Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Naufragoa eta kupela

 

Hanka bat mantapean, kanpoan bestea, lo dago Balbina. Lo dago gaua ere txakur-ahausi ezean. Eta itsasoa lo dago gau lokartuaren baretasunean. Argitxoa baino ez dago akordata, Balbinaren eskatzean, olio gainean erre eta erre gau osoan, defuntuen arimen entretenigarri. Amata egin da defuntuentzako argia. Txakurren ahausiek akorda eragin dute Balbinaren etxeko txakurra ere, eta etxekoandrea akordata dago, oraintsu arte lo egon den gau iratzartu berrian. Itsasoa ez dagoela lo pentsatu du bere artean eta ikaratu egin da eskatzeko lanparila amatata ikusi duenean. Itsasoan zeozer txarra egingo delakoan dago eta, eneka, piztu egin du atzera ere defuntuentzako argia. Txakurra zelan isildu eragin, aldiz, ez daki. Kalteren bat izango da itsasoan.

        Errekatxoaz beste aldeko oilarraren lehen karkara gorriak goiz argia eztenkatu orduko portuan dago Donato. Karkara, odolaren bustitasunaz melata heldu zaio belarrietara Donatori. Portura sartu ezinik dabil bapora hor aurrean. Barra txarto dago. Beste parrokianoak heltzen diren era berean errepikatu egiten dira berbak. Penaz, makal, txarto, oker, ez dago zer eginik. Zelan altzatu ote duen haize hau, atzo hain bare egon denean; hara, txakurrak ere ahausika hasi dira zoroak legez eta. Txopuetatik dena ikusten da baina, ezin ezer egin. Itsaso handia dago.

        Hamaikak aldera hondora joan da bapora, hiru lau bidarrez barrako haitzen kontra jota. Euririk gabeko unadetan haize gogorregiak jotzen izan du eta haizerik gabeko unadetan zerua behera etorri legez jausten izan da euria. Holan bada, ezin ezer egin baporeko gizajoei laguntzearren. Ermitako kanpaiak jotzea ere, zertarako? Nongoa ote den bapora, ez da beste berbagairik egon itsasoa baretu artekoan. Itxuraz, giputza, batek; ondarrutarren antza hartzen diot nik ba, besteak. Arratsalderako baretu egin da itsasoa.

        Barrako gurutzeari lotuta topa dute bat. Baporetik salto egiten jakin du horrek. Ez da beste inor, ez bizirik ez hilda ikusten inguruotan. Dena dela irten egin dira, kristinauren bat geratu ote denentz bizirik, han edo hemen, portutik hiru bapor. Inasek ikusi du lehenen morroia. Hara, hara! Ez duk ikusten han, Ogoñon, seinaleak egiten?

        Abante Ogoñorantz! Oraingorako denek ikusten dute. Alkondara edo eragiten du buru gainean, Ogoñoko hormako zuloetariko batetik morroiak. Karajo, hara zelako lekua topa duen horrek, Martzelok txiskeroari ezer atera ezinik dabilen artean. Hurreratu ahala garbiago dute naufragoa. Gaztea ematen du. Horrexek salbatu du hori, gaztetasunak. Trankil, txo, bagoaz eta. Kontuz hurreratu dira hormara, olatuak dagoz eta. Salta egik uretara, geuk hartuko haugu eta. Bildur barik!

        Harrituta geratu dira Martzel eta Inas, biak, uretara bota, kupeltxoa bota duela, bota ere, ikustean. Hartu egizue barrila. Ze barril eta barilondo, txo, salta egik uretara, ezin gaituk hormazpira hurreratu eta. Horretxek barrilak salbatu eustak bizia, bai?, eta hori barik ez noiak inora. Aiba dios, morroi hori burutik dago. Txo, salta uretara, ze karajo! Morroiak ezetz, haretxek barrilak salbatu diola bizia eta bera ez doala inora barrila, zorioneko barrila, beragaz eroan barik. Azkenean altza egin behar uretatik barrila, eta orduan salta morroiak uretara, altza motorrera eta umeak amari baino sendoago morroia barrilaren inguruan besoak, barrilari atxikia, pegata legez. Eta halantxe porturaino. Hura barrila, hura dela berarentzat Ama Birgina eta santu guztiak, ze harexek salbatu diola bizia eta.

        Modestoren gurdian ikusi du joaten Pedro Marik barrildun morroia, alboko herrirantz, trena hartzeko bertan. Modestoren alboan jezarrita, hankartean kupela, zerura begira begiak, zoroarenak legez, beste mundukoa eman dio naufragoak mutikoari; ez du, haatik, ziurregi jakin infernukoa ala zerukoa, zein mundutakoa.

        Hurrengo domekan sermoi gogorra egin du parroko jaunak. Barrako gurutzeari eutsita salbatu zenak promesa egin ei zion Donieneri eta halaxe joan ei da, Gaztelugatxeraino, oinutsik, meza entzuten. Bestea berriz, ai bestea, kupelak salbatu duena sinestuta, ez da elizara hurreratu ere egin. Gizajoa! Jainkoaren zigorra —a, zelako berbak parroko jaunak— izango duela ziur. Hurrengo baten kupelak ere hondora joateko aginduko ei du gure Jaunak, eta pekatari handi hori ito egingo ei da. Une honetan atzerantz begiratu du Pedro Marik abadeak hola egitea debekatuta daukan arren. Arimen altareko koadroari begira geratu da mutikoa. Bertan ikusi du naufragoa, barrilari eusten, sugar itzelen artean. Su hartu du barrilak halako batean eta eskutsik geratu da laster naufragoa. Koadroaren goikaldean aingeruak tronpeta jotzen hasi dira. Ekaitza noiz ekarriko, ez dagokigula geuri jakitea, Jainkoari baino, eta era berean heriotza. Purgatoriora baino ez dela joango naufrago koitadua harrokeria alde batera utzita, Jainkoari eskertzen badio bizitza salbatu diolako. Pedro Marik purgatorioko sugarrezko itsasoan hondora jausten, barril barik, halaxe ikusi du Modestoren gurdian alboko herrira, trena hartzearren joan dela diote, joan den begi zoratudun hura.

        Marmita euki dute jateko etxean Balbinak eta. Mahaira jezarrita, ez du ezer jan gura izan Pedro Marik, ha naufragoa ifernura joaten ikusi duela berak eta. Hara zelako gauzak ikasten dituen umehonek elizan eta hobeezbada joaten. Tira ba! hobe zeu ere noiz edo noiz konfesaten joango bazina. Hondatu egin zaie bazkaria Inasi eta, umearen ala amamaren ganorabakokeriagatik ez daki umearen aitak. Azkenean etxeko txakurrak eta katuak, erdi bana egin dute kazularan geratu dena.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus