Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

BORDATXO

 

Oraindik ez du argitu, baina buruz daki non finkatu behar duen hanka, eta kontent heldu da bidexkan barna, saltoka. Esku batekin zakoteari kontzen dio, barrenean ekarki duena ez galtzeko. Bakarrik da, gaueko lana egin ondotik lagun bakoitzak bere aldera jo duelako. Alemanak mugatik desagertu zirenetik aisaxeago dabiltza. Bidean pixka bat entretenitu da. Hiru amuarrain ttiki ebatsi dizkio, bat-banaka, Larun aldetik heldu den erreka jostariari. Bi hosto zabaletan bildu ditu, zintzilik duen poltsan sartu baino lehen. Kilika egin diote bizkarrean, handik eskapatzeko eginahalak egiten, aireak ito dituen arte. Martinbaitako neskatxa gazteari erregalua egin nahi dio, azkeneko aldian bezala. Harri bat botako dio leihora, problemarik ez dutela izan adierazteko, eta askaren ondoan utziko dio oparia.

        Herriko lehenbiziko etxeetara ailegatu da. Zutoin luzeen muturrean, argi pizar bat ematen duten bonbilla ahulak itzaltzeko desiotan daude, eguna lo emateko. Zazpiak kuarto gutti jo dute elizako ezkilek, berak nahi duen bezala. Fabrikako langileak orain hasiko dira agertzen. Kuartel paretik pasatzean ez dira harrituko jendea ikusita.

        Iamoteneko atean xakur bat auriaka ari da negarrez. Haren ondoan bulto ilun bat ikusi du bankuaren gainean. Gorputz bat da, harri gainean etzinda. Ez da mugitzen. Aurpegia ukitu dio eta ikaratu da, hormaturik baitago. Antzualdeko meategian aritzen den Juan Pedro da. Inarrosaldi bat eman, eta gizona marmarka hasi da. Berriz ere zirikatu du, eta noizbait ere begiak ireki ditu, kostata. «Zer ari haiz hemen? Erituko haiz! Hoaie etxera lo egitera!».

        Gizona daldaraka dago eta motel egiten du solas. Andretako nahi lukeen neskarekin zita zuen bezperan, ilunabarrean, baina ez zitzaion agertu. Hark ez zuen usteko hau etorriko zela. Orain jakinen du Juan Pedrok ez ziola burla egin nahi. «Benga, hoaie etxera!» erran dio berriz, eta gizon engainatua goiti aldera abiatu da ttaka-ttaka sekula hutsik egiten ez dion lagun ilezuarekin.

        Joxemarik aitzinera segitu du. Lepo aldean hotza sumatu eta txaketaren lepoa goiti egin du. Langile batzuek bizikleta gainean aitzindu dute. «Aiooo, lesakarra!», erran dio batek. Inork ez dio galdetuko zertan dabilen tenore horretan.

        Ez du beldurrik izateko motibo handirik, baina ezin ditu nerbioak arras uxatu bere baitatik. Berako herria nahitaez gurutzatu behar du, bururen buru, eta gero geltokiko zubia ere bai, Alkasoroko bide segurua hartzeko. Bertze obrero multzo koxkor bat joaten ikusi du orain. Bide zuzena dute han urrun ageri diren lantegiko tximinia luzeetaraino. Kamioa ez da txoil zelaia, malda pixka bat egiten baitu goiti. Hiru gazte euren arteko karrera egiten doaz, pedalei abaila emanez. Beteranoek bertze patxada bat dute, xixtuka, solasean edo zigarroa erretzen.

        Katu batzuk futaka eta zalapartaka sumatu ditu bazterreko ezpel batzuen artean, eta bat-batean hanken ondotik pasatu zaizkio lasterka. Lehenbiziko bat, eta haren ondotik bizpahiru gehiago, hura harrapatu nahian bezala. Ikareria joan zaiolarik, irri egin du. Otsaila!

        Elizako erlojuan zazpiak. Ilun segitzen du, baina klarezia pixar bat ageri da mendien hegian eta herria ernatzen ari da. Bada mugimendua Gazteluenean. Etxearen aitzineko aldean sarrera zabala dute, eta bertan etxola bat eta iratze meta. Ez du gelditzeko gogorik, baina nagusia mahuka hutsik agertu zaio, laneko erreminta eskuan.

        — Ze habila, Joxemari? Fabrikan hasi haiz edo ze?

        Gizonak ez daki solas egiten bere ttaka bota gabe.

        — Bai, oraintxe, azienda guziak saldu, eta ofizinetan hartuko ote nauten!

        Zaharrak baietz egin du buruarekin, baina «Bai, to!» erran nahi du.

        Heia barreneko argia biztua dago, eta etxekoandrea ikusi du zerbaitetan ari dela. Nahitaez segitu behar du solasean.

        — Gaur ere baduzue besta klaseren bat...

        Zerria hil behar dutela erran diote. Isidororen esperoan daudela, hark sartuko baitio nabala animaliari. Horrekin nahikoa iruditu zaio.

        — Sarri etorriko naiz jeneroa probatzera.

        — Etorri, etorri lasai! Zerbait ere hartuko duk!

        Bi gizonek irri egin dute, eta gazteak adio keinua egin dio baserriko nagusiari.

        Berrehun bat metro bertzerik ez du falta zubira ailegatzeko, eta Marikarmen etorri zaio kaskora. Maindire epeletan lo imajinatu du. A ze ustekabea hartu behar duen aska ondoan zer utzi dion ikustean! Ez da ohartu ilunpetatik begi batzuek ikusi dutela. Ez dira katuarenak. Eta diz-diz hori ez da ipurtargiarena.

        Jeronimo guardia zibilak gau osoak ematen ditu erne. Ezin jakin zerk galarazten dion loa. Gaur ere hortxe dago, manta bizkarraren gainean, etxeko eskaileretan jarrita, esku batean zigarroa eta bertzean izpiritu botila. Pentsamendua bertze lur batzuetan edukiagatik, oinez pasatu den mutil segail hori Joxemari Bordatxo dela erran dio daukan arrazoi exkaxak. Bi aldiz pentsatu gabe, airean joan da eskailerak goiti, fusila hartzera.

        Gaztea ikaratu egin da gibeletik etorri zaion oihu zakarra aditzean.

        — ¡Alto o disparo!

        Besoak altxatu, eta poliki-poliki bueltatu da. Hogei bat metrora ikusi du eltzetzua. Arma besagainean du, begia kanoiaren lerro berean, eta behatza katuan.

        — ¡No te muevas que te pego un tiro! ¿Qué llevas en esa bolsa?

        Zerbait kontestatu nahi du, baina ezin. Tximista batek jo du kopetan eta hutsaldi beltz bat zabaldu zaio buru barrenean. Ez daki nork aginduta, baina jira egin eta lasterka hasi da.

        — ¡Para, que si no te mato! —aditu du Gaztelueneko nagusiak zerritegiko ataka irekitzen hasi denean. Hiltzera kondenatu duten zerrama ederrak ere beharriak altxatu ditu.

        Mutilari argitasuna etorri zaio berriz ere kaskora. Zubira ailegatzeko falta dituen segundoak kontatzen hasi da. Ondotik segika duen gizonaren lasterrak eta maldizioak aditzen ditu. Badaki ez duela inola ere harrapatuko; ez, ordea, su egiteko kapaz izanen ote den.

        Danba!!! Herri osoan aditu da tiro soinua. Baita Alkasoron ere. Martinbaitako leihoko kristala kexatu da, kraska!

        Hankek ustekabean zola falta dela sumatu dute, eta gaztearen gorputza lurrera erori da, mendebalak bota duen arbola balitz bezalaxe.

        Berako guardia zibilen kuarteleko Jeronimo G. segituan ailegatu da azken hatsa ematen ari den mutilaren ondora. Kaguendioska hasi da, «Hijo de puta, te lo merecías, por hijo de puta...». Deabrua ageri da haren begietan. Horrelaxe iruditu zaio Gaztelueneko nagusiari, istanteko bertan baita bera ere. Azienda-hiltzailea haren ondotik etorri da, ezin sinetsiz ikusten ari dena. Hagitz ezaguna du lurrean dagoen gizona, «Bordatxo! Bordatxo da! ¿Qué le has hecho? ¿Cómo has hecho tiro contra un hombre sin armas?». Oihuka hasi zaio eltzetzuari, eta bere besotzarrak erakutsi dizkio, lepotik hartu nahi baitu. Fabrikako jendea agertu da orduan lasterka, zer gertatu den jakin nahirik, eta Isidoro azkarraren eta guardia zibilaren artean sartu dira, odol gehiago ez isurtzeko. Aranibarren etxean leiho bat zabaldu da, eta emakume batek eskuarekin ahoa tapatu du, garrasia itzaltzeko.

        Beran eta Alkasoron agudo zabalduko da berria, baita Lesakan ere, baina Seierrietatik aparteko inor gutxik jakinen du goizaldean mutil gazte bati kulparik gabe kendu diotela bizia. Biharamunean, 1950eko otsailaren 11n, egunkarietan ez da haren gaineko lerro bakar bat ere idatziko.

        Martinbaitan ez dute Marikarmen alaba gaztea kontsolatzen ahalko.

        Gaztelueneko zerrama ederrak egun bat gehiago disfrutatu du bizien artean, eta inguruan barna ibilki ziren katu gosetu batzuek euren artean borroka egin dute latz, indartsuenek Larungo errekako hiru amuarrain ttiki jan dituzten arte.

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Taberna

 


www.susa-literatura.eus