruan inor ikusi. Tupustean topatu zituzten: hiru izan zitezkeen, gehiago ere bai, Irene baino nagusiagoak, ez asko. Zer egin behar zuten ez zekitela geratu ziren hasieran, batzuk eta besteak, ez zuten etxe barruan inor espero, baina berehala hasi ziren mutilak hitz egiten, seinale ona. Batek esan zuen katu batzuk topatu zituztela, Irene eta besteak ikustera eraman zituen.

        Harlauza apurtu asko zegoen gelako bazter batean, muino txiki bat. Harlauzen artean, gainean, azpian, oihal zatiak, izarak, errezelak. Oihal artean zeuden katuak: kumeak, jaioberriak. Mutilek esan zuten ez zeukatela amarik, ez zuten katuen ama ikusi. Abandonatu egin zituela amak, etxe hartara eraman zituela abandonatzera, leku ona zela kumeak abandonatzeko, hori erabaki zuten mutilek. Irenek ez zituen katuak ukitu, beste guztiek bai, txandaka. Mutiletako batek esan zuen ama barik hil egingo zirela kume guztiak, apurka-apurka, asko sufrituko zutela. Erabaki zuten halako batean ezin zituztela bizirik utzi, sufritzen, hil behar zituztela kume guztiak, ez sufritzeko, sufritzen ez jarraitzeko, hurrengo orduetan, hurrengo egunetan.

        Behera jaitsi ziren Irene Arrias eta besteak, mutilen bat ere bai, lorategira. Sasia ia guztia, harri apurtu asko. Harrizko zorua osorik zegoen zati batzuetan, etxe inguruan batez ere, itaxuraren azpian. Mutil nagusietako bi balkoira atera ziren orduan, lorategitik ikusi zituzten Irenek eta besteek. Katuak lepotik hartu eta balkoitik behera bota zituzten, banaka, harrizko zoruaren kontra, ahal izan zuten indar handienarekin. Katuetako bat ez zen lehen kolpean hil, odoletan zegoen baina bizirik, pauso minimoak ematen zituen, sabela ere gora eta behera nekez, ilea tentetu egiten zen saihets inguruan, arnasaren estuagatik beharbada, odolarengatik beharbada. Berriro igo zuten balkoira, berriro bota zuten harrizko zoruaren kontra.

        99 egun geroago inauguratu ziren Olinpiar Jokoak Moskun, uztailaren 19an. Han ere jarraitu zuen biolentziak, Estatu Batuetako Gobernuak boikota eginarazi zien euren kirolariei, Gerra Hotza noski, eta munduko beste kirolari askori ere bai. Gobernu askok jarraitu zion Estatu Batuetako administrazioari, men egin zion, berrogeita hamar batek. Interes ekonomikoak, interes belikoak ere bai beharbada, gauza bera ez bazen. Atleta asko geratu zen Olinpiar Jokorik gabe, aurrekoetan gazteegiak zirelako, Munich, Montreal; hurrengoetan, Los Angeles, Seul, sasoia galduta zutelako, lesionatuta zeudelako.

        Hogeita hamar urte geroago hitz egin zuen Irene Arriasek Olinpiar Joko haietaz lagun errusiar batekin, Olga Kulaginarekin, Olga Txeshkova ezkondu aurretik. Matematikaria, Moskuko burtsako langilea, Irene bera baino nagusiagoa Olga. 1980rako lizentziatuta zegoen, ondo gogoratzen zituen Olinpiadako egun haiek. Esan zion Ireneri Moskun bizi ziren guztiek egin behar izan zutela lan Olinpiadetarako aurreko hilabeteetan, guztiek, eraikinak egiten aritu zirela. Olga bera, Matematikan lizentziatua ordurako, hotel erraldoi bat egiten aritu zen, adreilua, porlana.

        Orduko Moskun bizi zirenei, ordea, gauza bat jakitea interesatzen zitzaien beste guztiaren gainetik: zalantza egiten zuten, ez zuten ulertzen agintariek zer emango zieten jaten kanpotik etorritako jendeari, atletei, entrenatzaileei, kazetariei. Olga Kulaginak zioen orduko Moskun patatak baino ez zirela jaten, ez zegoela besterik. Geroago jakin zuten Finlandiara joan zirela agintariak, jateko gauza exotikoak erosi zituztela, Coca-Colak ere bai. Gehiena kirolarientzat, kanpotarren hoteletarako, estadioetarako: denda arruntetara ere heldu zen zati minimo bat, ikaragarri garesti, artean Coca-Cola botila bat ikusi gabeak ziren errusiarrak. Lagun batek anana bat ere oparitu zion Olgari egun haietan, auskalo nondik atera zuen. Lankide guztien artean jan zuten, gauez.

        Olga Kulaginak azken gauza bat kontatu zion Ireneri Olinpiada haietaz: esan zion kirolariak gerrako heroiak bezala tratatu zituztela aldikada batez, dominak irabazi zituztenak noski, betiko moduan, armadan, goi karguetan, olinpiadetan, baina ahaztu egin zituztela gero berehala, soldadu mailatuak, ume mailatuak, miserian hil zela asko, alkoholizatuta.

        Urte hartan bertan, Irene Arriasek 9 urte egin eta astebetera, otsailaren 1ean, ETAko talde batek guardia zibilen konboi bati egin zion eraso, tiroka eta granadekin, segada egin zion Ispasterren, Lekeitioko errepidean dio orduko prentsak. Armaz betetako ibilgailu bat ari ziren eskoltatzen, hondartzara bidean, armak probatzera. ETAko kide bi hil ziren, guardia zibil guztiak, seiak. Horrela sartu zen Ispaster izena haien munduan, haien familiakoen munduan, Marina Zabalarenean Gurugú sartu zen bezala, marokoarrak, musulmanak, beste kultura bat, inguruari erreparatzeko beste modu bat, Ispaster. Yemenen entrenatu ziren urte hartan ere ETAko berrogeita hamar bat kide; beste kultura bat, beste mundu bat, palestinarren FPLPk lagunduta. «Berun-urteak» izena hartu zuten ordukoek, atentatu asko egon zen, bi aldekoak, hildakoak ere inoiz baino gehiago beharbada, Irene Arriasek lehen jaunartzea egin zuen.

        Azken urteko katekesia San Nicolás elizako parrokia-etxean hartu zuen Irene Arriasek. Katekistek ez zekiten euskara baturik, existitzen zenik ere ez beharbada. Eskertu egiten zuten umeek, iruditzen zitzaien horrek bereizten zituela ikastola eta katekesia. Jaungoikoari, apostoluei, goiaingeruei bizkaieraz eginarazten zieten, apostrofeekin, azentu-markekin r letren gainean.

        San Nicolás elizako abadeak bizi ziren parrokia-etxean: don Jesús, don Martín, don José Miguel. Askotan joan zen don José Miguel Irene Arriasen etxera 1980an, Abel Arrias bisitatzera. Baina beste abade bat ere bizi zen parrokia-etxean: don Juan. Don Juan Gorostiaga Bilbao, Filosofian eta Teologian doktorea, Pariseko Hizkuntzalaritza Elkarteko kidea, Euskaltzaindikoa, Etimologian aditua, Eskritura Santuetan ere bai. Resurreccion Maria de Azkueren hiztegiari sarreretako bat egin zion, Babiloniako literatur antologia bat idatzi zuen 30 urte bete barik, hainbat liburu argitaratu zuen, linguistikakoak gehienak, historiakoak. Irene Arrias bataiatu zuen 1971n.

        Lehen jaunartzea baino aste batzuk lehenago katekesi lekua aldatu zuten, parrokia-etxetik Portu Zaharreko mojen ikastetxera. Don José Miguel bera joaten zitzaien batzuetan umeei, don Jesús ere bai. Antzeztu egiten zuten jaunartze eguna apaizekin. Hamaiketan hasten zen katekesia, zapatuetan, askozaz lehenago joaten ziren umeak. Mojen ikastetxe inguruan ibiltzen ziren, ondoko bedartzara igotzen ziren euria egin arren. Aldizkari pornografiko batzuk topatu zituzten han, katekesia hasi baino apur bat lehenago. Beste ezeri ez bezala begiratu zieten argazkiei, faloak, titiburuak, hankarte irekiak, euriak bustita bazeuden ere, guztiz zimurtuta. Irene Arrias izan zen katekesira heltzen azkena, besteak baino denbora apur bat gehiago egin zuen aldizkariekin. Maiatzaren 20an egin zuten gehienek lehen jaunartzea.

        Hiru egun lehenago egin zuen Sendero Luminosok lehen atentatua Perun, Chuschi herrian, ez zen hildakorik egon. Urte bereko abenduan, ordea, 24an, data ere ez da kasualitatea, etxalde batera sartu, jabea kolpeka hartu, belarriak ebaki eta hil egin zuten. Egun bi geroago txakur hilak zintzilikatu zituzten zutoinetatik Limako hirigunean. Poliziak pentsatu zuen dinamita zeukatela txakurrek tripetan, baina kartelak baino ez zeuden: Deng Xiao Ping, Hijo de perra. Santiago Roncagliolo idazleak dio bere bizitzako lehen oroitzapenetako bat dela txakur eskegiena, bost urte bete berriekin.

        Irene Arriasek denbora luzean erabili zituen buruan etxe abandonatuko katuak, odola, ileak likistuta, arnasa. Hurrengo egunean, esaterako, apirilaren 12an, ohean begiak ireki eta gogoratu zuen lehenengo gauza izan zen lehen kolpean hil ez zitzaien katua, nola hartu zuen mutilak lepotik berriro botatzeko, nola zikindu zuen eskua.

        Egun horretan bertan jo zuen estatu-kolpea Samuel Doek Liberian, baina hamar urte geroago harrapatu zuten matxinoek, 1990ean. Kolpatu egin zuten, torturatu, belarriak ebaki eta hil. Une horietako grabazio bat ere badago, eta interneten ikusi zuen Irene Arriasek urte batzuk geroago. Bideo zatiak daude, inoiz ez osorik, galdeketa luzea izan zen.

        Zati batzuetan ahots arruntez hitz egiten du Samuel Doek, arrazoiak ematen ditu, ematen du prestatuta daukala zer esan nahi duen... Beste batzuetan, baina, behera begira dago, biluzik, ahots motela, belarrien lekuan odol-bide batzuk, tantaka odola masailetatik, sorbaldetatik. Militar batzuk ditu atzean, batek aiztoa du eskuan, odolez noski. Igartzen da indarrak ahitzen ari zaizkiola Samuel Doe presidenteari: nekez hitz egiten du, ura botatzen diote soldaduek burutik behera lantzean behin, apur bat suspertzeko. Itsasoko ura dela ematen du, txalupa baten ondoan daude... Izan ere, ez da ur garbia, ugerra ere ez baina ez guztiz gardena; zikinkeriak ditu, belar zuri moduko bat geratu zaio Samuel Doeri betileetatik zintzilik, eskumako begian. Idatzita dago minutu gutxi barru hilko dutela eta grabazioa etengabe ikusi zutela Monrovian eta Liberia osoan urte hartan.

        Hiru astegarrenera itzuli zen Irene Arrias izekorenetik etxera, maiatzean. Amak ez zion gauza handirik esan, oso isilik egon zen, gauzaren bat egiten beti, sukaldean, bainugelan. Etxea apur bat desberdina iruditu zitzaion Ireneri hainbeste egun eta gero. Aita ez zegoen ohean, ez zegoen sofan. Iruditu zitzaion apur bat mugituta zegoela sofa, leihotik hurrago, hormatik milimetro batzuk bananduta. Sofa horretan eserita eskatzen zion aitak Ireneri tabako bila joateko, dirua ere sofaren goiko partean uzten zion. Alabak dirua hartu eta tabakoa erostera joaten zen noski, amaren gordean, Morrongo tabernara, tren-geltokiko kantinara batzuetan, medikuak ez erretzeko agindu zion arren. Irenek bazekien aitak ezin zuela erre, ama ez zegoenetan eskatzen zion aitak tabakoa. Beti joaten zen Irene.

        Izekoren etxetik itzuli zenean, ia inoiz erabiltzen ez zituen zapata batzuk janzteko esan zion amak Ireneri. Aitaren hileta-elizkizunera joan ziren gero, izekorekin, lehengusinetako batekin. Don José Miguelek esan zuen meza, eta aldarearen ondoan, eskuman, don Juan Gorostiaga zegoen jesarrita, besaulki granate batean.

 

 

Irene Arrias behin joan zen aitarekin zinemara, behin baino ez, bost urterekin, 1976an, bost urte bete eta hurrengo udazkenean. Algortako Gran Cinemaren aurreko zabalgunean sasiak, ate handi bat ere bai, pelikulak iragartzeko panela, ugertuta bazterretan. Marcelino, pan y vino pantailan, László Vajda hungariarrarena. Protagonistak sei urte zituen pelikula filmatu zutenean, Irene Arriasek baino hilabete batzuk gehiago. Umetan baino ez zen aktore izan, ingeniaritza ikasi zuen gero, esaten da alderdi komunistakoa izan zela. Pelikulak ez zuen hainbeste markatu beraz, Jesukristorekin hitz egiten egon zen arren, ogia eman zion arren eskura.

        Irenek eskorpioiak gogoratzen zituen pelikula hartatik beste edozer baino gehiago; «alacrán» esaten zuten pelikulan umeak eta fraideek. Joseba Sarrionandiak «arrubio» esan zien eskorpioiei poema batean, eta bere lagun hilak aipatu zituen, eta ur zikineko bainuontzietan behin eta berriro ito zituztenak, aurretik itotakoen ileak, gonbitoak eta zigarrokinak ur-azalean. Samuel Doeren sufrimendu bera, baina kameraz grabatu gabe.

        Irene Arriasek uste zuen basamortuan bizi zela Jesukristori ogia ematen zion pelikulako ume hura: eskorpioiak, alakranak, arrubioak. Baina Gaztela zela jakin zuen gero, pelikularen zuri-beltzean nabaritu ezin zen arren. Eskorpioiak beltzak ziren, distiratsuak ia, harea zuria. Ziztada bakarrarekin hiltzen zuten pertsona, buztanean pozoia, buztana gorantz bildua, arinak, uste baino arinagoak. Pelikula ikusi eta lau urte eskas geroago hil zen Abel Arrias.

        Pelikula Algortan eman zuten urte bereko apirilean, Fronte Polisarioak sahararrentzat aldarrikatutako independentzia onetsi zuen Ruandako Gobernuak, hutu etniakoa orduan. 20 urte geroago hutu horiek eurak zeuden sahararren egoera berean, errefuxiatuentzako kanpamentuetan, Goman, Ineran, Kashushan. RFPko militar tutsiak Ruandan sartu eta berehala, hutu askok egin zuen alde, milaka. Interahamwe milizietan ibilitakoak ziren asko, hiltzen ibili zirenak, baina umeak ere bai, gehiago beharbada. Milaka hil zituzten bideetatik, umeak ere bai. Edouard Kabagemak kontatzen du etengabe ikusten zituztela hildakoak bideetan, kanpamentu batetik bestera joaten zirenean, eta usainaren arabera zekitela hildako berriak ala zaharrak ziren.

        Kontatzen du baso txiki baten ondotik pasatu ziren batean, hildako berrien usaina sumatu zuela. Zuhaitzetara hurreratu eta prakak apur bat jaitsi zituen... Militarrek txiza egiten ari zela pentsatzea nahi zuen, txarto tratatzen zituzten begiratzera hurreratzen zirenak. Lau hildako ikusi zituen... Gizonezko batek bala bat zeukan bularrean, ondo jantzita gizona, betaurrekoak eta bibote txiki bat, intelektuala behar zuela ondorioztatu zuen Edouard Kabagemak. Emakumezko bat zeukan ondoan, ondo jantzita hura ere, eta ume bi, bikotearen semeak ia seguru. Eskuak atzean lotuta zituzten guraso biek. Kanpotik ikusita, inpresioa da Samuel Doek ez zuela familia horrek baino askozaz gehiago sufritu, Gaddafik berak ere ez, NBEk ikerketa eskatu arren.

        Marie-Béatrice Umutesik kontatzen du aita errefuxiatu batek aste gutxiko umea abandonatu zuela bidean emaztea hil zitzaionean eta urte biko semearekin jarraitu zuela kanpamentuetarantz. Ezin zituen biak eraman, txikiak bularra behar zuen. Beste ama baten bularra izango zuen buruan aita hark seguruena. Ondo troxatuta utzi zuen umea, epeletan, pertsona asko hil zituen hotzak.

        Umutesik kontatzen du askotan banatzen zirela familia ruandarrak orduan Zaireko kanpamentuetan, erbeste horretan, militar asko zituztelako beti atzetik, RFPkoak, Zaireko Armadakoak, matxino banyamulengeak, ihesi ibili behar izaten zutela beti, korrika beti. Errefuxiatuak Ruandara bidali nahi zituzten militarrek, itzularazi nahi zituzten, ez zituzten Zairen nahi. Baina hil ere egiten zituzten batzuetan bidean, kanpamentuetan, itzularaztea konplikatua zenean, arriskua ikusten zutenean. Hondatuta zeuden kanpamentu asko beraz, gehienak beharbada, militarrek hondatuta. Eta errefuxiatu talde batek pentsatu zuen kanpamentu berri bat antolatu behar zutela, baina baso batean, baso sarri batean. Ahalegina ere egin zuten, ezin: jatekoa falta, botikak, sua. Handik irtetea erabaki zuten orduan, baina bidera heltzen ziren bakoitzean, basoaren mugara, hildakoak topatzen zituzten baso inguruko bidean, hildakoen hesi bat, hildakoen sare bat, gorpu bat bestearen gainean, hutuak usteltzen, soldaduek hilda. Beldurtu egiten ziren, hildakoen sarearen kontra egiten zuten talka, atzera egiten zuten beti, basora. Usteltzen ari ziren lagun asko ikusi zuten errefuxiatu hutuek orduan.

        Urtebete geroago, Irene Arriasek sei urte bete eta ia hilabetera, 1977ko otsailean, lehenengoz joan zen aitarekin eta aitaren lagunekin tabernetara, erronda egitera Algortatik, Hormaza, Boga-boga, Aldatza. Irenek mustioa edaten zuen, Coca-Colarik ez, ume bakarra zen. Tabernek ez zioten nazkarik ematen aitarekin joaten zenean, makinetan ere sartzen zituzten txanponak batzuetan. Aspertu egiten zen Irene, ez zitzaion tabernetan egotea gustatzen, baina aitarekin joan nahi izaten zuen.

        Otsail horretan bertan prestatu zuten ERPkoek Argentinan Jorge Rafael Videla diktadorearen kontrako atentatuetako bat. Lehergailu bi jarri zituzten aireportuko pistan, pista azpian, Carrero Blancorenean bezala. Txikia komandoaren ideia bera, sofistikatuagoa beharbada. Izan liteke argentinarrek kontuan hartzea Carrero Blancorena: ERPko fundatzaileen artean Enrique Gorriarán eta Benito Urteaga zeuden, jatorri euskaldunekoak, Mario Roberto Santucho ere bai. Lehenengo lehergailuak ez zuen eztanda egin; bigarrenak bai, baina hegazkina airean zegoenean, urrun. Planifikatuta zegoena baino lehenago atera zen.

        Desagertu asko egon zen Argentinan Videlaren garaian, ezaguna da, helikopteroetatik, hegazkinetatik botatzen zituzten gorpuak, gorpu izan baino lehen ere bai beharbada, Río de la Plata, injekzioez ere hitz egin da. Kamioietara sartu baino segundo batzuk lehenago jartzen zituzten injekzioak, kamioian hiltzen ziren, errazago eramaten zituzten pertsonak horrela hegazkinetara ESMAtik, Escuela de Mecánica de la Armada. Izenak ere hartu ditu esanahi berriak: mecánica, escuela de. Han egiten zituzten galdeketak, mota guztietako galdeketak, fisikoak ere bai.

        Uruguaiko itsasbazterrean agertu ziren gorpu batzuk ezustean gero. Floreal Avellanedak, esate baterako, lotuta zeuzkan eskuak eta oinak, urratuak uzkian, hala azaldu zuen Rodolfo Walshek. Videlak berak lotsarik gabe hitz egin zuen horri buruz 2001ean: No, no se podía fusilar, esan zuen, argentinarrek ez zituztelako erraz irentsiko fusilatuak, egunero fusilatuak, lau, hamar, hiru... 30.000ra heldu arte. Había que desaparecerlos, frantziarren irakaspena, es lo que nos enseñaban los manuales de represión, en Argelia, en Vietnam. Zalantzak ere izan zituztela aitortu zuen Videlak, hildakoen zerrendak argitaratzeko egon zirela. Atzera egin zuten azkenean: Si se dan por muertos, enseguida vienen las preguntas que no se pueden responder: quién mató, dónde, cómo.

        Urte bereko apirilaren 30ean bildu ziren lehenengoz Buenos Aireseko Plaza de Mayon desagertuen amak, Irene Arriasek inoizko sukarrik altuena izan zuen arratsaldean, 42 ºC. Nabarmen larritu zen Begoña Sasieta, medikuari etxera etortzeko eskatu zion. Eztarria baino ez, hori esan zuen José Raluy medikuak.

        Urte bereko abenduaren 10ean desagerrarazi zuen junta militarrak Plaza de Mayoko lehen ama, Azucena Villaflor, apur bat lehenago semea desagerrarazi zuen bezala. ESMAn torturatu zuten, semea bezala beharbada, Escuela de Mecánica de la Armada berriro, itsasora botatzeko gero hegazkin batetik. Santa Teresita inguruan agertu zen hainbat gorpu sasoi hartan, hondartzak, bainuetxea, golf zelaia.

        Hurrengo urtekoak dira Irene Arrias aitarekin bakarrik agertzen duten lehenengo argazkiak, zuri-beltzean. Usategin daude, esku bietatik dauka helduta aitak alaba. Kanoi-bateria jarri zuten Usategin XVII. mendean, frantziarren barkuak sartuko zirela uste zutelako, horren beldur ziren. 1898an Gerra Ministerioaren esku geratu zen Algortako Usategi; Estatu Batuen kontrako gerran ari zen orduan Espainia, eta kanoi berri bi jarri zituzten Usategiko baterian, handiak, handiegiak. Gutxitan erabili ziren, lar handiak etxeen ondoan egoteko, kristal guztiak apurtzen zituzten. Galeara eraman zituzten azkenean... Gerra ez zenetan, San Nicolás eliza atarian gordetzen ziren.

        Usategitik Jeneratxura jaitsi ziren aita-alabak, hangoak dira hurrengo argazkiak. Ondo jantzita biak: aita beti bezala, alaba normalean baino hobeto. Futbol mundiala jokatzen ari zen Argentinan une hartan, gero eta desagertu gehiago, hegaldiak Río de la Platan. Argentinako selekzioak berak irabazi zuen mundiala, Passarellak altxatu zuen kopa. Víctor Basterra presoak argazki batzuk egitea lortu zuen ESMA barruan, ezkutuan atera zituen gero. Irene Arrias eta aitaren azken argazkiak María Cristina parkean egin zituzten.

        Urte bereko abenduan hil zuten Angelun Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala, ETAko arduradun nagusietako bat. Auto azpian eztandarazi zioten lehergailua, Carrerori bezala. Esan izan da identifikazio hori bilatzen ari zirela seguruena, egun horretan bertan betetzen baitziren bost urte Txikia komandoak almirantea hil zuenetik, eta Argala zen komando hartako bat. Triple Ak hartu zuen bere gain atentatua ondoko egunetan, edo Batallón Vasco Españolek, ez dago argi, berdin dio, ez dio berdin, mertzenarioak, poliziak, funtzionarioak, ez du ematen gauza merkea izan zenik.

        Hurrengo urtean tirokatu zuen halako beste talde batek, talde berberak beharbada, Jose Manuel Pagoaga Peixoto, Angelutik ez hain urrun ere, Donibane Lohizunen. Larri zauritu zuten, ia itsu geratu zen, 1979ko urtarrilaren 13an, Irene Arriasen zortzigarren urtebetetzea baino 12 egun lehenago. Jose Manuel Pagoaga izan zen sei urte lehenago Eustakio Mendizabal Txikiarekin hitzordua zeukana Algortako tren-geltokian, Irene Arriasen etxetik hamalau metro eskasera, hil zuten egunean.

        Bada interneten bideo bat, Irene Arriasek bulegoan ikusten hasi eta etxean amaitu zuena, Eustakio Mendizabal Txikiaren egun hartako Algortako ibilbidea berregiten duena. Pertsona batek, kamera eskuan, Txikiak ibili zuen guztia berregin zuen 2011n. Bertsio bat da noski, Algortako kaleak ez daude berdin: etxe berriak, belar gutxiago, trena bera ere ez dago, metroa da 2011n. Bideoaren arabera, Txikiak ez zuen mendirantz egin, Berango alderantz. Kontrakoa ere bai: Telletxera sartu zen, kale artera, jende artera. Irene Arriasen etxe ondo-ondotik pasatu behar izan zuen bertsio hori egia balitz, etxe atari aurretik. Urte bi zituen Irenek orduan, kalean egon zitekeen, bazkaltzen eguerdia bazen, lo ere bai.

        Trenbideko barreretaraino joan zen Txikia Telletxetik gero, Salsidutik jaitsi zen, Villamonteko atzeko partetik joatea erabaki zuen, Arenetik, orain Guardia Zibilaren koartela dagoen kaletik. Bueltaka ari zen, konturatu gabe... Bideoak dio ikastolatik hurbilen dagoen aldatsetik jaitsi zela gero, baina Irene Arriasen lehengusuaren arabera ez zen horrela izan, bertsio hori hor okertzen dela, eurek ikusi zituztela poliziak korrika eta askozaz lehenago jaitsi zirela: San Martín elizako aldatsetik. Eliza egiten ari ziren orduan, garabiak, porlan-zakuak... Kontatzen du Irene Arriasen lehengusuak leherketa bat entzun zutela lehenengo, leherketa moduko bat, eta berehala ikusi zituztela poliziak gero, talde bat. Ile luzeekin poliziak, arraro egin zitzaien, kaleko jantzita. Auzoko andre batek kontatzen du gazte bat ikusi zuela apur bat lehenago korrika, aldats behera zihoala, ahotsa larrituta, Apártese, señora, que me matan.

        Jose Manuel Pagoaga Peixoto, egun hartan Txikiarekin Algortan elkartu behar zuena, Donibane Lohizunen tirokatu eta urtebetera hil zen Abel Arrias, Irene Arriasen aita. Txarto eta arin tratatu zuen minbiziak. Botikak Belgikatik ekarri behar izaten zizkioten.

 

 

Hamar urte zituen Irene Arriasek 1981ean, gorputzak ere eman zizkion lehen nahigabeak. Urtebete zuen aita gabe, tabako bila joan gabe, aitaren kea usaintzen zuen oraindik etxeko hainbat tokitan, sofan, sukaldean, piparena askotan. Etxera eraman zuen aitaren pipa Irene Arriasek ezkondu zenean, bizarra egiteko brotxa ere bai.

        Antonio Tejerok eta besteek estatu-kolpea saiatu zuten urte hartan, Irenek berak ere ikusi zuen grabazioa 10 urterekin. Idatzi izan da kolpea jo zutenek 200 izeneko zerrenda zeukatela euskal herrietan fusilatzeko, ETAk José María Ryan bahitu eta hil zuen, Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari nagusia, zentraleko lanak gelditu egin zituzten, Poliziak Joxe Arregi atxilotu, torturatu eta hil zuen. Juan Kruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoi pintoreak atera zuten Joxe Arregiren hilkutxa hilobitik, gorpua hilkutxatik, arropak kendu zizkioten eta argazkiak egin. Torturatu egin zutela frogatu nahi zuten, torturek hil zutela. Gorputz-atal guztiak mailatuta zituela ikusten da argazkietan, 1981eko otsailean.

        Orduan gaixotu zen larri Irene Arriasen osabetako bat. Asteak egin zituzten familian esaten txarto zegoela, hiltzeko zegoela, egun batetik bestera hilko zela. Irene Arriasek asko estimatzen zuen osaba, beste inor baino gehiago beharbada familian, baina pentsamendu arraro bat izan zuen egun haietan, deserosoa, erdaraz, bere erdara estuan: Si tiene que morirse, que se muera ya. Ez zuen jakin nondik etorri zitzaion esaldi hori, askotan damutu zen gero. Ez zuen modu kontzientean egin noski; etorri egin zitzaion, aitaren faltak eragin zion beharbada. Gerra Zibilean egondakoa zen 1981eko apirilean hilurren zegoen osaba, osaben arteko bakarra gerran. Irene Arriasek ez daki nola libratu ziren besteak, adin berekoak ziren.

        Francoren tropek Bilbo hartu zutenean, Asturiasera egin zuen osabak, beste askok ere bai, mendietara, ez zituen inork ikusi behar. Kobazuloetan egiten zuten lo, loreak jan zituzten, gosea eta hotza normalak baino askozaz handiagoak. Halako goiz batean esnatu eta hilda topatu zuen Irene Arriasen osabak bere ondoan lo egiten zuena. Erabaki zuten orduan nahiago zutela preso, ez zutela horrela hil nahi. Herrira jaitsi ziren, bidetik jateko zerbait eskatu zuten etxe bakandu batean, berdin zien ordurako nork ikusten zituen. Etxeko andrea goitik behera izutu zen, ez zuen gorriekin ezer nahi, ezin zuen gorriekin ezer izan: elizak erretzen zituzten, fusilatu egiten zituzten abadeak, alkateak. Baina etxeko atea ixteko zegoenean, Ama Birjinaren domina ikusi zion osabari saman: ¿Dónde robaste eso? Ez zuela lapurtu osabak, nola lapurtuko zuen halako gauza bat, amak jarri ziola umetan. Orduan aldatu zuen andreak, pentsatzeko ahalegin bat egin zuen, pentsatu zuen badirela beste errealitate batzuk, jatekoa eman zien, lo egiteko leku bat ere bai, biharamunean jaitsi ziren herrira, berehala atxilotu zituzten.

        Zazpi urte egin zituen gero Irene Arriasen osabak gerran eta preso, arin esaten da, gerra hiru urte eskasekoa izan zenean. Kartzelan egon zen, lan-esparruetan, lanik gogorrenak. Beste leku askotan egon zen, baina kontatzen zuen bonbak desaktibatzen egin zuela denbora gehien: lehergailu asko geratu zen gerra ondoren, behar zen unean eztanda egin ez zutenak, pertsonen kontrako minak ere asko, desaktibatu behar ziren, edo eztandarazi. Horregatik bidaltzen zituzten presoak, eztanda egiten bazuen ere zer, alferreko ahoak ziren, individuos superfluos, Hannah Arendtek azaldu zuen.

        Irene Arriasen osabak hurbiletik ezagutzen zituen armak, txikitatik beharbada, zorte hori izan zuen: arma-fabrika zeukan familiak Eibarren. Ondo moldatu zen lehergailuekin, bakar batek ere ez zion ondoan eztanda egin, ez zuen galdu gorputz-atalik, begirik, odolik. Metraila zati beltz bat zeukan ezkerreko belaunean, hori bai, berrogei urte geroago ere, 1981ean hil zenean, parkinson. Baina bonbak desaktibatzen ari zela libratu egin zen, zorte hori izan zuen. Etxera itzuli eta berehala ezkondu zen Irene Arriasen izekorekin.

        Kontatzen zuen Irene Arriasen osabak etxe abandonatu batera bidali zutela sasoi hartan, lehertu gabeko bonba bat zegoela etxe barruan, bilatu behar zuela, desaktibatu gero. Etxea goitik behera miatu zuen, sukaldea, bainugela, logeletan armairu guztiak zabaldu zituen, kontu handiz, zazpi armairu guztira, apalak, soinekoren bat oraindik, liburu gutxi, zirrikitu asko etxeak, zoko asko, guztietan begiratu zuen. Edozein momentutan ukitu ahal zuen ukitu ezin zen gauzaren bat, edozein momentutan leher zitekeen zerbait.

        Azken logelara sartu zen, ez zegoen armairurik, mahaia, ohea, hiru aulki. Mahaiak ez zeukan tiraderarik, apurtuta zegoen aulkietako bat. Oherantz egin zuen, behar baino kontu txikiagoz altxatu zuen koltxoia: pertsona baten hezurdura osoa ohe azpian, etzanda. Apur bat mugitu ziren hezurrak koltxoiaren mugimenduarekin, hezur txikiren bat, zarata minimoa egin zuten. Baten bat ezkutatu zen han gerran, ez zuen gero irteteko indarrik izan, han hil zen, han usteldu zen, kiratsarekin, Ygazko asto illac, aurten lurruna, dio 1596an bildu zuten esapide batek, Iazko asto hilak, aurten lurruna. Ruandan bezala, euskal herrietan bezala, edonon bezala.

        1981ean parkinsonak hil baino aste batzuk lehenago oraindik gogoratzen zuen Irene Arriasen osabak hezurduraren posizioa, oraindik erakusten zuen belauneko metraila zatia. Urte berean hil zen Telesforo Monzon, Eustakio Mendizabal Txikiari kantua idatzi ziona, hil zutenean, Algortan, 1973ko apirilaren 19an, Irene Arriasen etxe ataritik pasatu eta minutu batzuk geroago.

 

 

 

© cc-by-sa Unai Elorriaga

 


www.susa-literatura.eus